Energia nuklearra murriztea «oker estrategikoa» izan zela dio Von der Leyenek

Erreaktore modular txikiak sustatzeko estrategiaren gako batzuk eman ditu Europako Batzordeak, eta berrehun milioi euroren bermeak iragarri.

Emmanuel Macron eta Ursula von der Leyen, gaur Parisen, IAEAko zuzendari Rafael Grossirekin. ABDUL SABOOR / EFE
Emmanuel Macron eta Ursula von der Leyen, gaur Parisen, IAEAko zuzendari Rafael Grossirekin. ABDUL SABOOR / EFE
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 10a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia krisiak abagune aproposa izan ohi dira energia nuklearraren defenditzaileentzat. Eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ez du alferrik galdu aukera. «Europaren oker estrategikoa egin zen isuri gutxiko energia iturri fidagarri eta eskuragarritik aldentzea», esan du gaur. «Energia nuklearraren biziberritze global bat ikusten ari gara, eta Europak horren parte izan nahi du».

Adierazpen horiek Parisen egin ditu Von der Leyenek, hain zuzen, Frantziaren eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arteko goi bileran. Bere mintzaldian, Europako Batzordeko presidenteak azaldu du zein diren SMR erreaktore nuklear modular txikiak sustatzeko EBren estrategiaren gakoak.

Halako erreaktoreetan inbertsioak sustatzeko, finantza bermeetan 200 milioi euro jarriko ditu EBk, eta karbono dioxidoa isurtzeko eskubideen merkatutik hartuko da diru hori. Teknologia berria 2030erako martxan nahi dutela gaineratu du Von der Leyenek.

%15

Energia nuklearrak argindar sorkuntzan duen pisua. Von der Leyenek eman du datua gaur: 1990. urtean, energia nuklearraren bidez sortzen zen argindarraren heren bat Europako Batasunean. Gaur egun, argindarraren %15 sortzen da.

Europako Batzordeko buruaren arabera, energia nuklearra eta energia berriztagarriak dira bidea erregai fosilen inportazioen mendekotasunetik askatzeko. Bi iturri horiek independentzia energetikoa bermatuko lukete, hornikuntza segurtatu, eta kontinentearen lehiakortasun industriala bultzatu, «betiere inbertsio gehiago egiten badira sare elektrikoetan, biltegiratze ahalmenean eta energia merkatuaren malgutasunean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA