Sektore publikoa greban

Eragin handiena hezkuntzan eta garraioan, eta txikiagoa osasungintzan

Deitzaileek ontzat jo dute greba. Eusko Jaurlaritzak sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» utzi eta negoziatzen jarraitzeko.

Asteazken eguerdi honetan Gasteizen eginiko manifestazioa. L. RICO (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 25a
19:25
Entzun

«Haserreari» termometroa jartzea: helburu hori ere bazuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan asteazken honetan eginiko grebak, eta sindikatuen susmoa bete egin da. Milaka langilek bat egin dute deialdiarekin eta agertu dute ezinegona. Deitzaileek azpimarratu dute mobilizazioaren «arrakasta» erakundeentzat eta alderdi politikoentzat «ohartarazpen» bat dela politika publikoak alda ditzatela eskatzeko, zerbitzu publikoak defenda ditzatela exijitzeko eta «galdutakoa berreskuratzeko».

Ikusi gehiago:Zerbitzu publikoak «hemen adosteko» exijitu dute sindikatuek

Deitutako bi greba egunetan lehenengoa izan da atzokoa. Hurrengoa abenduaren 19an izango da. Langile publiko guztiak zeuden deituta: Eusko Jaurlaritzakoak, aldundietakoak, udaletakoak eta Espainiako Estatukoak, 152.000 guztira, eta haietatik milaka batzuek babestu dute ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESKren mobilizazioa. Erantzunari dagokionez, halakoetan ohi denez, sindikatuek emandako kopuruek eta Jaurlaritzarenek ez dute bat egin. Sindikatuen arabera, «oso zabala» izan da, eta Jaurlaritzaren arabera, «apala».

Eskaera zerrenda zehatz batekin irten dira kalera sindikatuak. Nagusiki, sektore publikoaren langileen soldatak eta lan baldintzak «hemen» adostu ahal izatea eskatu dute. Gogorarazi dutenez, Espainiako Gobernuaren erabakiz, 2009ko krisitik Madrilek zehazten ditu soldata igoerak, eta, hori dela eta, azken hamarkadan langile publikoek erosteko ahalmenaren %20 galdu dute. Erabakitzeko ahalmen hori berreskuratzea eta soldatak %10 igotzea galdegin dute. Horrekin batera, sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasun tasa egungo %49tik % 8ra jaistea eskatu dute; eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko joera amaitzeko eta sektorea euskalduntzeko, besteak beste.

Informazio gehiago. Langile publikoen testigantzak.

Sindikatuei erantzunez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beste behin argudiatu du erakundeen baliabideak mugatuak direla eta ez dagoela Jaurlaritzaren esku eskaera guztiak betetzea. «Lan arloko hobekuntza oro da desiragarria, baina errealitate ekonomikoaz eta administrazio bakoitzaren eskumenez jabetu behar dugu». Horrez gain, berriro sakondu du funtzionarioek gainerako langileek baino baldintza hobeak dituztela dioen ideian.

Horri heldu dio Josu Erkoreka lehendakariordeak ere, eta «paradoxa» bat azpimarratu du: «Herritar gero eta gehiagok funtzionario izan nahi du, baina hori lortu bezain laster, ez dago gustura». Jon Agirre Lan Harremanen zuzendariak, berriz, sindikatuei eskatu die «jarrera maximalistak» alde batera uzteko eta Mahai Orokorrean eta sektoretako mahaietan negoziatzeko beren eskaerak.

Erantzuna eta protestak

Atzoko grebak, langile publiko gehien biltzen duten sektoreen artean, hezkuntzan izan du babesik handiena: sindikatuek diotenez, %75etik gorakoa izan da lehen eta bigarren hezkuntzan, eta EHUko hiru campusetan jarduera «oso urria» izan da; Jaurlaritzaren arabera, oro har sektoreko langileen %40,6k bat egin dute. Arlo horretan herenegun ere egin zuten greba, kasu horretan ELA, CCOO eta Steilasek deituta, eta sindikatuek %55eko parte hartzea zenbatu zuten, eta Jaurlaritzak, %21 ingurukoa.

Gainerako sektoreetan, apalagoa izan da erantzuna: Jaurlaritzaren arabera, administrazio orokorrean %12,07koa izan da, osasungintzan %5,7koa, eta segurtasunean %3,42koa. Sindikatuek ez dute kopuru zehatzik eman hezkuntza ez beste sektoreei buruz, baina Osakidetzaren kasuan azpimarratu dute gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek «erabat baldintzatu» dutela langileen hautua. Dena den, nabarmendu dute lehen arretan babes zabalagoa izan zuela ospitaletan baino.

Goizaldean Bilboko sarreran eginiko protesta bat

Udaletan eta foru aldundietan, berriz, grebaren erantzuna «oso zabala» izan dela azaldu dute, bereziki hiriburuetan, eta udal batzuetan. Gipuzkoan, honako hauetan: Arrasate, Zarautz, Tolosa, Hernani, Oñati, Legazpi, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Getaria, Bergara eta Pasaia. Bizkaian, hauetan: Barakaldo, Bermeo, Ortuella, Trapaga, Markina, Lekeitio, Gernika, Basauri eta Igorre. Eta Araban, Agurainen, Laudion eta Amurrion.

Komunikabide eta garraio publikoetan ere babes handia izan du grebak, «ia erabatekoa», sindikatuen arabera. EITBn, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lanik egin, informatiboetan soilik. Berdin garraio «ez-pribatizatuan». Bilboko Metroak, halere, azaldu dute maiztasunak gutxieneko zerbitzuak halako bi izan direla —%60—.

Informazio gehiago. Udazken beroa sektore publikoan

Administrazio orokorrean eta justizian, berriz, sindikatuek azaldu dute erantzuna «zabala» izan dela, «baina aldakorra herrialdeen eta esparruen arabera». «Apalagoa» izan da Espainiako administrazioko langileen artean.

Horrez gain, arazo batzuk egon dira hiriburuetako sarrera-irteeretan, bereziki goizean goiz. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, piketeek trafikoa eten dute Bilbon, baina ez da «aparteko istilurik» izan. Gasteizen, grebalari talde batek manifestazioa egin du Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusiaren aurrean, eta horrek eragina izan du hiriko autobus geltoki nagusiaren funtzionamenduan. Beste talde batek manifestazioa egin du Forondako Atetik, eta horrek trafiko etenak eragin ditu hiriko sarrera-irteeretan. Gipuzkoan, garraio publikoko zerbitzuen murrizketaren ondorioz, pertsona askok autoa hartu dute Donostiara joateko, eta horrek «kolapsoa» eragin du hiriko sarbide nagusian, Loiolako Erriberetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.