Espainiako Gobernuak amiantoaren biktimei kalte ordainak emateko sortutako funtsa hasi da bere bidea egiten, baina «oso motel eta muga handiekin», elkarteen eta sindikatuen arabera. Hego Euskal Herrian aurkeztu diren 90 eskaeretatik 39ri baino ez diete eman ordaina oraingoz. Gainerakoak tramitatzen ari dira edo, askotan, araudiak ezarritako baldintzetatik kanpo geratu dira.
Amiantoaren biktimentzako funtsa 2022an onartutako lege baten bidez sortu zuten, baina hori garatzeko araudia hiru urte geroago onartu zuen Espainiako Gobernuak. Iazko ekainean argitaratu zuen behin betiko erregelamendua, eta hiru hilabete geroago sartu zen indarrean.
Eskatzaileek laneko kontingentzia profesionala aitortua izan behar dute, eta amiantoarekin lotutako gaitz jakin batzuk pairatu: mesotelioma, biriketako minbizia, laringeko minbizia edo asbestosia; azken horrek eragin funtzional moderatua eduki behar du, edo larria izan. Gainera, ezin dute aurrez beste kalte ordainik jasoa izan amiantoaren eraginagatik.
Horrek guztiak milaka lagun kanpoan uzten dituela salatu dute biktimen elkarteek eta sindikatuek. Ez dute ordainik jasotzeko aukerarik, esaterako, laneko esposizioa izan arren kontingentzia profesionala aitortua ez dutenek, etxean —lantegietan gaixotutakoen arropa garbitzeagatik, adibidez— eta inguruko eraikinetan zegoen amiantoa arnasteagatik gaixotutakoek, eta jada hilda daudenen senideek. Espainiako Aurrekontu Orokorren bidez kasu horiek arautu arte ez dira funtsean aintzat hartuko.
Kalte ordain «apalak»
Kalte ordainak ere motz geratzen direla uste dute eragileek. Gaur egun, funtsak 32.000 euroko kalte ordaina ematea aurreikusten du asbestosiagatik, 48.310 eurokoa laringeko minbiziagatik, 64.414 eurokoa biriketako minbiziagatik, eta 96.621 eurokoa mesoteliomagatik.
Epaitegiek aitortutako kalte ordainen aldean kopuruak «oso apalak» direla gogoratu dute elkarteek. Azken epaietako batek agerian utzi du arrakala hori. Bilboko lan arloko epaitegi batek 663.934 euroko kalte ordaina ezarri dio Prezero Gestion de Residuos enpresari, mesotelioma pleuralagatik hil zen langile baten senideentzat.
Legea 2022an onartu zuen Espainiako Kongresuak, Eusko Legebiltzarraren ekimenez, baina araudia hiru urte geroago onartu zuen Madrilek
CCOO eta UGT sindikatuek eta Amiantoaren Biktimen Elkarteen Estatuko Federazioak —Fedavica— bilera egin zuten apirilaren amaieran Gizarte Segurantzako eta Pentsioetako Estatu idazkari Borja Suarezekin. Araudia aldatzeko eta kalte ordainak handitzeko eskatu zioten, gaur egungo sistematik kanpo geratu diren kaltetuak ere aintzat har ditzaten. Ekainaren 10ean bilduko dira berriro, eta, ohartarazi dutenez, gobernuek ez badiete eskaerei erantzuten, mobilizazioetara joko dute.
Amiantoaren biktimentzako funtsa ez zen Madrilen sortu. Eusko Legebiltzarrak bultzatu zuen lehen aldiz, eta hiru aldiz eraman zuten proposamena Espainiako Kongresura. Lehen bi saiakerak bertan behera geratu ziren, Madrilek epe eta forma arazoak argudiatuta. Azkenean, 2022an onartutako legeak Eusko Legebiltzarreko talde guztiek 2017an adostutako testua izan zuen oinarri.
Milaka biktima
Hiltzaile isila deitu izan zaio amiantoari urte luzez, material hori arnastearen ondorioak hamarkada askoren buruan agertzen baitira sarri. Horregatik da zaila benetako kaltea zenbatekoa izan den jakitea. Asviamie eta Adavan elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian 15.000 lagun inguruk egin dute lan amiantoarekin lotutako jardueretan. Erregistroak osatzen hasi zirenetik, mila pertsona inguru hil dira haren ondorioz; horietatik 30, 2024an.
Elkarteen arabera, baina, litekeena da kopuru horiek txiki geratzea. Izan ere, uste dute 2023tik aurrera kopurua handituz joango dela urtetik urtera, gaixotasuna hamarkada batzuk geroago agertzen baita, langileak erretiratuta daudenean.
Horrez gain, nabarmendu dute 1960-1980ko hamarkadetan egindako eraikin eta industrialde askotan dagoela amiantoa. Elkarteen arabera, ezinbestekoa da horien mapa edo inbentarioa osatzea, kontrolatzea eta, beharrezkoa bada, ezabatzea; baita horretarako erakundeek dirua jartzea ere.