Autogintza

Erreferendumik egin gabe, onartutzat eman da VWeko akordioa

UGTk eta CCOOk adierazi dute galdeketaren emaitza onartzera behartuta zegoela langileen batzorde osoa, eta ELA, LAB eta CGT aurka azaldu dira: «Ez dugu akordio hori sinatuko, ados ez gauden puntu asko baitauzka eta beste gai askori buruz ez baita hitz egiten»

Landabengo fabrikaren ataria. VW NAFARROA
joxerra senar
2023ko urriaren 25a
15:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostiralean sinatuko dute Nafarroako Volkswagenen X. hitzarmena enpresak, UGTk eta CCOOk. Ustez, aste honetarako langileen artean zuzendaritzak eta batzordeak hitzartutako akordioari buruzko erreferendum bat zen deitzekoa, baina azkenean ez da egingo.

Gaur bildu da langile batzordea gai hori aztertzeko. Aurreko astean adierazi bezala, UGTk eta CCOOk proposatu dute langileen artean kontsultatzea aurreakordioari buruz, eta horren emaitza sinatzera behartu nahi zituzten batzordeko beste hiru sindikatuak. Alta, ELAk, LABek eta CGTk berretsi dute ez dutela proposamen hori onartuko, eta, aho batez onartu behar zenez, ez da aurrera atera. Ondorioz, aurreko astean hitzartutako aurreakordioa onartutzat ematen da. Berez hala egin izan da historikoki.

Ikusi gehiago:VWeko aurreakordioa azaltzeko batzarrera deitu dute UGTk eta CCOOk

ELAk, LABek eta CGTk ohar bateratua atera dute: «Proposamena egin dute jakinik beste sindikatuok ez genuela onartuko». Sindikatuok ez dute nahi inork akordio hori sinatzera behartzea: «Ados ez gauden puntu asko dauzka, eta beste gai askori buruz ez da hitz egiten», arrazoitu dute. Haien ustez, langile batzordean gehiengoa duten bi sindikatuen proposamena «aitzakia besterik ez da enpresarekin lortutako akordioa erreferendumera ez eramateko».

CCOOk ohar bat kaleratu du defendatzeko ostiralean akordioa izenpetuko dutela «lantokiaren etorkizuna lehenesten eta bermatzen duelako». Nahiz eta VWek iragarri urte eta erdiz laurehun lanpostu «sobran» egongo direla, aurreakordioak ez du zehazten oraingoz nola utziko duten langileek enpresa. Dena den, CCOOko Carlos Zalduendoren arabera, VWek bermatu du 2026tik aurrera enplegua berreskuratuko dela. Baimenen inguruko legediaren ondorioz, kontratu mugagabeak egingo direla nabarmendu du. Azkenik, soldata KPIa adina igoko da hiru urtez, eta 900 euroko sariak pagatuko zaizkie langileei lan itunak iraungo duen hiru urteetan (2024-2026).

Larunbatean, CCOOk eta UGTk batzar bat egin zuten aurreakordioaren berri emateko langileei, baina oso gutxi joan ziren. Batzar hori modu bat izan zitekeen ikusteko nola hartzen zen erreferendumaren aukera enpresa barruan. Azkenean, gaurko bileran aztertu da gaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.