Eusko Jaurlaritzak bazka erosketa bateratua egitea baztertu du

Nekazaritza Sailak ondorioztatu du tokiko hornitzaileek badutela datozen hilabeteetarako behar adina. Barredo sailburuak aitortu du ur horniduraren egoera ere «ezohikoa» dela, baina ziurtatu arazo hori konpontzeko bideak jarri dituztela.

Esnetarako behiak, Bizkaiko baserri batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Esnetarako behiak, Bizkaiko baserri batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 29a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bazka Mahaia astearterako dago deituta, baina Eusko Jaurlaritzak abeltzainekin bildu aurretik eman du bere erabakiaren berri. El Diario Vasco-ri emandako elkarrizketa batean, Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak atzera egin du, eta adierazi ez dela beharrezkoa administrazioak bazka erosketa bateratua sustatzea, haren ustez tokiko hornitzaileek nahikoa gaitasun baitute sektorearen eskaria asetzeko.

Abuztuaren 7an bildu zen Bazka Mahaia, eta orduan adostu zuten bi aldeek erosketa bateratua egiteko bideak lantzea. Nekazaritza Sailak inkesta bat abiatu zuen jakiteko abeltzainek zer behar zituzten, eta 453 ustiategik erantzun zuten. Barredok azaldu duenez, Nekazaritza Sailak behar arruntak eta lehortearen ondorioz sortutakoak bereizi ditu, eta, gero, tokiko hornitzaileekin egiaztatu du zenbat produktu dagoen eskuragarri eta zer preziotan.

Zehazki, 6.000 tona lasto baino gehiagoko aparteko beharra identifikatu du, eta, Barredoren arabera, eskari horri erantzuteko nahikoa badute bertako hornitzaileek, baita beste produktu batzuk ere: abereentzako pentsu blokeak, alpapa eta arto siloa. Pentsu blokeei dagokienez, esaterako, jakinarazi du bost hornitzaileren eskaintzak bildu dituztela, eta 30 kiloko zakuek 12,5 eta 12,9 euro artean balio dutela. Hala ere, prezioak «orientagarriak» direla zehaztu du.

Hor dago, hain zuzen, ENBA eta EHNE sindikatuen desadostasun nagusietako bat. Garikoitz Nazabal EHNEko ordezkariaren arabera, Jaurlaritzak ez ditu prezio horiek hornitzaileekin adostu: «merkatuko prezioak» dira. Haren iritziz, erosketa bateratuaren helburua ez zen hornitzaileek zenbat sal dezaketen jakinaraztea, baizik eta sektorearen eskaera multzo handi batean bildu eta merkatuetan baldintza hobeagoetan lortzea.

Xabier Iraola ENBAko koordinatzailearentzat, «frustragarria» izan da Barredoren erantzuna. Iraolaren arabera, hainbat bileraren ostean, abeltzainek espero zuten erosketa bateratua adostea, kostuak merkatzeko. Gogoratu du aurreko urteetan hala egin dutela produktu jakin batzuekin; esaterako, lastoarekin.

Sindikatuak, haserre

Barredok, ordea, uste du sektorearen beharrak «arrazoizko» baldintzetan estalita daudela, eta astearteko bileran Bazka Mahaiaren lana amaitzea litzatekeela «logikoena».

%87

Zenbatek duten bazka gutxiago. Nekazaritza Sailaren inkestari erantzun dioten abeltzainen %87k adierazi dute aurten aurreko urteetan baino bazka gutxiago bildu dutela. Horien artean, batez besteko kantitatea erdira jaitsi da. Horrek esan nahi du negurako erreserbak ohi baino lehenago erabiltzen ari direla, eta arriskua dagoela udazkenean hornidura beharra handitzeko.

Ikusteko dago, hortaz, sindikatuak zer jarrera hartuko duten astearteko bileran. Kritikatu egin dute Nekazaritza Sailak erabakia komunikabide bati emandako elkarrizketa baten bidez jakinarazi izana. Aurretik ere oso haserre agertu dira jokatzeko modu horrekin. UAGAk, ENBAk eta EHNEk duela bi aste salatu zuten Nekazaritza Sailak Bazka Mahaiaren bilera irailera atzeratu zuela, eta ez ziela zuzenean jakinarazi, baizik eta «prentsaren bidez» izan zutela horren berri.

Sindikatuen ustez, bilera atzeratzeak ez zuen justifikaziorik, are abeltzainen egoera «hain larria» izanda. Barredok erantzun zuen inkestaren datuak aztertzen ari zirela, eta tokiko hornitzaileekin harremanetan zeudela behar horiei erantzun bat emateko. UAGAk Barredoren dimisioa eskatu zuen.

Uraren auzia

El Diario Vasco-k argitaratutako elkarrizketan, sailburuak sindikatuen beste eskaera batzuk ere aipatu ditu. Adibidez, ur beharrari dagokiona. Azaldu du lehortearen ondorioz ura eramaten ari direla mendialdeetara; 1,3 milioi litro baino gehiago; gehiena Gipuzkoara, 780.000 litro inguru, bereziki Aralar ingurura.

ENBAk eta EHNEk, ordea, azaldu dute lan hori tokiko erakundeek, abeltzainek eta Gipuzkoako Aldundiak finantzatu eta antolatu dutela, eta Jaurlaritzaren egitekoa ez dela Barredok azaldu duen bezainbestekoa izan.

Lehortearen ondorioz, larre eta mendietako iturburuak eta bestelako ur iturriak lehortzen ari dira, eta ura sare publikotik hartzeko aukerarik ez duten ustiategiek bestelako bideetara jo behar izan dute aziendari edaten emateko. Horregatik ari dira ura zisterna kamioietan eta beste ibilgailu batzuetan eramaten. ENBAk ohartarazi du ur sarerik ez duten 5.000 baserri ingururen iturburuak urik gabe geratzen ari direla.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburua, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburua, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barredok berretsi du bazka eta ur hornidura «arrazoizko moduan» bideratuta daudela. Dena den, gaineratu du egoeraren bilakaera monitorizatzen jarraituko dutela, litekeena baita eguraldiak eta datozen hilabeteetako baldintzek abeltzaintzaren beharrak aldatzea.

Uraz gain, diru laguntza zuzenak ere eskatu dituzte sindikatuek, baina, Barredoren iritziz, ez da horri erreparatzeko garaia, bazka eta ur «arazoak konpontzekoa baizik».

Sindikatuen beste eskera bat da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremu izendatzea. Barredok ez du baztertu aukera hori, baina joan den astean Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean azaldu zuen erabakia ez dagoela «politikoki» itxita eta Jaurlaritzaren lehorte planak ezarritako adierazleen arabera hartu behar dela. Uraren Euskal Agentziaren uztaileko txostenaren arabera, Bidasoko mankomunitatea (Gipuzkoa) dago larrien.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA