Ekialde Hurbileko egoerak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak hartuko ditu Espainiako Gobernuak. Zehazki, argindarrari zergak jaistea lantzen ari dira, eta, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arabera, litekeena da adostasuna lortzea elektrizitatearen BEZa Ukrainako inbasioaren garaian ezarri zuten mailara jaisteko; hau da, %10era. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak %5era murrizteko eskatu du.
Gaur bildu dira Espainiako Gobernuko ekonomia arloko ministroak CEOE patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen ordezkariekin, eta bileraren ondoren egin ditu adierazpenak Cuerpok. Esan du Ukrainako inbasioak eragindako egoera eta gaur egungoa ez direla parekoak. Baina, aldi berean, «zuhurtzia» eskatu die herritarrei, argudiatuz gatazkaren iraupenak baldintzatuko duela prezioen igoera, eta ez dagoela horren inguruko «informazio fidagarririk».
Erantsi du nekazaritzaren eta garraioaren aldeko neurriak ere ari direla prestatzen, eta esan erregaien prezioan dagoela «erronka nagusia», dieselaren prezioan batez ere, eta bi sektore horietan «eragin handia» duela horrek.
Haatik, Madrilek ez die jakiei BEZa jaitsiko. Yolanda Diaz Lan ministroak adierazi du Ukrainako inbasioaren garaian frogatu zela neurri horrek «ez duela funtzionatzen»: «Elikagaien BEZa jaistea akatsa dela uste dut. Horrek banaketa enpresen marjina handitu besterik ez du egiten. Probatu genuen neurri hori, eta ez ziren prezioak jaitsi. Ez dugu BEZa apalduko; ez da eraginkorra. Guk BEZa jaisten badugu, haiek gehiago aberastuko dira». Hain zuzen, Juan Roig Mercadonako presidenteak Espainiako Gobernuari eskatu dio elikagaien BEZa kendu dezala.
Bileraren aurretik egin dizkio adierazpenak Diazek TVE Espainiako telebista publikoari. Esan du gobernua ados dagoela neurri hori ez hartzearekin, baina desadostasunak ere badaudela elikagaien prezioak jaisteko beste neurri batzuen inguruan. Jakinarazi duenez, Sumar alderdia erosketa saskiaren prezioan «esku hartzearen alde» dago, eta badago aukera enpresen irabaziei mugak jartzeko, baina «desadostasunak» daude Espainiako Gobernuan.
Hala ere, Irango gerraren eraginen harira, «lasai» egoteko eskatu die Lan ministroak herritarrei. Adierazi duenez, espero du lantzen ari den neurrietako batzuk datorren astearteko Ministroen Kontseiluan onartzea. Onartuz gero, seguruenik, asteazkenean jarriko lirateke neurriak indarrean.
Bi lehentasun jarri ditu Diazek: «Energiaren prezioa kontrolatzea eta inor ez kaleratzea». Enpresei gogorarazi die eskura dituztela legezko zenbait neurri, hala nola diru laguntzak zailtasunak dituzten sektoreetan aldi baterako erregulazioa ezartzen badute. Halaber, gogora ekarri du «ziurrenik» debekatu egingo dutela «kausa energetikoak argudiatuta langileak kaleratzea», beste krisi batzuetan gertatu den bezala. «Ez da inor kaleratu behar; tresnak dituzte inor ez kaleratzeko».
Etxebizitzari lotutako neurriak lantzen ere ari dira: alokairuen prezioak izoztea eta etxegabetzeak gelditzea, esaterako. Baina Diazen arabera, horretan ere ez datoz bat gobernuan dauden PSOE eta Sumar alderdiak.
Pradalesen dekalogoa
Cuerpok hitz egin baino lehen hitz egin du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Pedro Sanchez Espainiako presidenteari hamar neurri planteatu dizkiola jakinarazi du. Besteak beste, etxeetako argindarraren fakturetan BEZa %21etik %5era murriztea, argindarra sortzearen gaineko zerga kentzea, eta enpresek gasa eta elektrizitatea garraiatzeko ordaintzen dituzten sarien prezioak «nabarmen murriztea».
Eusko Legebiltzarraren atarian esplikatu ditu neurri horiek. Horren aurretik, iragarri du Eusko Jaurlaritzak enpresei diruz laguntzeko hainbat neurri onartuko dituela, enpresa txikiei eta ertainei batez ere. Eta esan du Madrilek duela ardura argindar gehien behar duten sektoreetan: «Espainiako Gobernuari dagokio industria elektrointentsiboetan faktura elektrikoari muga ezartzea».