Arrantza

«Esklabismoa» salatu du LABek Bermeoko itsasontzi batean

Sindikatuaren arabera, Beti Euskal Herria itsasontziak abisurik gabe eta kalte ordaina eman gabe bota ditu bere zortzi arrantzaleak.

LABek deitutako protesta, gaur, Bermeon. LAB
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 07a
16:56
Entzun

LABek deituta, 30 lagun inguru batu dira gaur Bermeon (Bizkaia), Beti Euskal Herria arrantzontzian gertatutakoa salatzeko. Sindikatuak jakinarazi duenez, maiatzaren 8an, itsasoratzeko prest zeudela, armadoreak arrantzaleei esan zien portuan geratuko zela ontzia, «ezelako arrazoirik eman gabe». Kofradiara jo zutenean, han argitu zieten enpresak Gizarte Segurantzatik atera zituela. Ez dute kaleratze gutunik eta ordainik jaso.

Lan baldintzak «XXI. mendeko esklabismoa» zirela dio LABek: zortzi langileetatik lau kontratu gabe zeuden, Gizarte Segurantzatik kanpo, eta baldintza «tamalgarrietan». «Beste edozein enpresatan oso larria bada, itsasontzian lan egiten dutenentzat are larriagoa da, ezinbestekoak diren segurtasun, salbamendu, lehen laguntza eta sorospen ikastaroak jaso gabe zeudelako».

Sindikatuak uste du arrazakeria ere badagoela Beti Euskal Herria itsasontziaren kasuan. «Paperik gabe, inolako eskubide aitortu gabe eta bizimodua aurrera ateratzeko edozein lan baldintza onartu beharra daukaten migratzaileez aprobetxatzen diren eskrupulurik gabeko enpresariak» gaitzetsi ditu LABek, eta administrazioei eskatu die «utzikeria» alde batera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.