Penitentziarekin hasi zuen Espainiak Aste Santua, eta penitentziarekin bukatu du. Ezer gutxirako balio izan du merkatuak ireki aurretik Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak 10.000 milioi euroko beste gastu murrizketa bat iragarri izana. Espainiaren arrisku sariak 402 puntutik 434ra egin du salto; mailarik handiena da abenduan PPk Madrilgo gobernua hartu zuenetik, eta %6ko interesen atarian utzi du hamar urteko zorra. Greziak, Irlandak eta Portugalek %7ko interesa zutenean eskatu zuten erreskatea. Inbertsiogileak Espainiaren zor publikoa saltzen ari dira oraindik, kontuen orekatzea eta ekonomiaren hazkundea uztartzea lortuko ez duelakoan. Burtsetan ere sumatu da kezka: Madrilgo Ibex duela hiru urteko mailan dago. Espainiari buruz esandakoak balio du Italiarentzat ere: Monti efektua urtzen ari da, eta arrisku saria 372tik 404ra igo zen atzo.
Giro nahasia gehiago nahasteko, Mariano Raxoi Espainiako presidenteari erronka bota dio Esperanza Aguirre Madrilgo erkidegoko presidenteak: dirua aurrezte aldera —48.000 milioi, haren esanetan—, eskatu dio autonomiak boterez hustea eta osasuna, hezkuntza eta justizia berriro zentralizatzea. Raxoik erantzun du esanez «oraingo eredua» ez duela dudan jartzen. Aguirre PPko sektore erradikaleko bozeramaile ez-ofiziala da, eta haren ahotik iritsi ohi dira geroago PPk ezartzen dituen hainbat politikari buruzko lehengo hotsak. Itxurak gordetzen saiatzen diren arren, harreman tirabiratsua du Raxoi moderatuarekin.
Moncloan egindako bileran, Aguirrek eskatu dio Raxoiri PSOErekin akordioa lortzen saia dadila estatua «errotik» berregituratzeko eta bikoiztasunak murriztuta «argaltzeko». Haren esanetan, autonomien estatuak «ez du sortu zenerako balio izan, hots, euskal eta katalan nazionalistak integratzeko; guztientzako kafeak balio izan du estatua konplikatzeko eta beste eskualdeen kostua handitzeko». Aguirrek dioenez,«mundu osoko analistek uste dute Espainia ez dagoela 17 miniestatu edukitzeko egoeran».
Ez da lehen aldia da PPko presidente autonomiko batek dudan jartzen duela eskumenen banaketa, baina beste batzuen aldetik iradokizuna zena modu gordinean esan du Aguirrek. PSOEren aldetik ez dirudi laguntasun handirik jasoko duenik. «Ez dezatela astakeriarik esan», esan die Rafael Simancas PSOEko diputatuak PPko buruei, eta bereziki Aguirreri. Simancasen iritziz, «muturreko eskuinak» krisia baliatu nahi du bere programa «basatiena» indarrean jarri eta «Espainiari 40 urte atzera eragiteko».
EAJ, ados Aguirrerekin
Oso bestelako jarrera erakutsi du EAJk. Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak ziurtatu du Aguirrek «bete-betean asmatu» duela, «saio okerra baitzen beren anbizioetan eta adostasun sozialetan hain desberdinak diren lurraldeak» berdin tratatzea. Hori bai, eskatu du zaku berean ez jartzeko eskuduntzak utzi nahi dituztenak eta «euskal kasuan bezalaxe, autogobernuan sakondu nahi dutenak».
Ildo beretik mintzatu da Artur Mas Kataluniako presidentea. Ontzat jo du erkidego «artifizialek» autonomia txikitzea, baina eskatu du joera horrek ez eragitea «hainbat mendetan autogobernurako borondatea erakutsi dutenei».
Espainiaren zigorra larritzen ari dela, Aguirrek proposatu du autonomiak hustea
Espainiako Gobernuak gastu murrizketa gehiago iragarri arren, arrisku saria PPren agintaldiko mailarik gorenera iritsi daOsasuna, hezkuntza eta justizia estatuari itzultzeko eskatu du Madrilgo presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu