Zenbaki gorri batekin bukatu du Eroskik bere argaltze dieta: 77 milioi euro galdu zituen 2020. urtean. Galera, ordea, ez da negozioa gaizki joan delako. Kontrakoa gertatu da: salmentak %2,1 handitu ditu, pandemiak ostalaritzari jarritako mugek familien elikagaien erosketa bultzatu dutelako, eta horrekin konpentsatu duelako beste produktuetan, gasolindegietan, bidaia agentzietan eta Forum Sporten izandako jaitsiera. Hortaz, erabaki batek ekarri du urte amaierako kontuetan erakutsitako galera: bere aktiboen balioa 195 milioi euro jaitsi izanak, merkatuaren errealitatera egokitzeko. Mugimendu «zuhurra» dela dio Eroskik, eta oraingo balioekin hobeto kokatuta dagoela «etorkizunean edozein gorabeherari aurre egiteko».
Berez, Elorrioko kooperatibak nabarmendu duen datua emaitza operatiboena da: hau da, bere produktuen eta zerbitzuen salmentak eragindako emaitzarena. Alde horretatik, urte ona izan du Eroskik, 252 milioiko irabazi operatiboa izan baitu, 2019an baino %30,2 gehiago, eta azken hamabi urteotako emaitzarik onena. Horiek horrela, Eroskiko presidente Agustin Markaidek nabarmendu du koronabirusaren urtea emaitza «oso positiboekin» amaitu dutela. «Aro baten amaiera» aldarrikatu du, 2008ko krisiaren aurretik egindako inbertsio handien kostua ordaindu behar izan duen aroarena, alegia.
Izan ere, urte horretan zuen neurriaren erdia du orain Eroskik. Saldu egin zuen If lurrin denda katea, eta saldu edo itxi estrategikotzat jo ez zituen eremuetako supermerkatuak eta hipermerkatuak, Espainia erdialdean eta hegoaldean nagusiki. Eroski berrituak indartsuagoa den eremuetan bildu du orain bere negozioaren zati handi bat, hau da, Hego Euskal Herrian, Espainia iparraldean, Galizian, Katalunian eta Balearretan.
Zorraren zama arindu du
Azken bi lurralde horietako negozioaren erdia EPCG inbertsio funtsari saldu berri dio Eroskik, eta horrela bete ahal izan du bere banku hartzekodunekin zorra txikitzeko zuen konpromisoa. Zorra izan baita azken urteetan Eroskiren jarduna gehien baldintzatu duen elementua, taldea bera edo haren izaera kooperatiboa auzitan jartzeraino.
Beldur horiek dagoeneko uxatu ditu Mondragon taldeko kooperatibak: desinbertsioen eta emaitzen kontura bideratutako diruekin 2.000 milioi euro txikitu du bere zorra: 2009an 3.423 milioi eurokoa zen, eta 2020an, 1.405 milioikoa. Horietatik 140 milioi iaz kitatu zituen, eta aurten beste 400 milioi kenduko ditu. Horrenbestez, Markaidek ziurtatu du «zor gehiegiko etapa bat» bukatu eta zorrak «maila normala» izango duela. Hau da, ez duela desinbertsio gehiago egin beharko.
Denda gutxiago
2020an beste 70 denda ireki bazituen ere, are gehiago itxi zituen: 1.624 denda zituen 2020aren amaieran, urtebete lehenago baino 21 gutxiago. Hamar hipermerkatu kendu ditu —2016an 79 zituen, eta 2020an, 37—, hemezortzi Eroski Bidaiak, gasolindegi bat eta Forum Sport bat. Supermerkatuen kopurua, ordea, handitu egin du (+11). Frankiziadunen formula hori asko erabiltzen du bere «eremu naturala» deitzen duenetik kanpo, eta jada bere denden %41 dira modu horretakoak.
Hego Euskal Herrian, berriz, %27 dira frankiziadunak. Lau lurraldeetako enplegatzaile pribaturik handiena da Eroski, 12.153 langile baititu —talde osoko langileen %40—, eta horietatik %69k dute kontratu mugagabea. Eroskik iaz sortutako 867 lanpostuen %95 Hego Euskal Herrian izan ziren.