Espainiako Gobernuak osasun mentalaren babesa handituko du laneko arriskuen legean

Lehen aldiz, genero ikuspegia eta adinaren eraginak kontuan hartu beharko dira prebentzio neurrietan. Adingabeentzat debekatutako lanen zerrenda berritu du.

Igeltsero bat bero handiko egun batean lanean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Igeltsero bat bero handiko egun batean lanean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 28a
14:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laneko arrisku berriak ardatz hartuta, laneko segurtasunaren eta prebentzioaren araudiak eguneratzeko erreforma egitasmoa onartu du gaur Espainiako Gobernuak. Lan Ministerioak bultzatutako testua CCOO eta UGT sindikatuekin adostu dute, eta 1995etik eta 1997tik indarrean dauden araudiak eguneratu nahi dituzte haren bidez, «egungo errealitatera egokitzeko».

Hala, ikuspegi zabalago bat ezartzen du laneko osasunari dagokionez. Aurrerantzean, enpresek ez dute soilik langileen osasun fisikoa zaindu beharko: osasun mentala eta arrisku psikosozialak ere kontuan hartu beharko dituzte —presioa, estresa edo jazarpena—.

Horri lotuta, enpresek osasun azterketak egin beharko dituzte langile baten lan harremana hastean, aldian behin eta gaixotasunagatik baimen luze bat hartu ondoren. Azken kasu horretan, gainera, lanera itzultzeko prozedura egokituak ezarri beharko dituzte.

Testuak, halaber, langileen oinarrizko eskubideen artean berariaz jasotzen du osotasun fisikorako eta moralerako eskubidea, eta indarkeriaren eta jazarpen mota guztien aurkako babesa. Baina enpresen gain uzten du prebentzio, detekzio eta esku-hartze neurriak garatzeko ardura.

Genero ikuspegia ere txertatu dute lehen aldiz modu sistematikoan prebentzioan. Horrela, neurri espezifikoak aurreikusten dira haurdun dauden eta edoskitze garaian dauden langileen babeserako.

Era berean, adinaren eragina ere kontuan hartuko da arriskuen ebaluazioan.

Erreformak berariaz aitortzen ditu gaur egungo lan munduan gero eta ageriagoak diren arriskuak, eta enpresei horiek ebaluatu eta prebenitzeko betebeharra ezartzen die. Besteak beste, klima aldaketarekin lotutako baldintzak —bero boladak, muturreko tenperaturak—, eta telelanaren antolaketa eta horri lotutako deskonexio digitala.

Adingabeen lana

Adingabeek egin ditzaketen lanei buruz, eguneratu egin da 1957tik indarrean zegoen zerrenda. Hemendik aurrera, 18 urtetik beherakoek ezin izango dute lanik egin animalia basatiak edo arriskutsuak dauden eremuetan, ezta animalien hilketa industrialarekin lotutako lanetan ere.

Halaber, debekatuta izango dute makinek baldintzatutako erritmoan eta emaitzen araberako ordainsaria duten lanetan aritzea.

Era berean, ezin izango dute parte hartu izaera pornografikoa edo bortitza duten ekitaldi edo ikuskizunekin lotutako lanpostuetan, ezta horrelako edukiekin harreman zuzena duten lanetan ere. Eta, oro har, debekatuak izango dituzte beren gaitasun fisikoak edo psikologikoak nabarmen gainditzen dituzten lanak.

Salbuespen bakarra prestakuntza kontratuetan aurreikusten da, betiere baldintza zorrotz batzuk betetzen badira eta gainbegiratzea bermatzen bada.

Mutuen aukeraketa

Prebentzioaren antolaketari buruz, horiek indartzeko neurriak jasotzen ditu erreformak. Besteak beste, enpresek prebentzio zerbitzu propioak ezartzeko baldintzak zorroztu dira, eta enpresaburuak berak prebentzio lanak bere gain har ditzakeen kasuak mugatu dira.

Enpresa txikiei eta ordezkari sindikalik ez dutenei laguntza emateko figura berri bat sortuko da: lurraldeko prebentzio agentea.

Langileen parte hartzea ere indartu egiten da: prebentzio ordezkariek denbora gehiago izango dute beren eginkizunak betetzeko, eta gutxieneko prestakuntza bat bermatu beharko die enpresak.

Lan istripuen mutualitateen aukeraketan, enpresek sindikatuen iritzia jaso beharko dute.

Zigorrak arautzen diren atalean, berriz, legeak aukera ematen du isunen zenbatekoa murrizteko baldintza jakin batzuetan, nahiz eta neurri hori ez den aplikatuko lan istripuekin lotutako arau hauste larrietan. Aldi berean, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloko arau hausteen definizioak zehaztu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA