Etxe Zuria, errealitatea eta showa

Onerako edo txarrerako, eta ezer baino gehiago, itzelezko espektakulua izan da AEBetako presidentearen bigarren agintaldiko lehen urtea; 'reality show' batean harropuztutako Trump bat, euskarririk edo loturarik gabe ibiltzeak ahalbidetu duen espektakulua.

Etxe Zuria, uztailaren 4ko ospakizunetarako argiztatua. ETXE ZURIA
Etxe Zuria, uztailaren 4ko ospakizunetarako argiztatua. ETXE ZURIA
Irune Lasa.
2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erritmo bizia, zorabiatzailea ia oka eragiteraino; Donald Trumpen itzulerako lehen urteak —bigarren denboraldiko lehen atalak— erakusten du Etxe Zuriko reality saioak tentsioari askoz ere hobeto eutsi diola aurreko denboraldiak baino, hori bai, ia mundu guztiaren nahigaberako.

Ziurrenez, izango da liburu, film edo telesail burutsu baliagarriagorik Trumpen azken urte honek arlo ekonomikora zer ekarri duen irudikatzeko. Baina zergatik ez reality show-ak? Bonusarekin gainera, guest star izar gonbidatu bat ere agertuko baita lerrootan: Fred, Trumpen aita zena.

Zalantza gutxi dago Etxe Zurirako bidea The Apprentice (aprendiza) realityak zabaldu ziola Trumpi. Hamalau denboralditan, negozioetako aprendizak sari bat irabazteko eta Trumpentzat lanean urtebetez aritzeko lehiatzen ziren, eta atal bakoitzean Trumpek hautagaietako bat kaleratzen zuen: «You're fired!» (kaleratuta zaude!).

Errealitate editatu hartan, talentuzko negozio gizon gisa agertzen zen higiezinekin espekulatzen zuen New Yorkeko aberaskume hura. Izugarrizko ospea lortu, eta irudi horrekin urratu zuen Etxe Zurirako bidea. Agintaldi bakarrarekin ez zuen nahikoa, ez, eta Joe Bidenen parentesia tarteko, bigarren agintaldia bilatu zuen, besterik ez bada ere kartzelari ihes egiteko. Eta lortu zuen. Eta pasatu da urtebete. Eta ez alferrik.

'Jackass'. Muga zergen kirtenkeria.

Askorentzat ulergaitza izanagatik ere, batzuei grazia egiten zien astakirten kuadrilla elkarri min ematen eta aldrebeskeria arriskutsuenak —edo nazkagarrienak— egiten ikusteak, Jackass-en, MTV katean 2000ko urteetan eman zuten reality show-ean.

DONALD TRUMP, MUGA ZERGAK
Donald Trump joan den apirilean, elkarrekiko muga zergak aurkezten. KENT NISHIMURA / EFE

Zertarako egin min horrela nork bere buruari? Indar erakustaldi gisa? Ikuskizunaren izenean? Galdera horiek piztu zituen apirilean Trumpek bere elkarrekiko muga zergen zentzugabekeriarekin, zeina oraindik ulertezina den mundu gehienarentzat; besteak beste, hasieratik argi zegoelako kaltetu nagusia AEBetako ekonomia bera izango zela. Zertara zetorren, adibidez, Txinako inportazioei %145eko muga zergak ezartzea?

Gerora, muga zerga haietako batzuk apaldu egin dira, Trump kikildu egin zelako, adibidez, Txinaren aurrean. Horrek esplikatzen du, hein batean, inflazioaren igoera mugatua izana, baita kaltetuenak enpresa txikiak izateak ere, eta ahalik eta enpresa gehienek hainbat bide hartu izanak muga zergak ordaintzea saihesteko.

Adituek uste dute muga zergen kalteak gehiago igarriko direla hazkundean prezioetan baino, eta hor adimen artifizialaren inguruko hazkunde -—burbuila— ikusgarriak konpentsatzen du kaltea.

