Erregaien prezioen igoera nahikoa ez, eta, gainera, gehiago garestituko dira BEZa igo egingo delako. Erregaien prezioek goia jo dute Euskal Herrian. Berunik gabeko 95 oktanoko gasolinaren batez besteko prezioa 1,478 euro da Hego Euskal Herrian, iaz garai berean baino %11,90 garestiagoa. Beste hainbeste gertatu da A gasolioarekin ere: litroaren prezioa 1,306 eurotik 1,392ra igo da; urtebetean, %11,41.
Ipar Euskal Herriko zerbitzuguneetan ere inoizko preziorik garestienak dituzte: gasolina litroa 1,66 euroan dago, eta gasolioa, 1,46an. Gasolina orain urtebete baino %10,24 garestiago dago, eta gasolioa, %8,9.
Erregaien prezioa ez da igo Brent petrolio upelaren prezioa igo delako. Izan ere, orain urtebeteko prezioan dago upela: orduan 111,13 dolarrean zegoen —89,09 euroan—, eta atzo, 113,51an —90,83 euroan—. Igoera dolarraren eta euroaren arteko dibisa aldaketak eragin du, egun euro gehiago behar baitira dolar bat erosteko: hain justu, 0,80 euro.
Aldaketa horrek eraginda, petrolioa eta erregaiak ez dira berdin garestitu: erregaien igoera petrolioarena baino handiagoa izan da. Hori bai, abuztuaren hasieran baino %5,64 gehiago pagatzen da upel bakoitzeko. Azken egunetan izan duen igoeran zeresana dute, esaterako, Siriako gatazkak, leherketa batengatik Venezuelako findegi nagusienetako jarduera bertan behera uzteak, eta AEBetako Isaac urakanagatik Kaliforniako findegietako lanak gelditzeak.
Parekoa ez den igoera hori argitzeko, Espainiako Industria ministroak ikerketa bat agindu du. Haren hitzetan, ikerketa horrekin jakin nahi du ea erregaien prezioa zergatik igotzen den «guztiz azkar» petrolioarena igotzean, eta erregaiena zergatik jaisten den «oso mantso» petrolioarena jaistean.
Abuztuan ohikoa den erregaien prezioeren igoerari, BEZaren igoera gehitu behar zaio. Bihartik aurrera, erregaien gaineko BEZa %18tik %21era igoko dute Hego Euskal Herrian. Hori horrela, Espainiako Petrolio Produktuen Operadoreen Elkartearen arabera, gasolinaren prezioa 3,6 zentimo garestituko da litroko, eta gasolioarena, 3,5. Hortaz, erregaien batez besteko prezioei BEZa gehituz gero, gasolinaren prezioa 1,514 euro izango da, eta gasolioarena, 1,427.
Horrenbestez, eta gaur-gaurkoz, 50 litroko depositu bat gasolinarekin betetzeko, 74 euro inguru behar dira; bihartik aurrera,1,8 euro gehiago ordaindu beharko da hori egiteagatik. Depositu hori betetzeko A gasolioa behar izanez gero, berriz —70 euro inguru behar dira gaur horretarako—, 1,75 euro gehiago beharko dira.
Erregaiengatik ordaintzen denaren erdia inguru zergak dira. BEZaren igoera kontuan hartu gabe, gasolioarengatik pagatzen denaren %47 eta gasolioarengatik ordaintzen denaren %42 zergak dira Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, berriz, kopuru horiek %55 eta %47 dira, hurrenez hurren.
Azken hilabeteetako igoera gelditzeko asmoz, Frantziako Gobernuak erregaiak merkatu ditu. Petrolio ekoizleekin eta banatzaileekin datozen hiru hilabeteetarako lortutako akordioa da hori. Jaitsiera hori zerbitzuguneen araberakoa da; hau da, gerta liteke zerbitzuguneak dagokion zatia ez merkatzea —bat eta hiru zentimo artean—, eta estatuarena bakarrik merkatzea—hiru zentimo—.
Beraz, gutxienez ere hiru zentimo aurreztuko dituzte litroko, eta zerbitzuguneei dagokiena gehituta, gehienez ere sei. Neurri hori asteazkenean sartu zen indarrean. Asteazkenetik ostegunera bitartean, Ipar Euskal Herriko berunik gabeko 95 oktanoko gasolinaren batez besteko prezioa %1,22 garestitu zen; aldiz, A gasolioarena %2,01 merkatu zen.
Kexu dira garraiolariak
Erregaia egunero behar dutenek —garraiolariek, esaterako— nabarituko dute gehien BEZaren igoera. Estitxu Ugarte Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko komunikazio arduradunak dio BEZaren igoera are larriagoa dela erregaia lanerako behar duenarentzat. Haren esanetan, igoera hori dela medio, Euskal Herriko milaka garraiolari autonomok lana utzi beharko dute. 2007tik 2012ra bitartean, 1.662 garraio enpresa itxi dituzte.
Bat dator horrekin Ernesto Salazar N1 Jundiz Arabako garraiolarien elkarteko kudeatzailea ere. Izan ere, azaldu du oso arduratuta daudela egun garraioaren errentagarritasunarekin, sektore horretan ari direnen %80k galerak dituztelako. BEZaren eta erregaien prezioaren igoerarekin batera, iritzi dio garraiolariek ez dutela lortzen salmenten prezioak igotzea.
Garraiolarien elkarte bat izateaz gain, elkarte horrek zerbitzugune bat du Gasteizen. Salazarrek azaldu du han ere nabari dutela gero eta garraiolari gutxiago daudela krisi ekonomikoaren ondorioz.
Hori dela eta, Ugartek eskatu du erregaien gaineko zergak gehiago ez igotzeko, gasolioaren gainean dagoen «espekulazio basatiari eta oligopolioari» aurre egin bitartean. Izan ere, dio gasolioarekin Repsol, Cepsa eta Bp enpresek «oligopolioa» dutela Espainian, eta horrek ez duela uztenmerkatu askerik.
Frantziako Gobernuak petrolio ekoizleekin eta banatzaileekin lortutako akordioa «adabaki» bat besterik ez da, Ugarteren ustez. Era berean, uste du ez direla behar egoeraren araberako neurriak, baizik eta oinarrizko politikak.
Hori horrela, aurreikuspenak txarrak direla diote biek ala biek. Kontuak kontu, erregaiaren beharra dutenek gaur bezala beharko dute bihar ere, eta BEZa igotzeak oraindik ere gehiago eragingo die.
BEZaren igoera
Erregaiak inoiz baino gehiago garestituko ditu BEZaren igoerak
Berunik gabeko 95 oktanoko gasolinaren prezioa %11,90 garestitu da urtebetean Hegoaldean, eta gasolioarena, %11,41Gasolina litroa 3,6 zentimo garestituko da BEZa igotzen denean, eta gasolioa, 3,5
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu