Salatu dute DSBEa jasotzeko mugak berrezarri nahi dizkietela kolektibo zaurgarrienei

Eusko Legebiltzarrean bihar eztabaidatuko duten lege proposamen baten bidez, laguntza jasotzen dutenei etxe bat edo alokairu kontratu bat izatea exijitu nahi diete EAJk eta PSE-EEk. Urte hasieran, auzitegiek bertan behera utzi zuten arau hori.

Argilan-ESK-k, Berri Otxoak taldeak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak iaz Bilbon egindako protesta bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Argilan-ESK-k, Berri Otxoak taldeak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak iaz Bilbon egindako protesta bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko ekainaren 25a
11:40
Entzun 00:00:0000:00:00

«Isilka-misilka», EAJk eta PSE-EEk etxe bat edo alokairu kontratu bat izateko derrigortasuna berrezarri nahi diete DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei. Hala salatu berri dute Argilan-ESK-k, Berri Otxoak taldeak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean bihar eztabaidatuko dute lurralde plangintza, etxebizitza eta hiri agenda alorreko urgentziazko neurriei buruzko lege proposamen bat, eta han jasota dago gizarte eragileek gaitzetsi duten neurria.

Urte hasieran, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen EAEko oinarrizko errenta jasotzeko iaz indarrean jarritako arauetako bat. Haren arabera, DSBEa kobratzeko baldintzetako bat zen etxebizitza baten jabe izatea, alokairu kontratu bat izatea edo norbaitek utzitako etxe batean bizi izatearen frogagiria edukitzea. Argilan-ESK-k, Berri Otxoak taldeak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jarritako helegiteari esker, ordea, azken hilabeteetan errenta eskatu dutenek nahikoa izan dute errolda agiria aurkeztea.

«EAJren eta PSE-EEren azken helburua da sistematik kanpo uztea haien ikuspegiaren arabera DSBEa jaso beharko ez luketen pertsona batzuk»

ARGILAN-ESK, BERRI OTXOAK ETA EH-KO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Dena den, pozak gutxi iraun die, arau hori isilpean berrezarri nahi baitute orain EAJk eta PSE-EEk, eragileek diotenez. «Modu horretan, lege berria onartzen denean, azken hilabeteetan DSBEa jaso ahal izan duten kolektibo zaurgarrienek ikusiko dute nola euren bizitza larritasun putzu bat bihurtzen den berriro», salatu dute.

Baina zergatik diote «isilpean» ari direla? Gizarte eragileak: «Legebiltzarrean duten gehiengoa baliatuta, lege hori EAJk eta PSE-EEk sustatuko dute, eta ez Eusko Jaurlaritzak. Horrela, ez dute memoria ekonomikorik eta halako txostenik aurkeztu beharko, deserosoak izan ohi baitira. Lege berriaren laugarren xedapen gehigarrian modu diskretuan sartu dute 2.2 artikuluaren edukia».

Azaldu dute metodo hori ohikoa dela lege bat «azalpen gehiegi eman gabe» aldatu nahi denean, eta alderdiei egotzi diete lege ingeniaritza baliatzea DSBEtik kanpo uzteko behar gehien dutenak. «Legezko tranpa bat baliatuko dute auzitegiek bertan behera utzi zutena berriro inposatzeko».

Aporofobia eta xenofobia

Salaketa egin duten hiru taldeen arabera, azken hilabeteetan kaltetua sentitu den bakarra Jaurlaritza izan da, ezin izan duelako erabat aplikatu DSBEari buruzko lege berria. «Azken helburua da sistematik kanpo uztea haien ikuspegiaren arabera laguntza hori jaso beharko ez luketen pertsona batzuk», kritikatu dute, eta gehitu jokabide horrek PPren, Vox-en eta, «zoritxarrez, aporofobiak eta xenofobiak eragindako gizarte baten babesa dutela». «Eusko Jaurlaritzak elkarren aurka jarri nahi ditu azkenak eta azken-aurrekoak», azpimarratu dute.

Gizarte eragileek 2024. urte hasieran jarri zioten helegitea DSBEaren araudi berriari. Haien arabera, baldintza berriek hartzaileen oinarrizko eskubideak urratzen zituzten, eta «sektorerik prekarizatuenei eta pobretuenei egiten zieten kalterik handiena». Arauak laguntzak jasotzeko aukerarik gabe utzi zituen etxebizitza bat okupatu dutenak, kontraturik ez dutenak, etxe berralokatu batean bizi direnak eta bestelako egoera batzuetan daudenak.

58.685

DSBEa jaso zuten pertsonak maiatzean EAEn. Maiatzean 58.685 lagunek jaso zuten diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtarrilean baino 761 gehiagok.

2023ko martxoan erreforma hori onartu arte, DSBEa jasotzeko baldintza nagusia zen Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako udalerri batean gutxienez hiru urtez erroldatuta egotea.

Lanbidek emandako datuek diotenez, maiatzean 58.685 pertsonak jaso zuten diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako 33.981 emakumezkoak ziren, eta 24.704 gizonezkoak. Urtarrilean 57.924 izan ziren DSBEa jaso zutenak.

Horren inguruan, helegitea aurkeztu zuten eragileek adierazi dute Lanbideren datuek ez dutela erakusten azken hilabeteetan iruzurrek gora egin dutenik, edo etxejabeekin legezko gatazkak areagotu direnik. Jaurlaritzak neurria ezartzerakoan erabili zituen argudioetako bi ziren horiek. Beraz, uste dute agerian geratu dela auzitegien erabakiak ez diola arazorik eragin sistemari. «Aitortu behar izan duten bakarra da pertsona pobreek ere badutela eskubidea legearen babesa izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.