Enpresei likidezia errazteko zerga neurriak hartu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek

Irango gerrak eragindako ziurgabetasunean, «oxigenoa eta likidezia» eman nahi dizkiete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei, eta zergen inguruko neurriak hartu dituzte. 540 milioi euroko eragina ere izan dezakete neurriek.

Ramiro Gonzalez, Eider Mendoza eta Elixabete Etxanobe, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ramiro Gonzalez, Eider Mendoza eta Elixabete Etxanobe, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
Donostia
2026ko apirilaren 1a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ziurgabetasuna ez da ona ekonomiarentzat. Eta ziurgabetasuna da nagusi ehun ekonomikoan, Ormuzko itsasartera begira eta gasolindegiko prezioei begira dagoela. Egoera horretan, enpresa txikiei ziurtasuna eskaini nahi diete Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako aldundiek, eta neurriak hartu dituzte enpresa horiek datozen hilabeteetan likidezia izatea errazteko. Gaur aurkeztu dituzte neurriok diputatu nagusiek, Elixabete Etxanobek, Eider Mendozak eta Ramiro Gonzalezek.

Hala, bost dira neurriak: zerga zorren geroratzeak; PFEZaren konturako ordainketak salbuestea; amortizazio aurreratua aktibo berrientzat; kenkari handiagoak enplegua sortzeagatik; eta BEZaren itzulpen epeak laburtzeko ogasunen konpromisoa.

Aldundiek kalkulatu dutenez, enpresek erabilgarri izango dituzten neurri horiek guztira 540 milioi euroko eragina izan dezakete hiru ogasunen kontuetan: 282 milioi Bizkaian, 103,5 Araban, eta 155 milioi Gipuzkoan. Ukrainako gerran hartutako neurriek izan zuten erabileran oinarrituta egin dute aurreikuspena.

232

 

Espainiaren neurrien eragina aldundien bilketan, milioi eurotan. Bada beste kopuru bat ere ogasunen kontuetan ziur islatuko dena: Espainiako Gobernuak hartutako neurriena. Irango gerraren harira, Sanchezen gobernuak erregaien BEZa %21etik %10era murriztu du, eta jaitsi egin du energiaren sorkuntzaren gaineko zerga ere. Murrizte horien ondorioz, guztira 232 milioi euro gutxiago bilduko dituzte aldundiek martxoaren 22tik ekainaren 20ra artean: murrizketa 125 milioikoa izango da Bizkaian, 71 milioikoa Gipuzkoan, eta 36 milioikoa Araban.

Eskaririk ez oraindik

Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, enpresak oraindik ez dira hasi aldundiek emandako erraztasun horien eske, eta horren bilakaeran ikusi beharko da noraino luzatzen den krisia. Aldundiek «ehun ekonomikoa babestu nahi dute, likidezia eta oxigenoa eman, baldin eta egoerak hala eskatzen badu».

Ideia hori berretsi du Gonzalezek ere. Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu nahi izan du Kontzertu Ekonomikoari esker direla aldundiak halakoak egiteko gai. «Ezin gara egon hemendik milaka kilometrora gertatzen eta erabakitzen diren gauzetan, baina badugu ahotsa, eta batez ere ahalmena, krisi horiei aurre egiteko».

Etxanobek, berriz, gogoratu du ziurgabetasunez betetako egoera berriaren aurretik, enpresen aurreikuspenak onak zirela, bai inbertsioetarako, bai enplegua sortzeko ere. «Neurri hauen helburua, hain zuzen, bultzada horri eustea da; inbertsio eta kontratazio erabaki horiek geldi ez daitezen laguntzea eta ziurtasunak ematea ziurgabetasun ingurune batean».

Deflatazio handiagorik ez

Mendozak azaldu duenez, diputazioek «gertu egon» nahi dute. «Gertu bere bi esanahietan: gertu enpresen ondoan eta gertu prest, baldin eta egoerak hala eskatzen baldin badu, laguntzeko eta babesa eskaintzeko».

Etor daitekeenari begira, errenta zergan aurten indarrean dagoen %2ko deflatazioa handitzea pentsatu duten hala ez galdetuta, ez Mendozak eta ez Gonzalezek ez dute aukera baztertu. Hala ere, azpimarratu dute azken zerga erreformak dagoeneko babes handiagoa ematen diela familiarik zaurgarrienei.

NEURRIAK

  • Zerga zorrak salbuespenez geroratzea. Pertsona fisikoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek zerga zorrak atzeratu ditzakete interesik sortu gabe. Geroratze honek sei hilabete iraungo du, eta zorra lau kuotatan zatituko da, baldin eta eskaera hurrengo hiru hilabeteetan egiten bada.
  • PFEZaren ordainketa zatikatua egitetik salbuestea. Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak salbuetsita egongo dira konturako ordainketa zatikatuak egitetik, baldin eta ordaintzeko epea foru dekretua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan amaitzen bada.
  • Aktibo berrien amortizazio azeleratua. 2026ko ekitaldian eskuratutako aktibo berrientzat amortizazio azeleratu bat (%150) aplikatu ahal izango da.
  • Enplegua sortzeagatik kenkari gehitua. Enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkaria handituko da; kontratu mugagabeengatik %35ekoak izango dira orokorrean, eta %45ekoak gazteak eta emakumeak kontratatzeagatik.
  • BEZaren itzulketak bizkortzea. Foru aldundiek konpromisoa hartu dute BEZaren itzulketen tramiteak arintzeko eta epeak laburtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA