Erreskatearen baldintzek atea ireki diote Kutxabanken pribatizazioari

Europako Batasunak behartuta, Espainiak lege bat egin beharko du kutxek bankuetan duten parte hartzea erditik behera jaistekoBankuek eta estatuak berak baldintza asko bete beharko dituzte diruaren truke

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako bankuen erreskatearen letra txikiak Kutxabanken pribatizazioa ekarri ahal izango du. Maileguen truke Europako Batasunak Espainiari jarritako baldintzen artean dago «noizbait» aurrezki kutxek bankuen gaineko kontrola galtzea. Europaren nahia betetzen bada, BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak ezingo dute gehiengorik izan Kutxabanken, eta, hortaz, akzioak talde pribatuei saldu beharko dizkiete.

Atzo goizaldean EBk eta Espainiak hitzartutako akordiorako memorandumak —izen hori jasotzen dute erreskatearen baldintzek— 32 neurri finkatzen ditu 100.000 milioi euroko laguntzaren truke. Zirriborroaren arabera, horietako bat bankuen jabetzari dagokio. «2012ko azaroaren amaierarako, Espainiak lege bat prestatu beharko du aurrezki kutxek kreditu erakundeetan akziodun gisa duten gaitasuna azaltzeko eta, noizbait, beren parte hartzea [bankua] kontrolatzeko mugatik behera jartzeko». Gainera, memorandumaren 23. artikuluak dio estatuaren laguntza jasotzen duten erakunde guztiek burtsaratzeko prestatu beharko dutela.

2010eko Espainiako kutxen legeak pribatizazioari ateak zabaldu zizkion, eta ekarri du, esaterako, Nafarroako Kutxa Caixabanken esku geratzea. Baina lehen aukera bat zena orain betebeharra izateko bidean da, eta horrek hankaz gora jarriko du euskal kutxetako buruzagien estrategia. BBK, Kutxa eta Vitalek behin eta berriro esan izan dute Kutxabanken erabateko kontrolari eutsi nahi diotela eta ez dutela kapitala zabaltzeko inolako asmorik. Hori dio kutxek Bildurekin sinatutako akordioak ere. Espainiako Gobernuak egin behar duen legeak zirrikiturik uzten ez badu, hitz eta itun horiek guztiak ezerezean utziko ditu Europaren aginduak.

Honakoak dira akordiorako txostenaren puntu nagusiak:

1. 30.000 milioi

Eurotaldeak gehienez 100.000 milioi mailegatuko dizkio Espainiari, baina auditoreek banku bakoitzaren kontuak arakatu arte ez dute zehaztuko zenbat diru izango den. Banku batzuk diru premia handia dutenez, 30.000 milioi uztaila amaitu baino lehen utziko dizkiete. Jada nazionalizatutako erakundeak dira horiek: Bankia, CatalunyaBanc, NCG Banco eta Banco de Valencia. Bruselak 1 taldean sartu ditu erakunde horiek eta 0 taldean kapital beharrik ez duten bankuak (Santander, BBVA, Caixa eta agian Kutxabank). Ikusteke dago zein taldetan izango diren besteak: 2 taldean izango dira estres azterketak huts egin eta beren kabuz kapitala lortzerik ez dutenak; 3 taldean, berriz, azterketa huts eginda ere laguntza publikorik gabe «kapitalizazio plan sinesgarriak dituztenak». Plan horiek urrirako egon beharko dute prest.

2. Estatuari lehenik, bankuei gero

Lehen epean, dirua EFSF behin-behineko funtsak emango du, eta Espainiaren bankuak kapitalizatzeko FROB funtsera joango da. Estatura, alegia. Baina behin euroguneak bankuen gainbegiratzaile komuna sortzen dutenean —2013an ziur aski—,ESM Europako Egonkortasun Tresna arduratuko da bankuak zuzenean kapitalizatzeaz. Ordutik aurrera maileguak ez zaizkio Espainiaren zorrari gehituko.

3. Hamabost urte itzultzeko

Erreskatearen azken sosak beranduenik hemezortzi hilabete barru banatuko dituzte. Gehienez hamabost urte izango dituzte bankuek dirua itzultzeko, baina batez besteko epemuga 12,5 hilabetekoa izango da. Bankuek pagatu beharreko interesa ez da aurretik iragarritako %8,5 izango. Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak esan du Gertuago izango dela %3 edo %4tik.

4. Banku txarra

Laguntza jasotzen duten finantza erakundeek Aktiboak Kudeatzeko Konpainia batean bildu beharko dituzte aktibo toxikoak —lurzoruak, eraikitzen ari diren eraikinak edo saltzerik ez dituzten etxebizitzak, nagusiki—. Espainiako azken bi gobernuek behin eta berriro baztertu duten banku txar bat, alegia. Estatua arduratuko da aktibo horiek kudeatzeaz, «haien epe luzeko baliora iritsi daitezen».

5. Bankuen berregituraketa

Laguntza jasoko duten erakundeei berregituraketa plan bat inposatu ahal izango die gainbegiratzaile europarrak eta Espainiako Bankuak. Horretan azalduko dira irabaziak banatzeko debekua, bulegoen itxiera, langileen kaleratzea, aktiboen salmenta... Bankuaren arazoak oso handiak badira, erakundearen likidazioa ere agindu ahal izango du. Dirua jaso dutenek eta jaso ez dutenek ere gutxienez %9ko kapitala izan beharko du. Muga horretatik gora daude gaur egun Kutxabank zein Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxa.

6. Espainiako Bankuaren azterketa

Ekonomia Ministerioak bankuak zigortzeko eta baimenak emateko dituen eskumen batzuk eman beharko dizkio Espainiako Bankuari. Azken erakunde horrek, ordea,egurra jaso du memorandumean. Barne azterketa bat egin beharko du «finantza sistemaren arriskuak» neurtzeko tresnek eta aztertzaileek huts non egin zuten jakiteko, eta hobekuntzak egiteko.

7. Bezeroen babesa

2013ko otsailerako, Espainiako Gobernuak handitu egin beharko du bankuetako bezeroak dituzten babes tresnak. Horrekin eragotzi nahi dituzte bezero arruntek kontrolatzen ez dituzten —eta gordailuen babesa ez duten— finantza produktuak erostea. Hori gertatu da azken urteotan lehentasunezko parte hartzeekin. Hori bai, horrelakoak erosi dituzten hamarnaka mila lagunek beren inbertsioaren zatirik handiena galduko dute, hartara bankuen berregituraketarako ahalik eta diru publiko gutxien jartzeko.

8. Urtebete gehiago defizita txikitzeko

Espainiak beste urtebete izango du bere defizita %3tik behera uzteko. Horren ondorioz, aurtengo defizitaren muga aurrekoa baino puntu handiagoa da (%6,3 da, %5,3ren ordez). 39.000 milioi euroren doikuntzak beharrean 28.500 milioi izango dira. Urteko lehen bost hilabeteotan %3,41eko defizita izan du administrazio zentralak. Epe gehigarri horren truke, Espainiak Europaren kontrol zorrotza jasango du: hiru hilean behin haren kontuak aztertuko dituzte Europako Batzordeak eta EBZk —NDFk ez, ordea—, eta desbiratzeak ikusten badituzte neurri gehiago hartzera behar ditzakete Espainiako agintariek. Gainera, aurrekontu politika gainbegiratzeko «erakunde independente bat» sortu beharko du Espainiak.

9. Baldintzak gobernuari

Europako Batzordearen aholkuak agindu bilakatu zaizkio Espainiako Gobernuari. «Hazkundea gehiago bultzatzen duten zerga sistema» ezarri beharko du (BEZa igo eta lan kostuak gutxitu); «zorpetzea bultzatzen duten zerga neurriak gutxitu» (etxebizitza erosteagatik zerga kenkaria kendu); lan merkatuaren erreforma indarrean jarri eta «neurri eraginkor gehiago» hartu; araututako lanbide batzuk lehiara zabaldu eta enpresak edo negozioak zabaltzeko mugak kendu; eta argindar sistemaren defizitari behingoz konpondu. Mariano Raxoi presidenteak agerraldia du gaur goizean Kongresuan, eta ez da baztertu behar neurri horietako batzuk iragartzea. Bestela, ostiralean egingo luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.