Errelebo kontratuak luzatu ditu Jaurlaritzak, ELAren eta LABen babesik gabe

Lan kontratu finkoa duten zazpiehun langilek eskatu ahal izango dute aurten. Sindikatu abertzaleek salatu dute administrazioko behargin gehienei ez zaiela aitortzen eskubide hori.

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak, Lakuako eraikinean sartzen.
Eusko Jaurlaritzako langile publikoak, Lakuako eraikinean sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 3a
16:45
Entzun

Errelebo kontraturako aukera izango dute Eusko Jaurlaritzako lan kontratuko kategoriadun langile finkoek, Jaurlaritzak akordioa lortu baitu CCOOrekin eta UGTrekin, neurria luzatzeko; ELAk eta LABek, berriz, ez dute babestu. Baldintzak betetzen dituzten zazpiehun-zortziehun langile inguruk eskatu ahal izango dute, «ostegun honetatik aurrera». Baldintzak orain arteko berberak izango dira.

Erreleboa kontratua eskatzeko, langileak gutxienez 60 urte izan behar ditu, eta lanaldia %60 murriztu dezake, erretiroa hartu arte. Trukean, beste langile gazteago batek bete beharko du haren lanpostua. Neurriak langile publikoen talde txiki bati baino ez dio eragiten, lan kontratuko langile finkoen kategoriakoei. Gaur egun 6.700 inguru dira Eusko Jaurlaritzan eta haren mendeko erakundeetan; EITBn eta Lanbiden, adibidez.

Abian den langile publikoen egonkortze prozesuarekin bat egingo du neurriak. Jaurlaritzak azpimarratu duenez, horren guztiaren ondorioz «apenas» geratuko den behin-behineko lanposturik lan kontratuko langileen kategorian, eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztuko da — gaur egun, hirutik ia bi dira, 23.000 inguru—.

CCOOk akordioaren garrantzia nabarmendu du: esan du lantaldeak gaztetzeko eta enplegua sustatzeko balio duela, eta «ez litzatekeela ulertuko» ez sinatzea. Gaineratu du lanean jarraituko duela erretiro partziala administrazio publikoetako langile guztiei zabaltzeko, eta ez soilik lan kontratu finkokoei.

Hori da, hain zuzen ere, LABek kritikatu duena: behin-behineko langileek eta funtzionario kategoriakoek ezin hartzea erretiro partziala. Lan kontratuko langile finkoei dagokienez, ELAk gogorarazi du 2004az geroztik aitortua dutela erretiro partzialerako eskubidea, eta, beraz, errelebo kontratua aitortzeko ez dela akordiorik behar. «Gobernuak akordio berri bat nahi badu, sindikatuekin negoziatu beharko ditu akordio horren hobekuntzak, baina ez dago horretarako prest».

Azken momentuan

Jaurlaritzak azken momentuan egin du akordioa. Aste honetan egin izan ez balu, hauteskundeak igaro eta gobernu berria osatu arte itxaron beharko luke. Baina gehiengo sindikalaren babesik gabe sinatu du. Ohar batean, Gobernantza Publikoko Sailak deitoratu du ELAk eta LABek uko egin izana, «behin eta berriz saiatu arren» akordiora batu zitezen. Azaldu duenez, Administrazioaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatu guztiei deitu zien asteazken honetako bilerara, baina CCOO eta UGT baino ez dira joan.

Gobernuak nabarmendu du azken hilabeteetan Mahai Orokorrera jo duela behargin publikoen lan baldintzak «hobetzeko proposamenekin»; besteak beste, enplegu publikoaren legearen erregelamenduzko garapena osatzeko, enplegu deialdi berriak egiteko, baimenak eta lizentziak hobetzeko, eta administrazioko langileen artean karrera profesionala ezartzeko. Baina adierazi du ELAk eta LABek proposamen guztiak «errefusatu» dituztela.

«Eusko Jaurlaritzak, une oro, negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondateari eutsi dio. Hala ere, sindikatu batzuen jarrera ez da arduratsua izan, errelebo kontratuaren kasuarekin beste behin agerian geratu den moduan», esan du Funtzio Publikoko sailburuorde Jose Maria Armentiak. Gaineratu duenez, sindikatu horiek «gobernua higatzea» dute helburu jarrera horrekin.

Horren harira, iazko udazkenetik administrazio publikoan antolatu dituzten hiru greba egunak gogoratu ditu, baina, hezkuntzan izan ezik, babes «oso txikia» izan dutela nabarmendu du. «Gertakariak ikusita, esan daiteke gobernua dela eragile aktibo nagusia langileen lan baldintzak hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.