Aldi baterako lana galdu dutenentzat, autonomoentzat eta enpresentzat zenbait neurri onartu ondoren, Espainiako Gobernua beste bi kolektibo laguntzeko aukera aztertzen ari da: etxeko langileak eta maizterrak.
Espainiako Lan Ministerioko iturriek berri agentziei baieztatu dietenez, laguntza berezi baten azken xehetasunak fintzen ari dira koronabirusaren krisiaren ondoren enplegua edo diru sarreren zati handi bat galdu duten etxeko langileentzat.
Euskal Herrian 35.000 lagun ari dira etxeko langile gisa kotizatzen Gizarte Segurantzan. Soldatapeko langileek eta autonomoek ez bezala, etxeko langileek ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik, horretarako kotizatzen ez dutelako.
Ministerioko iturriek ez dute zehaztu zenbateko laguntza jasoko duten etxeko langileek, baina kotizazio oinarriaren %70ekoa izan daitekeela aurreratu du El País egunkariak.
Kotizazio oinarria soldata gordina da, baina aparteko sarien zati proportzionala gehituta. Haren gainean kalkulatzen da langile batek eta haren kontratatzaileak zenbat ordaindu behar dion Gizarte Segurantzari.
Alokairuak ez ordaintzea
Alokairuei dagokienez, eztabaida gogorra dago Espainiako Gobernuaren barruan maizterrei eman beharreko laguntzen inguruan, Unidas Podemoseko ministroek eskatu dute enplegua galdu dutenek eta lanaldia murriztu behar izan dutenek ez ordaindu behar izatea beren etxeko alokairua bi hilabetez. Etxearen jabeari kalte ez egiteko, estatuak bere gain hartuko luke alokairuaren zati bat edo guztia.
Alokairuak ez ordaintzeko aukerari eragozpen gehien jarri dien ministroa Nadia Calviño da, Ekonomia ministroa. Argudiatu duenez, alokatzaile gehienak pertsona pribatuak dira, eta diru sarrera nagusirik gabe gera daitezke maizterrek pagatzen ez badiete. Gaur goizean aitortu du «hainbat aukera» aztertzen ari direla alokairua ordaintzerik ez dutenei laguntzeko. «Ziurtatu behar dugu neurriak eraginkorrak eta ongi zuzenduak direla, eta ez ditzatela zehar kalteak eragin», esan du.
Calviñok nabarmendu duenez, desberdina da etxearen hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarren kasua, haien kasuan zorra banku batekin dutelako. Talde horrentzat laguntza bat onartu du jada Espainiako Gobernuak, baina azken egunotan kaleratutako letra txikiak asko zailtzen du laguntza hori jasotzea.
Etxebizitza publikoetan bizi diren maizter askok lortu dute azken egunotan alokairua ez ordaintzea, baina, gehientsuenek jabe pribatu bati ordaintzen diotenez, laguntza eskatu dute azken egunetan.