Eroskiren Elorrioko biltegian grebara deitu dute, lan baldintza hobeak eskatzeko

Espainiako biltegi handien hitzarmena aplikatzen diete 130 langileei, baina Bizkaiko elikaduraren ituna eskatu dute ELAk eta LABek.

Eroski
Eroskiren Elorrioko biltegia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 5a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Abenduaren 11tik 16ra greba egitera deitu dituzte ELAk eta LABek Eroskik Elorrion (Bizkaia) duen biltegi handiko langileak. 130 behargin aritzen dira biltegi horretan, eta gehien-gehienak gizon etorkinak dira. Sindikatuek salatu dutenez, «urteak daramatzate gutxieneko soldata kobratzen, txandaka eta jaiegunetan lan egiten, zama handiak manipulatzen, eta atseden egunetan lan egitera behartzen dituzte».

Lan baldintzak hobetu nahian, beren burua antolatzea erabaki zuten beharginek, eta maiatzean, lehen aldiz, ordezkari sindikalak hautatu zituzten: ELAko sei eta LABeko hiru.

Langileen ordezkariek hainbat bilera egin dituzte Cecosa Hipermercados enpresarekin —Eroski taldeko enpresa bat da, eta hark kudeatzen du Elorrioko biltegia—, baina ez dituzte hobekuntzak ikusi, eta horregatik erabaki dute bost eguneko greba bat antolatzea.

ELAren eta LABen arabera, «estatalizazioa» da Elorrioko plataforma logistikoko «lan baldintza latzen» arrazoia. Izan ere, enpresa horretan, Espainiako biltegi handien hitzarmena aplikatzen diete langileei, CCOOk eta UGTk 2023an sinatutakoa. «Deigarria da bere euskalduntasunaz harro dagoen Eroskin halako zerbait gertatzea», gehitu dute.

Horregatik, grebaren helburua da Elorrioko biltegiko langileei Bizkaiko elikaduraren hitzarmena aplikatzea, baldintza hobeak baititu. Gainera, laneko osasunean eta prebentzioan neurri eraginkorrak hartzea, atsedenaldiak ordaintzea, eta egutegia «modu arbitrarioan» ezin aldatu ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.