Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresak inoiz baino handiagoak dira, bai behintzat batez besteko langile kopuruari erreparatuz gero. Confebaskek ikerketa sakona egiten du urtero, eta, haren arabera, 2025eko urtarrilean EAEko enpresek 6,55 langile zituzten batez beste. Estatistika horrek inoiz neurtu duen kopururik handiena da, eta 2024ko urtarrilekoa baino %0,14 handiagoa.
Enpresen batez besteko tamaina laugarren urtez jarraian hazi da, eta, azken hamar urteetako joera aztertuta, bilakaera agerikoa da: 2015ean batez besteko langile kopurua 5,31 zen, eta hamar urtean %23,9 handitu da kopurua. Bilakaera horrek izan zuen salbuespen bakarra 2021ekoa izan zen, pandemiaren eraginez.
Bost urtean, 250 langiletik gorako enpresen kopurua %15 handitu da: %0,20tik %0,23ra
Enpresa elkarteek sarri aipatzen dute tamaina handitzearen garrantzia, hori sendotasun zentzu baita. Halaber, Confebaskek bere txostenean nabarmendu du harreman zuzena dagoela enpresa handi gehien eta biztanleko BPG handiena duten herrialdeen artean. Horiek horrela, laguntza administratibo eta fiskalak eskatu dituzte enpresak handitzea eragin dezaketen eragiketak errazteko: xurgaketak, fusioak…
Langile kopuruarena, baina, ez da handitzea islatzen duen estatistika bakarra. Duela bost urte, %0,20 ziren enpresa handiak, hots, 250 langiletik gorakoak, eta orain, berriz, %0,23 (+%15); orain bost urte, langile guztien %31,94 zeuden halako enpresetan, eta gaur egun, %33,50. Ertainak ere ugaritu dira (50-250 langile): %1,12tik %1,24ra, eta langileen %18,96tik %19,22ra.
Handienak, industrian
Enpresa txikiak ere ―10-49 langilekoak― ugaritu egin dira 2020az geroztik: %5,99 ziren lehen, eta %6,80 orain; lanpostuen %20,05 biltzen zituzten lehen, %20,85 gaur egun. Orduan, zeintzuk gutxitu dira? Mikroenpresa direlakoak, bederatzi langile baino gutxiagokoak: %92,7ik %91,7ra, eta lanpostuen %29,05etik %26,43ra. Azken datu hori esanguratsua da, langile multzo osoaren %3 baita.
Enpresari elkartearen txostenak sektorekako galbahea ere egin du, eta hor Nafarroako datuak ere jaso ditu. Langile gehien duten enpresak industrian daude: 33,76 langile enpresako Nafarroan eta 26,22 EAEn. Alderatzen jarrita, Espainiako batezbestekoa 22,18 da. Zerbitzuetan, berriz, EAEko enpresek 12,78 langile dituzte, eta Nafarroakoek 12,10; eta eraikuntzan, EAEkoek 7,21, eta Nafarroakoek 6,75.
Â