Edonola ere, muga zergekin bildutako diruak ez dira inondik ere iristen Trumpek iragarritako bilioika dolarretara, eta zortzi hilabete dira lanpostuak murrizten ari direla industrian, Trumpek argudio hori erabili arren muga zergak ezartzeko. Ikusteko dago diru horiek ez ote dizkien itzuli beharko inportatzaileei, Auzitegi Gorenak baliogabetzen baditu. 

Hurrengo atalean: muga zergen inguruko ziurgabetasunak inbertsioak eta enplegua zamatzen jarraitu dezake AEBetan, are gehiago zerga horiek izanik Trumpen tresna gogoenetakoa herrialdeak, dena delakoagatik, mehatxatzeko. Eta, gero, AEBek bidea markatu dute, eta mugimendu protekzionista gehiago etorriko dira munduko merkataritzara.

'First Dates'. Xirekin nahi.

Teorian erromantiko izango liratekeen hitzorduen First Dates reality show-a dakarte gogora Trumpen AEBen eta Xi Jinpingen Txinaren arteko harremanek. Elkarri muga zergak jarri eta kendu ibili dira bi herrialdeak ia urte osoan; elkarri mehatxuka, batzuetan modu agerian eta besteetan modu ezkutuagoan, orain muga zergekin, orain txipekin, orain lur arraroekin.

P20251029DT 2226
Donald Trump eta Xi Jinping iazko urrian Hego Korean. ETXE ZURIA

Gorabehera horien guztien gainetik, hori bai, ematen zuen Trumpek benetan nahi zuena Xirekin aurrez aurre egotea zela; gizon gogor eta ahaltsuen arteko hitzordu bat.

Urriaren 30ean iritsi zen bilera, Busanen (Hego Korea), eta Trump bereziki atseginez betea agertu zen ondoren. Xi, berriz, nahikoa hotz.

Ordutik bi herrialdeen arteko ika-mika apaldu egin dela dirudi, baina egiaz gertatu dena da Trumpek kasik Txinari buruz hitz egiteari utzi diola, Asiako herrialde horren hainbat alorretako norabide arrakastatsuari begira, gai horretan AEBetako presidenteak harrotzeko gutxi baitauka ziurrenik, eta kezkatzeko asko.

Hurrengo atalean: Trump apirilean Pekinera gonbidatu du Xik, eta AEBetako presidenteak urte amaieran Txinako agintaria AEBetara joatea nahi du. Eta, bitartean, espero izatekoa da bi herrialdeek elkarren arteko gerra hotz modukoarekin jarraitzea, elkar nabarmen mindu gabe, baina bitartean euren burua sendotuz eta armatuz.

'Naked and Afraid'. Biluzik eta beldur, Europa.

Elkar ezagutzen ez duen bikote bat biluztu eta 21 egun oihanean bizirauten jartzen zuen reality show-arekin antzik har dakioke Europako Batasunak Trumpekin aurten bizitakoari. Biluzik geratu da blokea, AEBen aliatu zela pentsatu eta meneko dela konturatu delako; biluzik, ezgai bere burua armaz defenditzeko, edo Ukrainari Errusiaren kontra gerran laguntzeko.

p20250818dt 2178 54732163195 o fb8a69
Europar buruzagiak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea babestera Etxe Zurira joanak, iazko abuztuan. ETXE ZURIA

Pentsa daiteke ezintasun hori dela arrazoi nagusia Europak ez erantzuteko neurri propioekin Trumpen muga zerga arbitrarioei. Baina, gai askotan, interes eta jokamolde desberdinak eta haserreak ere badaude Batasuneko kideen artean, reality hartako bikotekideen artean bezala. Eta iraupena jokoan.

Hurrengo atalean: AEBek eragindako biluztasunarekin, gogorragoa egiten ari zaio EBri Txinaren nagusitasun ekonomikoari eustea, eta modua topatu beharko du ahalik eta azkarren birkokatzeko. Eta oihan honetan badago beste piztia mehatxagarririk, hala nola AEBetako konpainia teknologikoak, Europaren burujabetasun digitala babesteko eta bultzatzeko arauen kontra lotsarik gabe kontinenteko ultraeskuina sustatzen ari direnak.

'Temptation Island'. Estatubatuarrak limurtu nahian.

Bikoteak banandu eta bikotekideak tentatzeko zenbat «zirraragarria zara», «begira nire giharrak —edo bularrak—», «nik bai maiteko zaitudala» entzungo ote ziren AEBetan sortutako Tentazioen Irla reality-aren nazioarteko moldaera guztietan? Antzekoak izan ziren Trumpek bozkatzaileak berriz ere konbentzitzeko erabilitako mantrak : «Egiazko amerikarrak lehenak», «ni gizonetan gizonena», «prezioak jaitsiko ditut».

P20250530DT 0606
MAGA mugimenduko jarraitzaile bat Trumpek joan den maiatzean egindako ekitaldi batean. ETXE ZURIA

Hainbatetan balio izan dion jokamoldean, zarata sortzeko esaldi biribilak ere erabili ditu AEBetako presidenteak urte honetan, bere ilusio jokoarekin jarraitzeko. Agintaldiaren ehungarren egunean Trumpen ekonomiaren urrezko aroa aipatzen zuen, eta abenduan ere berdin: «Lanpostuak sortzen ari dira, prezioak behera doaz, eta soldatak gora». «Zeini sinetsiko diozu, niri ala zure begi gezurtiei» gehitu zezakeen, lan merkatua makalduta baitago AEBetan eta prezioak ez baitira jaitsi; aldiz, batez ere elikagaiak eta argindarra garestitu egin dira.

Urtearen amaieran hasi da AEBetako presidentea neurri batzuk iragartzen —ikusi beharko da betetzen dituen— herritarrak poltsikotik bereganatzeko, eta, adibidez, bankuen kreditu txartelen interesei %10eko sabaia jarriko diela esan du. Oso zalantzazkoa da Trumpek eskumenik baduen horretarako.

Hurrengo atalean: Trumpek estatubatuarrak limurtzen jarraitzea beste irtenbiderik ez du. Azaroan midterm-ak datozkio, Kongresua berritzeko hauteskundeak, eta, Zohran Mamdanik New Yorken bezala, hautagai demokratak eskuragarritasunaren (affordability) karta jokatzen ari dira eta hauteskundeak irabazten hasiak dira, errepublikanoen kezkarako. Estatubatuar xeheen eguneroko estutasun ekonomikoak garrantzia hartuz joango dira, eta gai horien inguruko Trumpen promesak ugaltzen, gero beteko ez baditu ere.

Kardashian ahizpak, kriptoanaiak eta Trumpen familia

Asko daude estutasunean, baina estatubatuar batzuk beste reality batean bizi direla esan daiteke. Adibidez, Kardashian ahizpen reality-ko munduan; kirurgia plastikoaren, jantzi dirdiratsuen, jai arranditsuen eta apetarik arraroenen mundua da, ultraaberatsen unibertsoa.

f20250904ah 2812 54778707470 o
Mark Zukerberg, Trumpek konpainia teknologikoetako buruekin egindako afari batean. ETXE ZURIA

Hainbat analistaren arabera, Trumpek Etxe Zurian egindako urte honetan, estatubatuarren %10 izan dira benetako irabazleak; besteak beste, aberatsenei mesede egiten dielako Trumpen Big Beautiful Bill delako aurrekontu legeari esker. Beste aditu batzuek marra toki jakin batean jarri dute: irabazleak finantza merkatuetan akzio eta parte hartzeak dituztenak dira, eta halakorik ez dutenak, berriz, galtzaileak.

Izan ere, finantza merkatuek gora eta gora jarraitu dute AEBetan —baita munduko beste toki askotan ere— muga zergei, gerrei eta hainbat gertakariri ia antzeman gabe. Ekonomiaren inguruko ziurgabetasunak ez die eragin burtsei eta abarrei, eta neurri batean berretsi da finantza merkatuak ez direla ekonomiaren isla zuzena.

