Zenbat iraungo du Iranen kontrako erasoaldiak? Mundu osoa, literalki, hori noiz argituko zain dagoela, gatazkaren lehen inpaktu ekonomikoei aurre egiteko neurriak hartzen hasi dira gobernuak.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, adibidez, 1.047 milioi euro arterainoko neurriak iragarri zituen joan den ostiralean, eta haiek xehatu zituzten atzo hiru sailburuk —Mikel Jauregik, Mikel Torresek eta Noel D’Anjouk—, Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan.
«Nahiz eta gure herritik geopolitika ezin dugun kontrolatu, erreakzionatu dezakegu gure enplegua, gure industria eta gure poltsikoak babesteko», esan zuen Jauregi Industria sailburuak. Haren arabera, hasieratik konturatu ziren Ekialde Hurbilekoa ez dela gatazka urrun bat. «Azken urteetako mehatxu energetikorik eta logistikorik handiena da. Eta haren iraupenak zehaztuko du egingo digun kaltea».
Gatazkak kalterik handiena egin diezaiekeen sektoreetara hedatuko dira enplegu alorreko zenbait programa, eta sektore horietan aldi baterako erregulazioan dauden langileentzako osagarri bat izango da: hilabeteko 150 eurokoa lanaldi osoko kontratua dutenentzat, betiere urteko soldata gordina 20.000 eurotik beherakoa duten beharginentzat.

Enpresentzako laguntzetan, berriz, nabarmentzekoa da Elkargirekin eta bankuekin batera Jaurlaritzak zabalduko duen 450 milioi euroren berme lerro berria.
Pradalesek iragarritako 1.047 milioi euro horietatik, berez, 260 milioi inguru Jaurlaritzaren aurrekontuetatik —gastu iragarpenetatik— apartekoak dira. Batetik, enpresa ertain eta txikien eraldaketa eta dibertsifikazioa laguntzeko 87 milioi euro. Eta, bestetik, energia mendekotasuna arindu eta autonomia energetikoa handitzeko neurrietarako: 15 milioi euro mugikortasun eraginkorrerako; 80 milioi euro elkarlaneko inbertsioetarako energia berriztagarrietako proiektu handietan —eguzki plaketan—; eta beste 75 milioi euro elkarlaneko inbertsiorako hidrogeno eta CO2 azpiegituretarako.
Espainiaren neurriak
Espainiako Gobernuak ere atzo onartu behar zituen energia eta hornikuntza shockari aurre egiteko lehen neurriak, baina iragarpena ostiralera atzeratu du, dena ahalik eta lotuen eduki nahi duelako, Kongresuan ez diezaioten neurririk atzera bota. Bestalde, zalantza ugari daude neurri horien pisuaz. Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak berak aipatu du «neurri kirurgikoak» izango direla.
Gobernuaren azalpenen arabera, ez dira izango 2022. urtean ezarritako adinako neurriak. Batetik, egoera ekonomikoa ez delako horren larria, orduko hartan, Ukrainako Gerra piztu zenean, pandemia atzean geratu berria baitzen. Eta, bestetik, erakunde publikoek jarri zituztelako neurri haietarako milaka milioi euro, eta, oraintxe bertan, zaila da Europako Batasunak Espainiari halako gastu fiskala baimentzea.
Sektore eta alderdi guztietatik egin dizkiote laguntza eskaerak Sanchezen gobernuari.

Pradalesek energiarekin zerikusia duten lau eskari jakin egin ditu: sorkuntza elektrikoaren gaineko %7ko zerga kentzea; argindar eta gas industria kontsumitzaile handiek ordaintzen dituzten garraio eta banaketa bidesari handiak «drastikoki» murriztea; karbono dioxido isurien konpentsazioak handitzea; eta argindarraren fakturako BEZa %21etik %5era jaistea.
EH Bildurenak Oskar Matute diputatuak laburbildu zituen astelehenean sare sozialetan. Proposamenen artean daude energia konpainia handien gainean zerga berezia ezartzea, eta «elkartasun zerga bat irabazi handiko enpresa handiei» ere, Ukrainako Gerrak piztutako energia krisian egin zenaren ildotik. Xedea da zerga horiekin bildutako dirua inbertsio publikorako eta babes sozial eta ekonomikorako izatea.

Pradalesek eskatutakoen bidetik, Matutek uste du «funtsezkoa» izango dela argindarrean intentsiboak diren industrientzako laguntzak berreskuratzea, «krisiak euskal industrian izan dezakeen inpaktua leuntzeko».
Eta kontsumoaren ikuspegitik, prezio batzuei sabaia ezartzea ere nahi du EH Bilduk, hala nola erregaiei, argindarrari, gasari, oinarrizko elikagaiei eta garraioari. Ezkutu sozialeko neurri batzuk berreskuratzea ere proposatu du: argindarrerako eta beroketarako bonu soziala hedatzea, energia mozketak debekatzea, eta alokairu kontratuen eta hipoteken kuoten luzapena onartzea.