Eskari ahulaz eta kostu handiez kexu da paperaren industria

Ekoizpenak gora egin zuen iaz, baina oraindik ez da iritsi 2021eko mailara. Eskarien jaitsierak inbertsioak geratu ditu ekoizpen kate osoan.

Hernaniko Zicuñaga paper fabrika, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Hernaniko Zicuñaga paper fabrika, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 18a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Zaharrak berri paperaren industrian. 2024. urtearen bigarren erdialdean eskaria asko jaitsi zela eta kostu handiek enpresen errentagarritasuna ito egiten dutela ziurtatu du Clusterpapelek, Euskadiko Paperaren Klusterrak. Ez da, gainera, urtebeteko kontua, aurreko urteetan ere antzeko kexua zabaldu baitu.

Urteroko batzarra egin du gaur Donostian EAEko paperaren klusterrak, eta han azaldu dute zertan den sektorea. 2024. urteko balantzea gazi-gozoa izan da. Batetik, ekoizpenak %8,5 egin du gora, baina ez da gai izan 2022an eta 2023an izandako %18ko jaitsiera konpentsatzeko. Salmenta handiagoek %5,3 handitu dute fakturazioa, 1.637 milioi euroraino; klusterreko bazkide berriak zenbatu gabe, %3,7 handituko zatekeen.

Baina, bestetik, erakundeak nabarmendu du eskari «ahula» ikusten duela, bai kontsumitzaile pribatuen baita industriaren aldetik ere. Gainera, eskaria amildu egin da 2024. urteak aurrera egin ahala, eta horrek gehiegizko ekoizpena eragin du sekorean. Jaitsiera globala izan denez, Europako enpresa batzuek iragarri dute itxi egingo direla; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da halakorik, baina klusterreko enpresa batzuek aldi baterako erregulaziora bidali dituzte langile batzuk.

Paper eta zelulosa kontsumoaren jaitsierak beste eragin bat izan du: inbertsioak apaldu egin dira, eta ekoizpen kate osoari eragiten diote. Izan ere, mantentze lanak eta konponketak gutxitu dira, eta material berrien eskaria ere apaldu da. Hornitzaile horiek gai izan dira orain arte jarduerari eusteko, iraganeko eskaerei esker, «baina kezkatuta daude epe laburrean ez delako eskari gehiagorik iristen».  

Kostuez kezkatuta

Baina eskari berrien eskasia paper industriaren arazoetako bat besterik ez da. Bestea kostuak direla ziurtatu du klusterrak. Argindarra pandemiaren aurretik baino %50 garestiagoa da, eta gasak orduan halako bi balio du. Klusterrak onartu du 2021. eta 2022. urteekin alderatuta ez direla igo, «baina Ukrainaren inbasioaren aurretik zeudenaren oso gainetik daude, eta horrek nabarmen txikitu du errentagarritasuna; gainera, ezin dira prezioak handitu, gehiegizko eskaintza dagoelako eta eskaerak falta direlako».

Energia ez ezik, lehengaiak ere asko garestitu dira. Papera egiteko orea merke egon zen 2023an, baina iaz %34 eta %48 artean garestitu zen abuztura bitartean. Egurra eta birziklitatutako papera ere garestitzen ari da. Eukaliptoa 2022an eta 2024an baina merkexeago dago, baina pandemiaren aurretik baino %70 garestiago; pinua, berriz, inoizko prezio handienetik oso gertu.

Lan kostuak ere asko handitu direla azpimarratu du paperaren klusterrak, soldatak inflazio handira egokitu behar izan direlako.

EAE-ko paperaren klusterra

Zenbat enpresak osatzen dute?
Urtez urte kide berriak gehitzen ari dira. Gaur egun, 45 dira; haietatik hamar dira paper edo paper orearen ekoizle (Smurfit Nervion, Zicuñaga, Papresa...), zortzi dira papera eta kartoia eraldatzen dutenak, eta 23, berriz, hornitzaileak. Software enpresa bat  (Optimitive), lanbide heziketako zentro bat (Errenteriako Don Bosco) eta bi zentro teknologiko ere badira Clusterpapeleko kide.

Zer pisu du sektoreak ekonomian?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren %1,7 dakarte paperaren klusterreko enpresek, eta industriaren BPGaren %9.

Zenbat langile?
2024 amaieran zuzeneko 3.682 enplegu zituzten klusterreko enpresek. 2022an baino 500 gehiago dira, baina kontuan hartu behar da enpresa gehiago sartu direla elkartera. Klusterrak nabarmendu duenez, hamar langiletik bederatzi baino gehiagok kontratu finkoak dituzte, eta soldata handiagoak Europako lehiakide askok baino.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.