Baina egia da, era berean, balore merkatuen bilakaera ona batez ere konpainia teknologikorik handienen hazkunde ikusgarritik datorrela, eta azken horien igoera, era berean, adimen artifizialaren gorakada ikusgarritik.

Hain zuzen, konpainia handi horietako batzuen atzean daude technobro deiturikoen lider nagusiak, konpainia teknologiko nagusien jabetzan. Haiek daude J.D. Vance-ren presidenteordetzaren atzean, eta gero eta agerikoagoa da zer nahi duten Trumpen reality-aren bigarren denboraldi honetan: bidea libre nahi dutena egiteko —baita Europaren ere—, tartean desarautzea kriptodiruetarako.

Eta kriptodiruekin, aurten izugarri aberastu dena Trumpen familia izan da. Forbes aldizkariak azaroan argitaratutakoaren arabera, urte bakarrean Trumpek, haren emazte Melaniak eta haren semeek —Ericek, Don Juniorrek eta Barronek— orotara 5.000 milioi dolarretik gorako fortuna bildu dute.

Hurrengo atalean: inork ez daki adimen artifizialaren inguruan burbuilarik dagoen, eta egotekotan noiz egingo duen eztanda. Hurrengo atalean, 2026an iritsiko da beheraldia finantza merkatuetara? Trumpek kanpainan iragarritako desarautzea ere irits daiteke, banku eta abarrei eskuak libre utziz, adibidez, kriptodiruekin, 2008ko krisiaren lezio guztiak ahaztuta.

Elon Musk, duela urtebete Trumpen presidentetza ospatzeko ekitaldian. BERRIA
Elon Musk, duela urtebete Trumpen presidentetza ospatzeko ekitaldian. BERRIA

Eta, bestalde, kezkatzeko arrazoi ugari daude AEBetako konpainia teknologikorik handienek eta haien atzean dauden ultraaberatsenek har dezaketen bideari dagokionez. Ez dira gutxi teknofeudalismoaren etorreraz ohartarazten ari diren ahotsak. Eta egungo portaerak ikusita —ezin ahaztu Elon Musken agerraldi gogoangarriak lehen atalaren hasieran—, pizten da beste galdera bat ere: anbizioa, diruzalekeria, muturreko ikuspuntu politikoen sustapena, inpunitatea aldarrikatzen duten burmuin ustez pribilegiatu horiek zenbateraino jango dituzte drogek?

Fred Trumpen reality-a

Joan den urte honetan, AEBetako albisteen telebista kateak ikustean, zer pentsatua ematen zuen: kazetariak ikusi eta entzutea zentzuzkotasun bat, testuinguru bat eman nahi eta ezinean, malabaretan, minutu batzuk lehenago Trumpek botatakoei. Aipatu izan da AEBetako hainbat hedabidek erabaki dutela nolabaiteko neurritasun batez aritzea Trumpen berri ematean; une oroko presentzia lortzeko asmoarekin, esaldi arranditsuz eta iragarpen hutsalez jositako reality show-a bereizteko egiazko errealitatetik. 

Hiru urte geratzen dira Trumpek bere agintaldia amaitzeko. ETXE ZURIA
Hiru urte geratzen dira Trumpek bere agintaldia amaitzeko. ETXE ZURIA

Hain justu, errealitate faltsuei buruz gogoetatzekoa da Fred Trumpen pasadizoa. Donald Trumpen aita zenak, Fred Trumpek, dementzia nozitu zuen bere bizitzako azken urteetan, eta seme-alabek, gaixoari normaltasun bat eman nahian-edo, gezurrezko bulego bat atondu zioten etxean, idazkari gisa jantzitako erizain eta guzti. Goizero kaleko beztitu eta hara eramaten zuten, konexiorik gabeko telefonotik bere negozioetan jarraitzen zuela pentsa zezan. 

Hurrengo atalean: ezin semeari egin aitari egindakoa. Baina zer da errealitatea, zer da reality show-a? Jarraitu beharko, ezinbestez, Etxe Zuriari adi, hurrengo trumpkeriaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.