Etxebizitzak %12 garestitu dira azken urtean, eta EAEn jada gainditu dute 2007ko maila

Nafarroan, 2007an baino %11 merkeago daude. Etxebizitza berriak gehiago garestitu dira bigarren eskukoak baino.

Higiezinen agentzia bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Higiezinen agentzia bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 5a
11:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemezortzi urte behar izan ditu etxebizitzen merkatuak 2007ko prezioetara itzultzeko. Azken urtean %12 egin du gora haien prezioak, eta, EAEn bederen, 2025eko bigarren hiruhilekoan garestiago zeuden etxebizitzak 2007an baino. Nafarroan, berriz, oraindik %11 merkeago daude, INE Espainiako estatistika institutuak gaur emandako datuen arabera.

Ñabardura pare bat egin behar dira, ordea. Batetik, etxebizitza berriek hautsi dituzte duela hemezortzi urteko markak, bigarren eskukoak oraindik merkeago baitaude. Horrela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizitegi berriak 2007ko bigarren hiruhilekoan baino %47 garestiago daudela diote INEren datuek. Bigarren eskukoak, kontrara, %14 merkeago daude oraindik. 

Bigarren kontua da orduko prezioak eta oraingoak ez direla objektiboki berdinak. Hau da, orduko soldatak eta gaur egungoak, herritar gehienentzat behintzat, ez dira berdinak, eta, hortaz, garai hartan etxebizitzak are garestiago zeuden proportzionalki. 

Gora 2014az geroztik

Etxebizitzen prezioak gorakada handia izan zuen XXI. mendea hastearekin batera, eta 2007an jo zuen goia. Zehatzago esateko, urte horretako hirugarren hiruhilekoan. Orduan hasi ziren ikusten lehen arazoak banku sektorean —Northern Rockek irailean eskatu zion erreskatea Erresuma Batuko Gobernuari—, aurreko urteetan erruz emandako maileguen eta horiek finantza produktu gisa saldu izanaren ondorioz.

2008an lehertu zen erabat finantza krisia, eta etxebizitzen prezioa merkatzen hasi zen, poliki hasieran, baina ziztu bizian zor publikoa ordaintzeko arazoek erreskateak eragin zituztenean. Horrela, betiere INEren arabera, etxebizitzak batez beste %40 merkatu ziren EAEn 2007tik 2014ra, eta %46 Nafarroan. Batez besteko datuak dira horiek, prezioen bilakaeran alde handia baitago hirien, herrien eta auzoen artean.

Azken bi urteak

Krisi ekonomikoa baretu ahala hasi ziren prezioak igotzen, baina, oro har, igoera apalak izan dira 2023. urtera arte. Azken bi urteetan, ordea, garestitzea oso nabaria izan da: %8,5 handitu ziren prezioak EAEn, eta %10,3 Nafarroan. Azken urtean, berriz, are bizkorrago: %12,4 EAEn, eta %12 Nafarroan.

Alde handirik ez dago etxebizitza berrien eta erabilien artean. Berriak %11,5 eta %11,9 garestitu dira hurrenez hurren EAEn eta Nafarroan, eta bigarren eskukoak, berriz, %12,3 eta %12,6. 

etxebizitza
Etxebizitzak eraikitzen Bilboko Zorrotzaurren, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE

Garestitze horren atzetik merkatu bero bat dago. Etxebizitzaz jabetzeko ezintasunari buruzko mezua oso zabalduta dago gizartean —eta hala da askorentzat—, baina kontua da salmentak bizkortzen ari direla. INEren arabera, urteko lehen seihilekoan 16.959 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %18 gehiago. 2007az geroztiko daturik handiena da.

Eta beste uste bat ere bada: salmenta gehienak bigarren etxebizitzei dagozkiela eta etxebizitzekin negozioa egiten ari diren funtsek egiten dituztela. Horrelako erosketak egon badaude, baina bada datu bat erakusten duena etxebizitza gehienak bertan bizitzeko saldu direla: hipotekena. Ekainera arte 15.437 etxebizitzaren hipotekak erregistratu dira Hego Euskal Herrian; hau da, tarte horretan salerositako etxebizitzen %91 bankuek finantzatutakoak izan dira, eta horien artean nagusi dira lehen etxebizitzarako direnak.

%21,8

Zenbat diren etxe berriak. 2007ko prezioak hemen dira, baina orduko etxebizitza merkatuarekiko alde handi bat badago: 2007an, salerositako etxebizitzen %47 izan ziren lehen eskukoak, eta portzentaje horri edo handiagoei eutsi zitzaien 2012ra arte. 

Aurtengo lehen sei hilabeteetan, berriz, saldutakoen %21,8 baizik ez dira izan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.