Erretiratuek autonomo gisa ere lan egin ahal izango dute Hegoaldean

Erretiro malgua erakargarriagoa egiteko dekretua onartu du Espainiako Gobernuak: %80 arteko lanaldiak egin ahal izango dituzte erretiratuek, eta pentsioa handiagoa jaso. Espainian, hamar langiletik batek atzeratu du erretiroa.

Erretiratu talde bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Erretiratu talde bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 26a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsioetan egiten den gastua nola edo hala mugatu nahian ari dira mundu osoko gobernuak, eta hori egiteko modu bat pentsioa eta lana bateratzea da. Espainiako Gobernuak «erretiro malgua» deitu dio formula horri, eta hura zabaltzeko dekretua onartu du gaurko bileran. Berritasunik garrantzitsuena da aurrerantzean langile autonomoek ere aukera izango dutela lanean jarraitzeko pentsiodun bihurtu ondoren. Orain arte soldatapeko langileek baino ez zuten horretarako aukera. 

Beste berritasuna da ez dela itxaron beharko erretiro malgua eskatzeko, erretiratu batek pentsioa eskuratzeko eskubidea onartzen dioten unean bertan eskatu ahal izango baitu lanean jarraitzea.

Orain arte, lanaldiaren %25 eta %75 artean egin zezakeen, baina aurrerantzean %33 eta %80 artekoa egin ahal izango du.

Hasieran, egindako lanaldiaren proportzioan apalduko diote pentsioa; hau da, lanaldia erdira murriztu badu, pentsioaren erdia jasoko du. Baina formula hori sustatu nahian, erretiroa hartu eta sei hilabetera edo gehiagora lanera itzultzen denari gainsari bat emango diote bere pentsioan: %25ekoa, lanaldiaren %55 eta %80 artean egiten badu, eta %15ekoa horren azpitik egiten badu.

Autonomoei dagokienez, muga zorrotzagoak ezartzen ditu dekretuak. Batetik, erretiroa hartu aurreko hiru urteetan ezin izango dira autonomoen erregimenean izena emanda egon. Bestetik, gehienez beren pentsioaren %25 eskuratu ahal izango dute autonomo gisa lanean ari direla.

Erretiroa atzeratzen ari da

«Geure helburua da langileek aukera handiagoak eta hobeak izatea erretiroa hartutakoan, eta enplegua eta pentsioa uztartzea», azaldu du Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroak, ministroen kontseilu osteko agerraldian. Gaineratu duenez, 2024an CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE patronalarekin pentsioen inguruan lortutako itunaren zati bat da orain onartutakoa, eta hiru hilabete barru jarriko da indarrean.

Orduan hitzartutako beste neurri batzuk funtzionatzen ari direla ziurtatu du Saizek. Horrela, nabarmen handitu da erretiroaren adina iritsi arren lanean jarraitzen dutenen kopurua: langileen %4,8 ziren 2021ean, eta %10,9raino iritsi ziren 2025 amaieran.

Erretiroa aldez aurretik hartzen dutenek pentsioan murrizketa handiagoak dituztenez, erretiro aurreratua hartzen zutenak %43 ziren lehen (2018), eta %30  dira orain. Gainera, murrizketa progresiboa denez, gero eta hilabete gutxiago aurreratzen dute erretiroa: 2021ean, %46k legeak baimendutako bi urteak aurreratzen zuten erretiroa, eta %73k urte bat edo gehiago aurreratu zuten; 2025ean, %14,5ek soilik erabili zuten bi urteko muga.  

dATUak

499.959

Erretiratuak, Hego Euskal Herrian. Apirilaren 1ean, 738.860 pentsio ordaindu zituen Espainiako Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian. Horietatik, ia milioi erdia (499.959) erretiro pentsioak dira, eta beste 162.387ak alargunentzat dira.

1.655

Batez besteko pentsioa, eurotan. Hilero gora egiten ari da batez besteko pentsioa, eta apirilean 1.655 eurora iritsi da. Hori baino gehiago irabazten dute erretiratuek (1.872 euro, batez beste), eta gutxiago, berriz, alargunek (1.150 euro).

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA