Enhol taldeak ehun milioi euro inbertituko ditu Costa Rican parke eoliko bat eraikitzeko

Costa Ricako Naiad Renovables enpresarekin lankidetzan bultzatuko du proiektua. 43,2 megawatteko potentzia edukiko du, eta etorkizunean argindarra salerosteko aukera izango du.

Tuterako Enhol taldeak Cabanillasen duen parke eolikoa. ENHOL
Tuterako Enhol taldeak Cabanillasen duen parke eolikoa. ENHOL
joxerra senar
2026ko apirilaren 9a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioartera hedatzeko orduan, «urrats estrategikoa» egin du Nafarroako Enhol taldeak. Costa Ricako Guanacaste probintzian, 43,2 megawatteko potentzia izango duen parke eoliko bat eraikiko du, hango Naiad Renovables enpresarekin elkarlanean. Ehun miloi euro inguru inbertituko dute, eta Amerikako Garapen Bankuak 47 milioi euro mailegatuko ditu.

Lankidetza akordio horretan, Enhol taldeak %55eko partaidetza izango du. Behin eraikita, San Miguel parke eolikoak argindarra salerosteko kontratua izenpetuko du Coopelesca enpresarekin. «Segurtasun juridikoa bermatzen du, eta esparru egokia ezartzen du inbertsio iraunkorrei begira», azaldu du Tuterako enpresak prentsa ohar batean.

Gonzalo Oliver Enholeko zuzendariaren arabera, Costa Rica «merkatu egonkorra da, energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, eta hazteko ahalmen handia du luzarora begira». San Miguel egitasmoa lehen urratsa izango dela aurreratu du, eta gehiago etorriko direla. 

Horregatik, Naiad Renovablesekin hitzartu duten aliantza estrategikoaren balioa azpimarratu du, bien artean energia berriztagarriak sortzeko plataforma eraiki nahi dutelako.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA