Estreinako aldiz, hitzarmena lortu dute EAEko sukaldaritza kolektiboko langileek

ELAk eta LABek hitzarmen «historikoa» izenpetu dute. Nabarmendu dute itunak amaiera emango diola sektorearen estatalizazioari.

Eskola bateko jantokia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola bateko jantokia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko otsailaren 23a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lortu dute azkenean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sukaldaritza kolektiboko langileek urteak eman dituzte beren lan hitzarmen propioa eskatzen, eta iazko udan iragarri zuten azkenik negoziazioari ekingo ziotela eta hitzarmena lortzeko mahaia eratuko zutela. Ahaleginak fruituak eman ditu: ELAk eta LABek hitzarmena izenpetu dute, eta bi-biek «historikotzat» jo dute lortutakoa.

Sektoreak 11.000 langile inguru ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horietatik, jantoki publikoetan aritzen direnek hitzarmen propioa izan dute, baina arlo pribatuan eta itunpekoan daudenei probintziako edo estatuko ostalaritza ituna aplikatu izan diete orain arte: 5.300 langile inguru dira. Hitzarmen berriak akabera emango dio egoera horri, eta, horregatik, «lorpen historikotzat» jo dute ELAk eta LABek, bakoitzak bere aldetik. «Sektorearen estatalizazioa amaitu da, orain arte milaka langileren baldintzak Madrildik inposatzen baitzituzten», nabarmendu du ELAk; «sektoreko lan baldintzak Euskal Herrian erabakiko dira», erantsi du LABek.

Sindikatu abertzaleek azaldu dutenez, lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu hitzarmenak: soldata igoerak —%35erainokoak izango dira, zenbaitetan—; lanaldia murriztea urtean 1.592 ordura; lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoa arautzea; gauez, igandeetan eta jaiegunetan lan egiteagatik osagarriak ematea; antzinatasuna arautzea; lan istripuek eta lanbide gaixotasunek sorrarazitako aldi baterako ezintasunagatik ematen duten prestazioa %100era igotzea eta abar.

«Borrokaren emaitza»

Bi sindikatuek nabarmendu dute langileek egindako borrokaren emaitza dela hitzarmena. ELAren iritziz, akordioa ez zen posible izango «hainbeste langilek azken urteetan egin duten etengabeko borrokarik eta erresistentziarik gabe». LABek, berriz, uste du «mobilizazioaren emaitza zuzena» dela ituna: «Horrek erakusten du antolakuntza kolektiboa ezinbestekoa dela eskubideak lortu eta lan baldintzak hobetzeko».

Hitzarmena 2025etik 2032ra egongo da indarrean. Datozen asteetan, sindikatuek lantokietara eramango dute hitzarmena, eta horren edukiaren berri emango diete langileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.