Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak hurrengo lau urteetan bere menpeko euskal portuetan egingo dituen inbertsioak jakinarazi ditu. Guztira 340 milioi euro jarriko ditu: 273,9 milioi Bilboko portuan —kopuru osoaren %81,5—, eta 63,2 milioi Pasaiakoan —%18,5—. Diru horri esker, martxan jarri ahalko dituzte dagoeneko ezagunak ziren egitasmo batzuk.
Portuen jabetzaren inguruko eztabaida puri-purian dagoen honetan egin dute iragarpena. Eusko Jaurlaritzak publikoki esan du ez daukala zentzurik Pasaia «interes orokorreko» azpiegitura gisa mantentzeak, eta Espainiako Gobernuak kendu egin beharko liokeela. Hala, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo litzateke kudeaketa osoa, arrantza portuetan gertatzen den bezala. Auziak bitan banatu ditu Jaurlaritza osatzen duten alderdiak: EAJ alde agertu da, eta PSE, guztiz aurka. Egun portuak Espainiako Garraio Ministerioaren mende daude, eta ministerio horretako burua Oscar Puente da, PSOEkoa.
Espainiako Gobernuak 7.071 milioi euroren inbertsioak iragarri ditu lau urterako. Kopuru absolutuetan, %0,9 jarriko du Pasaiako porturako, eta %3,9 Bilboko porturako. Iaz garraiaturiko tonei erreparatuz gero, bi portuen garrantzia antzekoa da: ministerioak kudeatuko portu guztien zamaren %0,6 mugitu zuen Pasaiakoak, eta %6,3 Bilbokoak. 46 portu kudeatu zituen guztira, 28 agintaritzatan banatuta, eta estatistika agintaritzaka ematen du. Bilbokoa bosgarrena da zerrendan, eta Pasaiakoa 23.a.
Orduan, Pasaiakoan jarriko duten dirua asko ala gutxi da? Bada, alderatzen jarrita, Santanderko portuak (Espainia), autoen garraioan Pasaiaren aurkari zuzena denak, 150 milioi jasoko ditu inbertsiotan, Pasaiak halako bi baino gehiago. Dena den, alderaketa ez da zuzena, Santanderrek mugitzen dituen tonak Pasaiakoak halako bi baitira —14.a da zerrendan—.
Oniritzia erdiko kaiari
Diru horrekin, besteak beste, Bilboko portuko erdiko kaia handituko dute. Aspaldi eman zuen asmo horren berri, eta diruaren zain zegoen —139 milioi euro— lanak esleitu ahal izateko. Portua goraino beteta dago, eta, agintaritzaren ustez, hazteko duen aukera bakarra erdiko kaia handitzea da. Lan horiekin 31,2 hektarea hartuko dizkiote itsasoari, eta portuan jarri ahalko den azken azpiegitura handia izango da.
Hegoaldeko saihesbideko lanak 2026an hasiko dira
Espero bezala, Bilboko portura iristeko hegoaldeko tren saihesbide lanak 2026an hasiko dira. Data hori mahai gainean zegoen, eta Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak baieztatu egin du. Egun, portura doazen trenek Santurtzi eta Barakaldo gurutzatzen dituzte, baina saihesbideari esker ez dute hori egin beharko, Serantes mendiko tunela igaroko baitute —eginda dago jada—. Hamabi kilometroko saihesbidea Arrigorriagaraino iritsiko da, eta bertan lotuko da hegoaldera doan trenbidearekin. Lanek 489 milioi euroko kostua izango dute. Jaurlaritzak ordainduko ditu, eta gero Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupotik kenduko du kopuru hori.
Portuko agintaritzak esana du bertan kokatzeko eskaintza asko jaso dituela, baina oraindik ez da zabaldu zein izango den aukeratua. Industria eskaintzak lehenetsiko dituela esan zuen Rikardo Barkalak, agintaritzako portuko presidente zenean. Behin aipatu zuenez, edukiontziak garraiatzen dituen konpainia baten eskaintza jaso zuen, eta uko egin zion.
Pasaian, aldiz, lan xumeagoak egingo dituzte diru horrekin. 44 milioi erabiliko dituzte portuko sarbidea handitzeko. Egitasmo hori ikerketa prozesuan dago. Gauzatuz gero, itsasontzi handiagoak hartzeko aukerak izango lituzke Pasaiako portuak.