Bertsoen kuantikak errimak konprimitzen ditu Multiversen. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Unai Andueza Ekonomiaren Sustapenerako diputatua buru dituen bidaia ekonomiko eta instituzionaleko kideek Donostian sortutako enpresa hori bisitatu dute Toronton (Kanada).
2019an sortutako enpresa bat da Multiverse Computing. Enrique Lizasok, Roman Orusek, Samuel Mugelek eta Alfonso Rubiok abian jarritako start-up txiki bat zen orduan. Urte gutxiren buruan, puntako enpresa bat bihurtu da konputazio teknikorako softwarean eta adimen artifizial eraginkorrean. Alor horretako Europako adarbakar izendatu dute. Mitologiako animalia horren izena jartzen diete burtsara atera gabe 1.000 milioi euroko balioa hartzen duten enpresei. Oso ezohikoa baita lorpen hori: adarbakarrak ikustea bezain ezohikoa.
Donostian hasi ziren —eta han ere jarraitzen dute—, CDL Creative Destruction Lab programari esker, eta munduan barrena dituzte orain egoitzak: Toronton (Kanada), San Frantziskon (AEB), Munichen (Alemania), Parisen (Frantzia), Londresen (Erresuma Batua), Milanen (Italia), Bartzelonan (Katalunia) eta Zaragozan (Espainia). Berrehun langile baino gehiago ari dira horietan jardunean —ingeniari informatikoak, fisikariak eta matematikariak dira ia denak; jasotako mila curriculumetik bakarra onartzen dute—. Eta 200 milioi euro baino gehiagoren inbertsioak lortu dituzte denbora gutxian adimen artifizialeko ereduak konprimitzeko. Horretan jo baitute erronka CompactifAI izeneko euren teknologia berritzailearen bidez. Ez du beste inork halakorik sortu: adimen artifizialarekin sortutako hizkuntza ereduak ultrakonprimitu egiten ditu —%95 inguru—, baina errendimenduari eutsiz, eta dirua eta energia aurreztuz. Jada 170 patente kuantiko erregistratu dituzte Multiversen —Europan patente kuantiko gehien dutenen artean laugarrena da, horrenbestez—.
Donostiako Multiverse Computingek adimen artifizialeko ereduak konprimitzen ditu, konputazio kuantikoaren bidez. Jada 170 patente erregistratu ditu, eta Europan patente kuantiko gehien dutenen artean laugarrena da.
Konputazio kuantikoaren funtsa ari dira baliatzen horretan guztian: qubita. Konputazio klasikoan, informazioaren oinarrizko unitatea bit bitarra izaten da. Soilik bi egoera horiekin prozesatzen eta biltegiratzen dute guztia egungo ordenagailuek. Bit klasikoa soilik 0 edo 1 izan daiteke; hots, bi egoera posibleetatik bakarrean egon daiteke aldi batean. Konputazio kuantikoan, berriz, qubita da oinarrizko informazio unitatea, eta gainezarpenaren fenomenoa baliatzen du bi egoeren konbinazioa lortzeko. Alegia, qubit batek bit klasiko batek baino askoz ere informazio gehiago gorde dezake, eta ia mugarik gabeko aukerak sortu.
Horregatik izan zen BBVA Multiversen lehen bezeroetako bat. Finantzen alorra optimizatzeko kontratatu zuten. Bankuaren aktiboak noiz saldu eta noiz erosi jakiteko, une zehatz hori erabakitzeko, itzulkinak maximizatu eta arriskua minimizatzeko. Paketeak banatzen dituzten enpresei eman dizkiete soluzioak, sare energetikoak optimizatu dituzte, eta piezen fabrikazioan akatsak detektatzeko sistemak ezarri. Iberdrola, Bosch eta Hispasat enpresek Multiversen softwarearekin lan egiten dute, besteak beste.
«Talentua, ezagutza zientifikoa eta gaitasun industriala etorkizuneko aukerak sortzeko konektatzen dituen ekosistema sendo bat eraikitzen ari gara Gipuzkoan»
EIDER MENDOZAGipuzkoako ahaldun nagusia
Baina adimen artifizialarekin sortutako ChatGPT eta haren gisako programetan nahi dute baliatu konputazio kuantikoa. Horiek entrenatzen energia eta baliabide asko gastatzen direla diote, eta konprimitzeko bide eraginkorra asmatu dute. «Gipuzkoaren indarra hori da: heldutasun handia duen industria bat duela. Eta horien alde apustu egin eta inbertitzen duela, XXI. mendean sartuz. Start-up berriak behar dira ekosistema hori guztia abiatzeko, eta horregatik dira horren garrantzitsuak CDL bezalako erakundeak: enpresa horiek erakartzeko», azaldu du Sam Mugelek, Multiverse Computingen sortzaile eta buruetako batek Torontoko bisitan.
CDL Super Session topaketa
Multiversera egindako bisita horrez gain, CDL Super Session topaketan ere parte hartu dute Gipuzkoako Aldundiko kideek. Creative Destruction Labek Toronton antolatutako nazioarteko topaketa bat da CDL Super Session. Munduko Deep Tech start-up teknologikoen babesletza eta azelerazio programarik ospetsuenetako bat da, eta badu bere egoitza iazko irailetik Gipuzkoan ere, Miramongo teknologia parkean: CDL Donostia. Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu du berrikuntza sare global horretako kide izateak balioa estrategikoa duela Gipuzkoarentzat: «Creative Destruction Lab bezalako nazioarteko espazioetan Gipuzkoa egoteak berretsi egiten du lurraldea ekonomia teknologiko berriaren abangoardian kokatzeko dugun asmoa. Talentua, ezagutza zientifikoa eta gaitasun industriala etorkizuneko aukerak sortzeko konektatzen dituen ekosistema sendo bat eraikitzen ari gara». Gipuzkoako Aldundiak teknologia kuantikoaren alde egindako «apustua» nabarmendu du Mendozak: «Sherbrookera eta Torontora etorri gara bi herrialdeen arteko osagarritasuna bilatu nahi dugulako, eta denean hazi: zientzian, osasunean eta ezagutzan. Etorkizuna orain ari gara lantzen».
Testuinguru horretan, Creative Destruction Laben zuzendari nagusi Sonia Sennikek nazioarteko nodoek programaren hedapenean duten zeregina eta Gipuzkoakoaren gisako ekosistemekin lankidetzan aritzearen garrantzia nabarmendu ditu: «CDLk aurrera egiten du zientziaren, ekintzailetzaren eta industriaren arteko eskala globaleko loturari esker. Donostia bezalako nodo berriak sartzeak ahalmen eraldatzailea duten teknologiak identifikatzeko eta bizkortzeko gaitasuna indartzen du munduko edozein lekutatik».