Zorrak kitatzeko prozesuan dihardu Eroskik oraindik ere, eta astelehenean merkaturatu zituen bonuak jada banatu dituela jakinarazi zuen bart Elorrioko (Bizkaia) supermerkatu kateak. Hala, 500 milioi euro eskuratu ditu Eroskik, eta 2029an itzuli beharko ditu bonu horiek, %10,625eko interesa ordainduta. Horrenbestez, zor hori ordaintzeko plan estrategikoa garatzeko tarte handiagoa du taldeak, baita lasaitasuna ere.
Bonuen salmentaz gain, bankuen finantzaketa ere lortu du. 113 milioi euro utziko dizkiote Eroskiri Laboral Kutxak, Kutxabankek, Kreditu Institutu Ofizialak, Sarebek eta Mondragon Korporazioaren inbertsio sailak. 2029an amaitu beharko du mailegu horien ordainketa.
Zubi-mailegu izeneko bat ere lortu du BNP Paribasekin eta Deutsche Bankekin, 35 milioi eurokoa guztira. Epe motzeko maileguak dira horiek, finantzaketa azkarra behar denean, normalean likidezia lortzen den arte. Beranduenez, 2025ean itzuli beharko du diru hori.
Zor berri hori, atzo iragarri moduan, Elorrioko taldeak dituen hainbat ondasun higiezin salduz ordaindu nahi du. Geratzen zaizkion ondasun higiezinen %90 saldu nahi ditu, eta kalkulatu dute 260 milioi euro inguru lortu ditzaketela bide horri esker. Atzo Eroskik BERRIAri adierazi zion duela urte batzuk hasitako prozesu bat dela ondasun higiezinen salmenta.
Izan ere, Eroskik bere jabetzan dituen ondasun higiezin asko hutsik daude, eta jabetza-zerrenda txikitzeko asmoa du. Banaketa taldearen negozio eredua frankizietan oinarritzen da, eta kasu gehienetan lurrak eta eraikinak ez dira bereak. Hala, Eroskik dituen supermerkatuen %3 dira soilik bere jabetzakoak.
874 milioi euroko zorra
Eroskik emaitza onak lortu ditu bere negozioetan pandemiaz geroztik, eta ematen du aurten ere ongi amaituko duela urtea: irailera arte 70 milioi euroren irabaziak izan zituen, aurreko urte osoan irabazitakoa adina. Baina diru sarrera horiek jada ez dira nahikoa bankuei zor diena ordaintzeko: 874 milioi euro zor dizkie denera, eta horren zati handi bat, 503 milioi, 2024ko uztailaren 31rako kitatu behar du. Ondo bidean, zorra kentzeko iraupen luzeko lasterketa baten azken pausoetako bat izan beharko luke. 2009az geroztik 2.514 milioi euro itzuli dizkie banku hartzekodunei, bere zorraren hiru laurden.
Inbertsiogileei bidalitako eskuorria sekretua da, baina Cinco Días agerkariak zabaldu zituen atzo haren xehetasunak. Oraingoz gelditzen zaizkion ondasunen zati bat baino ez luke salduko: 35-40 milioi euro lortu nahi baititu luze gabe. Higiezinak saldu ondoren, alokairuan hartzen ditu Eroskik, eta jardunean dihardu.