«Errepresio sindikala» salatu dute Bilboko portuko amarratzaileek

Enpresak LABeko ordezkari sindikala kaleratu du, eta beste hiru langile zigortu. Sindikatuak ohartarazi du ez dela «gatazkaren beldur», eta mobilizazioak iragarri ditu.

Bilboko portuko amarratzaileak eta LABeko ordezkariak, gaur, Bilbon. BERRIA
Bilboko portuko amarratzaileak eta LABeko ordezkariak, gaur, Bilbon. BERRIA
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko otsailaren 19a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste fase batean sartu da Bilboko portuan aritzen diren amarratzaileen gatazka. Orain arte, mobilizazioak egin dituzte Amarradores Puerto de Bilbao enpresak lan baldintzetan egin nahi dituen aldaketen kontra, eta auzitara ere jo dute horren karietara. Baina orain LABeko ordezkari sindikala kaleratu du enpresak, eta beste hiru langile zigortu. Jokabide hori «eraso zuzentzat» eta «liskarra pizteko ahalegintzat» jo dute amarratzaileek, eta, esan dutenez, ez daude prest isilik lotzeko.

Iazko abenduan hasi zen gatazka. Enpresak jakinarazi zuen zenbait aldaketa egin nahi zituela amarratzaileek ordura arte zeuzkaten lan baldintzetan: hamabi orduko lanaldiak ezarri, enpresaren beharren arabera hamalaura luzatzeko aukera izanda, eta langileen oporraldiak murriztu. Mobilizazioak eta lanuzteak eginez erantzun zuten langileek, eta auzitara ere jo zuten. Behin-behineko epaiak arrazoia eman zien, eta martxoaren 11n auziaren inguruko epaiketa egin arte, lanaldiaren aldaketa kautelaz geldiarazteko agindu zion enpresari.

Enpresak, berriz, zenbait langileren kontrako neurriak hartu ditu erantzun gisa. «Hau ez da kasualitatea», esan du LABeko Zerbitzu Pribatuetako arduradun Patricia Medinak. «Ez da akats administratibo bat. Hau ordezkari sindikalen eta langile guztien aurkako eraso kontzientea da. Enpresak liskar zuzena sortzea erabaki du».

Beste langile batzuk kontratatu

Ez da hori izan enpresaren mugimendu bakarra. Langile batzordeko kide David Lorente Tellaetxek esan duenez, beste hamazortzi amarratzaile kontratatu ditu enpresak, «adostutako deialdi irizpideei jaramonik egin gabe eta aspalditik zerbitzuak ematen zituzten behin-behineko langileak kanpoan utzita». Langile horiek ez dute jarduera horretarako prestakuntza berezirik, eta, LABek salatu duenez, jokabide okerrak eta egoera arriskutsuak detektatu ditu sindikatuak langile horien jardunbidean: amarrak leku desegokietan lotzea, leku arriskutsuetan jardutea eta abar. «35 urtez ez dugu istripu larririk izan, eta orain, berriz, langile horiek bizia arriskuan jartzen ari dira, are gehiago negu honetan izaten ari garen denboraleak kontuan hartuta».

Gainera, beste lanaldi eredu bat ezarri die enpresak langile horiei. «Ebazpen judizialari izkin egiteko ahalegina» ikusi du LABek jokabide horretan: «Agintaritza judizialak kautelaz geldiarazteko agindu duen lanaldi eredua, legez ezarri ezin duena, egitateen bidez aplikatzen saiatzen ari da».

LABen iritziz, ordezkari sindikal bat kaleratzea eta beren eskubideak defendatzeagatik langileak zigortzea «ez da enpresa bat kudeatzea; beldurra ezartzen saiatzen ari dira». Baina ohartarazi du erantzun egingo diotela horri: «Ez dugu kaleratzerik edo zigorrik onartuko; ez dugu langilerik abandonatuko, izan finkoak edo behin-behinekoak; eta ez dugu ametituko ekintza sindikalerako eskubidea urratzerik. Enpresak uste badu beldurraren bidez langileak zatituko dituela, oker dago».

Medinak esan duenez, ez dute gatazkarik nahi, baina «horren beldur» ere ez dira, eta, zigor guztiak bertan behera utzi eta lan baldintzen aldaketa bazter uzten ez badute, «tresna sindikal eta juridiko guztiak» abiaraziko dituzte. Mobilizazioak ere iragarri ditu: «Enpresak konfrontazioaren bidea aukeratu du; guk gure eskubideen defentsa irmoaren eta kolektiboaren bidea hautatu dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.