Enpresei abisua: «Ezer ez da betirako»

Nazioarteko ekonomiaren inguruko jardunaldi bat antolatu dute Adegik eta Kutxabankek, eta bertan izan da Javier Revilla. Kontzientzia hartzeko beharra aldarrikatu du, eta abantaila lehiakorrak aurrera egiteko erabiltzearen beharra azpimarratu.

Isabel Busto, Javier Revilla eta Anton Arriola, gaur, Adegik eta Kutxabankek antolatutako jardunaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Busto, Javier Revilla eta Anton Arriola, gaur, Adegik eta Kutxabankek antolatutako jardunaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2026ko azaroaren 25a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arazoa zein den jakiteko, hura bilatu behar da, eta etengabe bilatzen ari denak ziur aurkituko du arazorik. Xede horrekin antolatu dute gaur Adegik eta Kutxabankek ekonomiari buruzko gosari bat, eta bertan izan dira enpresen ordezkaritza zabal bat eta agintari politiko ugari ere. «Gaur erantzunak baino gehiago galdera onak bilatzen ditugu», azaldu du Isabel Busto Adegiko presidenteak. Ekonomiari dagokionez, Gipuzkoa bere historiako momenturik onenean dagoela esan du, eta horrek «erronka handiak» dakartzala.

Enpresa gehienek egoerari eusten dioten arren, Bustoren arabera, beharrezkoa da kontzientzia hartzea, eta galderak egiten jarraitzea. Nabarmendu du Gipuzkoaren BPGaren %35 esportazioetatik datorrela, eta gaur egun joko zelaia erabat aldatu dela nazioarteko zatiketaren ondorioz. Enpresak eraginak pairatzen hasi dira: hirutik batek atzerakada bat izan du, eta eskaera zorro ahula. Hortaz, lehen galdera bota du Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak: «Zer egin behar du gure herrialdeak lehiakorra izaten jarraitzeko buruz behera jarri den mundu honetan?».

Hortik aurrera, Javier Revillak hartu du hitza, Koloniako Unibertsitateko geografia ekonomikoko katedradunak. Alemaniako egoeraren inguruan mintzatu da, eta hori ulertarazten eta Gipuzkoara ekartzen saiatu. Jokalekua aldatzen ari dela berretsi du: «Hamarkadetan zehar, munduko ekoizpena galdera baten baitan antolatzen zen: non ekoitzi daiteke efizienteago?». Baina haren arabera galdera horrek garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren, jada ez da nahikoa, eta beste hainbat gauza ere hartu behar dira kontuan orain.

«Kontua ez da dena etxean ekoiztea, baizik eta mendekotasun kritikoak identifikatzea eta alternatiba sinesgarriak eta egokitzeko gaitasuna garatzea»

JAVIER REVILLA Koloniako Unibertsitateko geografia ekonomikoko katedraduna

«Kontua ez da dena etxean ekoiztea, baizik eta mendekotasun kritikoak identifikatzea eta alternatiba sinesgarriak eta egokitzeko gaitasuna garatzea», zehaztu du. Hala ere, aitortu du enpresek ez dutela lan erraza. Munduko potentzia handiek duten lehia dela-eta, enpresek erabaki oso konkretuak hartzera behartuta daudela esan du, eta erabaki horiek bereziki zailak direla enpresa txikienentzat.

Baina premisa «kontzientzia hartzea» dela ohartarazi du Revillak. Txinaren hazkundean jarri du azpimarra, eta esan jada ez dela «kostu baxuko lantegi bat»; gauzak asko aldatu direla urte gutxian: «Munduko talentuek jada ez diote AEBei begiratzen soilik, Txinari ere begiratzen diote, maila berean. Gazteek jada ez dituzte auto europarrak bakarrik nahi, txinatarrak ere nahi dituzte».

Autogintzaren krisia

Alemanian bizi izaki, autogintza hizpide izan du Koloniako Unibertsitateko katedradunak. Esplikatu du nola autogintzako enplegua %5,8 jaitsi den Alemanian, bereziki Txinak sektorean lortutako aurrerapenarengatik, baina baita automatizazioarengatik ere. Egoera hori ikusita, autogintza enpresek hiru bide ezberdin hartu beharko lituzketela erantsi du: Txinan duten industria ahalmenari eustea, merkatuak dibertsifikatzea, eta balio kateak banan-banan aztertzea.

Revillaren arabera, herrialdeek indar «gehiegi» jartzen dute «atzoko industria babesten», eta horren ordez, etorkizuneko enpresak garatzearen beharra nabarmendu du: «Industriei iraganean izan zirenagatik soilik eustea ez da bide zuzena. Egiturazko aldaketa bat behar da; aldaketa hori naturala da ekonomian».

Galdera-erantzunak

Galdera ugari utzi ditu Revillaren hitzaldiak —hori baitzen jardunaldiaren helburua—, eta blokeka sailkatu ditu galderak moderatzaileak. Defentsaren alorraren inguruan mintzatu dira hasteko. Hain zuzen, galdetu diote Europako herrialdeek defentsa gastuak handitu izana «hazkunde motor» bihur daitekeen euskal enpresentzat, zentzu horretan «dibertsifikatzeko» aukera mahai gainean jarriz. «Diru asko inbertitzen da defentsan, eta hori positiboa izan daiteke enpresentzat. Tragikoa da, baina baditugu abantailak alor horretan», erantzun du Revillak.

(ID_16667976) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-11-25, Donostia. Adegi-Kutxabank jardunaldiak
Agintari politikoak, gaurko lan gosarian, Donostiako Maria Cristina hotelean. GORKA RUBIO / FOKU

Beste hainbat arlo ere izan dituzte mintzagai: adimen artifiziala, energia, gizartearen haserre orokortua, etxebizitza eta ultraeskuina, besteak beste. Hain justu gai horiek nola aldatu diren esan du Revillak, agintari politiko eta enpresari asko aurrean zituela, baita bere ustez zergatik izan den ere: «Asko hitzeman zen, baina gauzak ez dira horrela etorri».

Hori dela eta, gogoeta bat utzi du katedradunak, hainbat esparrutara heda daitekeena, baita enpresen mundura ere: «Ezer ez da betirako; abantaila lehiakorrak izatea ez da iraunkorra, baina erabil daiteke. Indar historikoak erabili aurrera egiteko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA