Ipar Euskal Herriko auto gidariek eta erregai kontsumitzaileek oro har arnas txikia hartuko dute astelehenetik aurrera. Frantziako Gobernuak erreserba estrategikoetan 100 milioi upel diesel merkaturatuko ditu, eta horrek erregaiak merkatzea espero du. Are gehiago, Maud Bregeon Frantziako Energia ministroak aurreratu du beharrezko kontrol neurriak hartuko dituztela erabakiak erregaien salmenta prezioan eragina izan dezan.
Bregeonek nabarmendu du salneurrian izango duen eragina banatzaileen eta gasolindegien araberakoa izango dela, baina baieztatu du hamabi eta hemezortzi zentimo artean merkatuko dela batez beste litroko. Aipatu du oso garrantzitsua dela banatzaile guztiek aplika dezatela, eta igandean eta «bereziki astelehenean» beharrezko kontrolak egingo dituztela ondo egiten dutela bermatzeko.
Diesela %34 garestitu da otsailetik
Diesela 2,289 euroan saldu da gaur Ipar Euskal Herrian; 98 oktanoko gasolina 2,149 euroan, eta 95ekoa 1,992 euroan. Batez besteko prezioak dira, eta hiruak garestitu dira, baina bereziki dieselak egin du gora. Alderatzen jarrita, ekaineko batez besteko prezioak hauek izan ziren: diesela 1,956 euroan (%17ko aldea); 98 oktanokoa 1,997 euroan (%7,6ko aldea) eta 95 oktanokoa 1,887koa (%5,5eko aldea). Otsaileko prezioekin alderatuta, aldea handiagoa da: diesela 1,704 euroan (%34ko aldea), 98 oktanokoa 1,799an (%11,8ko aldea) eta 95 oktanokoa 1,745 euroan (%14,1ko aldea).
Azken egunetako garestitzea erregai eskasiarekin lotu du batez ere Frantziako Gobernuak. Izan ere, gobernuak berak astelehenean onartu zuenez, Frantziako zazpi gasolindegitik batek hornidura arazoak ditu eta diesela askatuz egoera zuzentzea espero du. Gabezia hori hainbat arazoren ondorio da, eta ez bakarrik Ekialde Hurbileko gerrarena. Esaterako, Rhin ibaiak duen ur emari txikiak ere eragina izan du Frantziako ekialdeko gasolindegietan.
Hornidura arazoak ikusita, Frantziako Gobernuak gasolindegien egoera monitorizatzen duen webgune bat sortu du, bezeroei laguntzeko. Ipar Euskal Herria Akitania Berrian sartzen du webguneak, eta, haren arabera, gaur eremu horretako gasolindegien %7k pairatu dituzte hornikuntza arazoak.
«Igandean, eta bereziki astelehenean, kontrolak egingo ditugu saltzaileek ondo aplikatzen dutela ziurtatzeko»
MAUD BREGEON Frantziako Energia ministroa
Bregeonek goratu du «aurrekaririk gabeko» neurria dela hau, eta Emanuel Macron Frantziako presidenteak nazioartean eginiko negoziazioen ondorio dela. Azaldu du G7ko beste herrialdeekin adostu zuela guztiek modu bateratuan askatu zitzatela erreserba estrategikoak.
Total Energiesen mozkinak
Ministroak Total Energies petrolio konpainiak bere aurtengo emaitzak jakinarazi eta minutu gutxira eman du neurriaren berri, eta, era berean, hari presio pixka bat egiteko baliatu du. Izan ere, petrolio konpainiak 7.450 milioi euro irabazi zituen iaz. Urte batean inoiz loturiko emaitza onena da eta 2025ean irabazitakoa halako bi —%125 gehiago—.
Bregeon zuzenean zuzendu zaio Total Energiesi. Lorea bota dio lehenbizi, esanez konpainia handi bat izatea «zorte handia» dela herrialdearentzat, erregai gabeziak eragozten laguntzen duelako. Gero jarri dizkio etxeko lanak, eta eskatu dio erreserben irekierak «beste behin» eragina izan dezala prezioan.
Â