Jaurlaritzak Pasaiako portuaren titulartasuna eskuratu nahi du

Ubarretxenak azpimarratu du portua «estrategikoa» dela. Gipuzkoako PSE-EE kontra agertu da, lehiakortasunean ondorioak izango dituela iritzita.

Pasaiako portuaren ikuspegi orokorra. Artxiboko argazkia. PASAIAKO PORTUKO AGINTZARITZA.
Pasaiako portuaren ikuspegi orokorra. Artxiboko argazkia. PASAIAKO PORTUKO AGINTZARITZA.
aitor biain
2025eko urriaren 9a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak atzo eman zizkion Espainiako Gobernuari eskualdatzeko dauden eskumenei buruzko azken hamar proposamenak. Haien artean dago portuena. Eskumen hori 1982an jaso zuen Gasteizko gobernuak, baina hura zabaldu nahi du orain Bilboko eta Pasaiako portuen kudeaketa ere bere gain hartzeko. Pasaiako portuari dagokionez, are urrunago joan nahi du: haren titulartasuna ere eskuratu nahi du.

Portu hori interes orokorreko izendatua du Espainiak, eta, ondorioz, berea du jabetza. Gaur egun, Jaurlaritzak parte hartzen du kudeaketan, baina ezin du haren gaineko erabakirik zuzenean hartu. Portuko agintaritza izendatzeko eskumena du, esaterako, baina Madrilen baimena behar du bertan egin nahi dituen lanak egiteko, Maria Ubarratxena Autogobernu sailburuak Gasteizen kazetariekin egindako agerraldi batean adierazi duenez.

Izan ere, Gernikako Estatutuaren arabera, Jaurlaritzak bere gain har ditzake portuen eta aireportuen gaineko eskumenak, baldin eta ez badira Espainiaren interesekoak. Gaur egun, Bizkaiko eta Gipuzkoako portu guztien gaineko eskumena du Jaurlaritzak. Euskadiko Kirol Portuak erakundearen bidez kudeatzen ditu horiek; ez, ordea, Bilbokoa eta Pasaiakoa.

Bada, Pasaiakoari dagokionez, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak adierazi du katalogazio hori kentzeko baldintzak betetzen dituela, ez delako funtsezkoa Espainiarentzat, segurtasunari edo nazioarteko garraioari dagokionez. Jaurlaritzaren arabera, gaur egun Espainiaren jabetza diren 28 portuen artean 23. postuan dago. «Eta guk lehen hamar postuetan egotea nahi dugu», azpimarratu du Ubarretxenak.

Sailburuak adierazi du Pasaiako portua «estrategikoa» dela «Euskadirentzat eta Gipuzkoarentzat»; horregatik, Madrili eskatu dio legea egokitu dezala titulartasuna ere bere gain hartzeko. «Aukera ezin hobea da portua indartu ahal izateko. Oso-oso garrantzitsua da guretzat. Hura sustatu nahi dugu, haren lehiakortasuna hobetu, eta, horretarako, inbertsio handiak egin behar dira. Jaurlaritza prest dago halakoak egiteko, baita Gipuzkoako Aldundia ere».

«Pasaiako portua estrategikoa da Euskadirentzat eta bereziki Gipuzkoarentzat. Aukera ezin hobea da portua indartu ahal izateko. Hura sustatu nahi dugu, haren lehiakortasuna hobetu»

MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua

Andaluziakoak aipatu ditu Ubarretxenak adibide moduan, trafikoa asko handitu baitzaie katalogazio hori izan gabe ere. Bide hori jorratu nahi du Jaurlaritzak Pasaiako portuarekin. Bilboko portuan, ordea, ezin du halakorik egin, nahiz eta Ubarretxenak zehaztu duen aukera izango balute «eskaera bera» egingo luketela hari dagokionez ere. Edonola ere, Jaurlaritzak haren «kudeaketa osoa» eskuratu nahi du. Horretarako, legea aldatzeko eskatu dio Madrili, interes orokorrekoak diren azpiegituretan kudeaketa zuzenean bere gain har ez dezan.  

Gipuzkoako PSE-EE aurka

Eskaera horren aurka agertu da Jose Ignazio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia. Uste du ondorio ezkorrak izango dituela lehiakortasunean, lanpostuen galera ekarriko duela eta kaltegarria izango dela Gipuzkoako enpresentzat. X kontuan adierazi du hori. «Zergatik jartzen da arriskuan Pasaiko portua, eta ez Bilbokoa?», gaineratu du. Horren titulartasuna ere eskatu du Jaurlaritzak, baina.

Gainerako eskariak

Jaurlaritzak atzo egindako proposamenen artean ez dago aireportuena, bi aldeak negoziatzen hasiak direlako. Edonola ere, Loiuko, Forondako eta Hondarribiko aireportuen kudeaketa Jaurlaritzaren esku uzteko formula dago negoziazio mahaian alor horretan ere, eta ez titulartasuna eskualdatzea, azpiegitura horiek ere Espainiaren interes orokorrekoak baitira.

Horiek horrela, Jaurlaritzak eta Aenak elkarrekin kudeatuko lituzkete hiru aireportuok, uztailean Pradalesek eta Sanchezek Madrilen izandako aldebiko bileran adostu zutenaren arabera. Lantalde bat eratzea adostu zuten orduan, zeinak aztertuko duen Jaurlaritzak nola parte hartuko duen haien «kudeaketan eta lehiarkotasunean».

Beste gai korapilatsuenetako bat Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoarena da. Langabezia sariaren kudeaketaren transferentziak atea zabaldu zuen pentsioen kudeaketa ere eskualdatzeko. Baina kasu horretan ere, ikusteko dago modua zein izango den. Jaurlaritzaren proposamena da erakunde kudeatzaile propio bat eratzea, zeinak Espainiako Diruzaintza Nagusia ordezkatuko lukeen. Helburua da, esan du, «gizarte babes sistemaren kudeaketa integral eta koherenteago bat egitea», betiere Espainiako araudia eta kutxa bakarra hautsi gabe.

Horrez gain, Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Argomaizko (Araba) paradoreen «titulartasuna, kudeaketa eta ustiapena» ere eskuratu nahi ditu Jaurlaritzak; modu mailakatuan egingo litzakete hori. Trafiko eskumena ere zabaldu nahi du, zirkulazio eta autoen matrikulazioen kudeaketa bere gain hartzeko. Azterketak antolatzeko eta gidarien azterketa psikofisikoak egiteko zentroen gaineko eskumenak ere jaso nahi ditu. Nolanahi ere, gidabaimenaren eskumenak Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren esku jarraituko luke.

Udal hauteskundeak antolatzeko eskumena foru aldundien esku uzteko, Finantzen Euskal Institutuak Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutua (ICO) eta Cofides sozietate publiko-pribatua ordezkatzeko, aseguru pribatuen eta nekazaritzako aseguruen kontrola areagotzeko eta Herri Lanen Azterlan eta Esperimentazio Zentroa Jaurlaritzaren esku uzteko ere eskatu dio Madrili. Baita arrantza ikuskaritza eta segurtasun pribatuen gaineko kontrolak ere eskualdatzeko.

Hamasei eskumen dira guztira, transferitzeko bidean edo negoziazio mahaian daudenak kontuan hartuz gero. «Eskumen horiekin guztiekin osatutzat emango genuke Gernikako Estatutua», azpimarratu du Ubarretxenak. Eta berretsi du gobernu bazkideekin adostuta daudela atzo Espainiako Gobernuari helarazitako proposamenak. Atzo bezala, gaur ere baikor agertu da eskualdatze horiek urtea amaitu aurretik egiteari dagokionez. Baina aitortu du hurrengo hilabeteetan lana erruz egin beharko dutela bi aldeek horretarako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.