Inflazioa apaldu ahala merkatu dira maileguak, eta, horrekin batera, abiada bizia hartu du etxebizitzen salmentak. 2025ean, 34.131 etxebizitza salerosi ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino %11,7 gehiago. Kopururik handiena da etxebizitzaren burbuila lehertu zen urtetik, 2008. urtetik, eta asko gerturatu da 2007ko marka historikora (35.732).Â
Saldutako etxeen kopuruan ez ezik, prezio aldetik ere burbuilaren urteen parean daude bizitegiak, azken urtean %11 inguru garestitu baitira. INE Espainiako estatistika erakundeak bi aste barru emango du 2025eko batez besteko prezioaren berri, baina urte horretako hirugarren hiruhilekoak aintzat hartuz, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko gainditu du 2007ko maila, baina Nafarroan %10 merkeagoak daude oraindik. Kontuan hartu behar da 2007tik 2013-2014ra etxebizitzak %40 merkatu zirela Hegoaldean batez beste, betiere INEren arabera —nahiz eta egia den beherakada hori txikiagoa izan zela lekurik preziatuenetan—.Â
Hori bai, kontuan hartu behar da 2007az geroztik inflazioa handitu egin dela —%45 inguru—, eta harekin batera soldatak ere bai; hau da, oro har, orduko kostu erreala handiagoa dela oraindik. Alokairuetan, ordea, ezin da halakorik esan, inflazioaren gainetik garestitu direlako oro har.
Berriak, %15 gehiago
Prezioen etengabeko igoerak berriro lehen lerrora ekarri du etxea eskuratzea arazo latza dela herritar askorentzat, eta batez ere gazteentzat. Horri aurre egiteko moduetako bat bizitegi berriak eraikitzea izan da, eta horren lehen emaitzak ikusten dira dagoeneko estatistika ofizialetan.Â
Horrela, 2025ean 7.782 etxebizitza berri salerosi dira Hegoaldeko lau lurraldeetan, 2024an baino %15 gehiago. Halako kopururik ez zen ikusten 2012az geroztik.
Urte horretara egin behar da atzera babes ofizialeko etxebizitzen salmenta handiago bat ikusteko —3.336 izan dira, saldutakoen ia %10—. Ikusi beharko da zer gertatuko den hurrengo urteetan babes ofizialeko etxebizitzen kopuruarekin, proiektu asko abian daudelako, baina haietako gehienak alokatzeko dira, eta ez erosteko.
hipotekak %19 handitu dira
Etxebizitzen merkatuan inbertsio funts batzuk sartu dira azken urteetan, baina oraindik ere salerosketa operazio gehienak partikularren artekoak direla erakusten du hipoteken datuak. INEk ostegunean berritu zuen berea, eta, horren arabera, iaz 31.373 hipoteka sinatu ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino %19 gehiago. Hau da, guztiak etxea erosteko balira —eta halakoak dira gehienak, baina ez guztiak—, horrek esango luke iaz salerositako etxeen %92k hipoteka bat dutela.Â
Etxebizitzen garestitzea argi ikusten da hipoteketan ere. Batez beste, 166.400 euro eskuratu dituzte bankutik hipoteka bat eskatu dutenek, 2024an baino 11.300 euro gehiago (+7,4).Â
Â