Espainiako Gobernuak SMIa 1.221 eurora igotzea adostu du sindikatuekin

CCOO eta UGT sindikatuek onartu dute akordiorako oinarria. CEOE eta Cepyme patronalek uko egin diote, eta igoera konpentsatzeko gobernuaren zerga pizgarri «tranpatia» salatu dute.

Yolanda Diaz, Espainiako Lan ministroa, artxiboko irudi batean. DANIEL GONZALEZ / EFE
Yolanda Diaz, Espainiako Lan ministroa, artxiboko irudi batean. DANIEL GONZALEZ / EFE
Irune Lasa.
2026ko urtarrilaren 29a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriro ere, patronalak lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko erabakitik kanpo geratu dira, eta Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin adostu du akordiorako oinarria SMIa igotzeko. Igoera %3,1ekoa izango da, eta hamalau pagatako gutxieneko soldata gordina 1.184 eurotik 1.221 eurora igoko da.

Ministroen Kontseiluak igoera onartzen duenean, neurriak atzerako eragina izango du urtarrilaren 1etik aurrera.

CEOE eta Cepyme patronalek igoera errefusatu dute gaurko bileran. Espero zen ezezkoa, bi erakundeek goizean agiria atera baitute, eta gogor kritikatu enpresak konpentsatzeko lan ministerioak egin dien azken proposamena: zerga pizgarri bat. Neurria «tranpatia» zela salatu dute patronalek, eta, besteak beste, iristeko ezinezkoak ziren baldintzak ezartzen zituela.

Auzitara

Argitzeko dago oraindik patronalek auzitara eramango ote duten SMIaren igoera. Izan ere, neurriari lotuta gobernuak sindikatuei aitortutako beste konpromiso bat dago: dekretu bat, enpresei eragozteko gutxieneko soldataren igoera soldata gehigarriak kenduz berdintzea.

SMIaren azken aldiz igo zutenean, gobernuak CCOOri eta UGTri hitzeman zien lege aldaketa hori dekretuz egingo zuela, baina azkenean ez zen dekreturik izan. Oraingoan, berriz ere gauza bera agindu die sindikatuei. Baina, gobernuak hori egiten badu, hau da, legea aldatzen badu neurria Parlamentura eraman gabe, gaia auzitara eramango dute patronalek, iragarri dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.