Euriborra %3,24ra igo da irailean, mailarik gorenera 2024tik

Laugarren hilabetez jarraian egin du gora, eta duela urtebete baino 1,07 puntu handiagoa da.

Etxebizitza berrien auzo bat Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Etxebizitza berrien auzo bat Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko irailaren 30a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inflazioaren gorakadak Euriborrarena dakar. Irailean berriro ere gora egin du hipotekak kalkulatzeko indize horrek, %3,24raino. Abuztuan %2,95ean zegoen, eta laugarren hilabetez jarraian handitu da. 2024ko uztailetik izan duen mailarik altuena da, orduan %3,52koa izan baitzen. Igoerak eragina izango du interes tasa aldakorra duten hipoteketan —hamarretik lau inguru—, hurrengo berrikuspena iristen zaienean.

Hipoteka mota horiek dituztenek sei hilean behin edo urtean behin eguneratzen dituzte hileko kuotak. Euriborra %2,56koa zen duela sei hilabete, eta %2,17koa duela urtebete. Horrenbestez, urtean behin berrikusten dutenek nabarituko dute igoerarik handiena.

Kuotaren garestitzea, ordea, ez da berbera kasu guztietan: ordaintzeko dagoen kapitalaren, hipotekaren iraupenaren eta kontratuko diferentzialaren arabera kalkulatzen da.

Adibide gisa, 150.000 euroko mailegua 25 urtean itzuli behar den eta Euriborrari %1eko diferentziala gehitzen zaion hipoteka batean, urteko berrikuspenak hilean 85 euro inguruko igoera ekarriko du; hau da, 1.045 euro gehiago urtean. Sei hilean behin berritzen dutenentzat, berriz, igoera 58 euro ingurukoa izango da hilean.

Iraileko igoerak urteko goranzko joera berresten du. Otsailean %2,22ra jaitsi ondoren, Euriborra %2,56ra igo zen martxoan, eta ordutik gorantz jarraitu du. Joera hori Irango gerraren ondorioz energiaren prezioek izan duten bilakaerarekin eta inflazioaren gorakadarekin lotuta dago. Irailean, gainera, Europako Banku Zentralak interes tasak puntu laurden igo zituen, eta diruaren prezioaren garestitzeak presioa handitu du.

Etxeen merkatua, bizirik

Euriborraren gorakadak ez du, oraingoz, hipoteken kopurua nabarmen jaitsi Hego Euskal Herrian. Urteko lehen seihilekoan 15.472 hipoteka sinatu ziren etxebizitzak erosteko, iazko epe berean baino %1,1 gehiago. Hazkundea, hala ere, 2025ean izandakoa baino askoz apalagoa izan da.

Maileguen zenbatekoa, aldiz, nabarmen handitu da. Guztira, 2.745 milioi euro baino gehiago mailegatu dituzte bankuek, %10,4 gehiago, eta batez besteko hipoteka 177.476 eurokoa izan da, iaz baino %9,2 handiagoa. Etxebizitzen prezioak garestitu egin dira, eta batez ere horregatik eskatu izan dituzte mailegu handiagoak.

Dena den, hipotekak garestiagoak izanagatik ere etxeen merkatua ez da apaldu.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA