Abeltzainek ohartarazi dute ekoizpen kostuak handituko direla erosketa bateraturik ezean

Jaurlaritzak kalkulatu du 29.000 tonako aparteko beharra dagoela, eta berretsi hornidura bermatuta dagoela.

Esnetarako behi bat Gipuzkoako baserri batean. GORKA RUBIO / FOKU
Esnetarako behi bat Gipuzkoako baserri batean. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko irailaren 1a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dute irtenbiderik adostu lehorteak eta beroak abeltzaintzari eragindako kaltearentzat. Sektoreko eragileekin gaur egindako bileran, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak berretsi du ez duela bazka erosketa bateraturik egingo. Sindikatuek ez dute ontzat jo erabakia, eta azpimarratu dute negura begira abeltzainek aparteko erosketak egin beharko dituztela, eta horrek are gehiago garestituko dizkiela produkzio kostuak.

Nekazaritza Sailak aurkeztu dituen datuen arabera, sektoreak 9.000 tona lasto, 8.000 tona arto, 10.000 tona alpapa eta 2.000 tona pentsu kontzentratu beharko ditu datozen hilabeteetan. Eta ondorioztatu du tokiko eta inguruko hornitzaileek badaukatela horri erantzuteko behar adina. Sindikatuek onartu egin dute hori, baina ohartarazi ustiategi askok ez dutela aparteko erosketak egiteko behar adinako likideziarik, besteak beste bazka hori garestiago dagoelako eta abereen prezioak ere jaisten ari direlako.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, diru arazo horri aurre egiteko asmoz, lanean ari dira Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzen aurrerakina urriaren 15era aurreratzeko, eta %75ekoa izan dadin. Ez du baztertzen, halaber, datozen hilabeteetan laguntza osagarriak ematea. Horri begira, lan bat abiatu du Neiker eta Hazi zentroekin, abeltzaintzako azpisektore guztien egoera ekonomikoa zein den aztertzeko.

Uraren arazoa ere izan dute mahai gainean. Sindikatuek beste behin eskatu diote Jaurlaritzari lehortea ofizialki aitor dezala, eta neurriak har ditzala sare publikora konektatuta ez dauden milaka baserriren hornidura bermatzeko. Jaurlaritzak zehaztu du abuztuan 1,3 milioi litro ur garraiatu direla inguru horietara eta hori aski dela oraingoz.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA