Espainiako Bankuko gobernadore kargurako izendatu dutenetik ez du aspertzeko betarik izan Luis Lindek. Finantza erreskatea da horren lekuko. Lindek lehen aldiz Espainiako Kongresuko Ekonomia Batzordean hitz egin du, eta, EBk ezarritako baldintzen inguruan, aurreratu du bideragarriak ez diren bankuak likidatu egingo direla. Lindek zehaztu du erakundeok Caja Castilla la Mancha, Caja Mediterraneo, CajaSur eta Unnimen pareko prozesu «ordenatua» jarraitu beharko dutela.
Haatik, likidazio hitzak asaldura eragin duenez, bere hitzak are gehiago zehaztu behar izan ditu kazetarien aurrean: «Likidatzea negozio bat ixtea eta inbertitzaileak izorratzea da. Berez, esan nahi nuen erakundeok txukundu egin behar direla, gero saltzeko». Sortutako kalapita dela eta, Luis de Guindos Ekonomia ministroak ohartarazi du inondik inora ez dela bankurik likidatuko.
Dena den, Linderen diskurtsoaren alde interesgarrienetako bat iraganaren kontakizuna izan da.90eko hamarkadatik hona Espainiako ekonomiaren etxegintzarekiko menpekotasuna eta finantza sektorearen kreditu hazkunde itzela azaltzerakoan, batez ere 2003tik 2008rako garaiarekin oso kritiko azaldu da.«Badakit gai delikatua dela, eta gaizki ulertua izateko arriskua dudala, baina auzia ez dut saihestu nahi». Haien izenak aipatu gabe, kritikatu egin ditu aurrekoak; Jaime Caruana(2000tik 2006ra bitarteko gobernadorea) eta Francisco Fernandez Ordoñez (2006tik duela gutxi arteko gobernadorea).
Haren ustez, Europan eta Estatu Batuetan bezala euforia moduko bat zegoen Espainian, eta «pilatzen ari ziren arriskuak ez ziren ikusten, edo ez ziren ikusi nahi», Gaineratu duenez, «atzeraldirik, interes tasen igoerarik edo finantzen kolapsorik inork aurreikusiko ez balu bezala».
Erantzun «desegokia»
2008an amaitu zen euforia, eta ajearen garaia heldu zen. Lau urteotan finantza sektorea onbideratzeko banku zentralak hartu dituen neurrien azterketa egiteko orduan, aitortu du «erraza» dela egungo ikuspuntutik atzera begiratzea. «Ez diot inori leziorik eman nahi, baina oro har irmotasunik gabe eta modu desegokian erantzun zaio egoerari».
Linderen ustez, Caruanaren garaian banku zentralak hornidura antiziklikoak leundu ordezgogortu egin behar zituen. Gainera, 2009an abian jarritako fusio hotzen prozesua ez zen eraginkorra izan, zailtasun politikoak galarazteko erabili zelako, baina hartu beharreko erabakiak atzeratu egin zirelako. Azkenik, atzeraldi bikoitzaren hipotesia eta horrenbestez krisiaren larritasuna aintzat ez hartzea aurpegiratu dio Fernandez Ordoñezi.
Egoera larria izanagatik moldagarria dela uste du. Linderen arabera, irailean argi geratuko da bankuen arazoak «oso kontzentratuta» daudela. «Gure esku dago arazoa luze gabe konpontzea». Oso larritzat jo du lehentasunezko partaidetzen auzia, eta konponbideak bilatuko dituela zin egin du.
Espainiako Bankuak bideragarriak ez diren bankuak likidatuko ditu
Luis Linde banku zentraleko gobernadoreak arriskuak ikusi nahi ez izatea eta krisiari irmo ez erantzutea egotzi die bere aurrekoeiKongresuan aurreratu du «luze gabe» onbideratuko dela finantza sektorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu