Eroskik 109 milioi irabazi zituen zituen iaz, eta baikorra da hurrengo urteei begira

Salmentak %6,3 handitu ditu, eta, aldi berean, zorra nabarmen txikitu. Hurrengo hiru urteetan 179 saltoki zabaldu nahi ditu, eta 450 milioi euroko inbertsio plan bat iragarri du.

Rosa Carabel, Eroski taldeko kontseilari ordezkaria, gaur, Bilbon. BERRIA
Rosa Carabel, Eroski taldeko kontseilari ordezkaria, gaur, Bilbon. BERRIA
aitor biain
2024ko maiatzaren 8a
18:30
Entzun

Iraganeko zailtasunak gaindituta daude, eta etorkizuna baikorra da. Mezu hori zabaldu du Rosa Carabel Eroski taldeko kontseilari ordezkariak gaur, Bilbon, 2023ko balantzearen aurkezpenean. Izan ere, Mondragon taldeko banaketa kooperatibaren negozioa indarra hartzen ari da berriro, eta uste dute hurrengo urteetan ere joera horri eusteko gai izango direla. Ez alferrik, 109 milioi euroren irabaziekin itxi zuen iazko urtea, eta, aldi berean, gai izan zen 700 milioiko zorra kolpetik kentzeko.

Eroski hobeto doa; datuek ere hori berresten dute. Batetik, Elorrioko banaketa taldeak (Bizkaia) 5.729 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, aurreko urtean baino %6,3 gehiago. Batez ere, negozio arruntari esker lortu ditu emaitza horiek, elikagaien atalak gorakada nabarmena izan baitu banaketa taldeak presentzia duen lurralde guztietan.

Carabelen hitzetan, gainera, kostuen gorakada osoa azken preziora ez eramateko kooperatibak egindako «ahalegina saritu» dute kontsumitzaileek. Izan ere, Eroski taldeko arduradunak azaldu du elikagaien garestitzea ez dela eten, baina taldeak azken bi urteetan nabarmen txikitu dituela irabazi marjinak, eta 158 milioi euro gutxiago irabazi dituztela horren ondorioz. «Urte zaila izan da. Inflazio handia izan dugu, eta kostuek ere handitzen jarraitu dute», esan du Carabelek.  

Bestetik, zorra txikitzen jarraitu du azken urteetan, eta hartzekodunekin dituen konpromisoak kontrolpean ditu orain. 2024an eta 2027an ordaindu beharreko 703 milioi euroren maileguak aldez aurretik kitatu zituen azaroan, eta 671 milioi euro zor dizkie hartzekodunei orain. Bi tresnatan banatua du zor hori: 2029rako itzuli beharreko 500 milioi euroren bonu bat, 35 milioiren mailegu bat eta 112,85 milioiren beste bat.

«Eroski ezberdin bat gara orain», nabarmendu du Carabelek. «Zorra normalizatuta daukagu, hazten ari den sare orekatu bat, eta gure emaitzek bilakaera positiboa dute. Eta hori guztia egin dugu testuinguru oso zail batean. Beraz, harro egoteko moduan gaude, eta zintzoki diot: Eroski garai onean dago. Erronka handiak ditugu aurretik, baina bilakaera positiboa daukagu, eta ilusioz begiratzen diogu datorren guztiari».

Hazi bai, baina neurrian

Hurrengo urteei begira, goranzko joerari eusteko gai izango direla uste du Carabelek.  Aurreikuspenak onak dira, bederen. Hala ere, ohartarazi duenez, inflazioa apur bat leunduko bada ere elikagaien garestitzea ez da etengo, eta, ondorioz, erosketa saskia ere ez da askorik merkatuko. Edonola ere, zorraren zama handiena gainetik kenduta, «lehiakorragoak» izango direla aitortu du Eroskiko arduradunak.

Izan ere, estrategia goitik behera aldatu du azken urteetan Elorrioko banaketa taldeak. Hedatze prozesuan atzera egin eta negozioak saldu ditu Eroskik. Eroski Bidaiak da aldi horren azken ikurretako bat; Iberostarri saldu zion iaz, baina, Carabelen hitzetan, ez du eraginik izan taldearen emaitzetan. Aldi hori amaitutzat eman du taldeak, edonola ere, eta hazkundean jarri du arreta.

Hurrengo hiru urteetan, 450 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du. Besteak beste, saltoki gehiago zabaltzeko erabiliko du diru hori. Iaz 74 ireki zituen, eta baliteke hurrengo hiru urteetan 159 gehiago izatea. Penintsula iparraldean zentratuko du negozioaren zatirik handiena, hori baita bere «indargunea»: Hego Euskal Herria, Katalunia, Balear uharteak, Aragoi, Errioxa, Kantabria, Asturias eta Galizia, batez ere.

Hazten ari da eremu horietan, hain zuzen, eta egun duen merkatu kuotari eustea lortu du —%12,8ko merkatu kuota du—. Ez ditu galdutzat eman nahi gainerako eremuak, edonola ere, eta presentziari eusteko ahalegina egingo dutela aurreratu du Carabelek. Frankizien bitartez funtzionatzen du Espainia erdialdean eta hegoaldean; bada, eredu horri eusteko asmoa duela iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.