Euriborrak azken hamabost urteetako jaitsierarik handiena izan du

Europako Banku Zentralak interes tasak jaisten jarraituko duela ikusita, %2,143ra jaitsi da mailegu aldakorrak kalkulatzeko indizea. Tasa are txikiagoa espero da maiatzean.

Bilboko banketxe batzuk, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Bilboko banketxe batzuk, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko apirilaren 30a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte hasierako gorabeherak eta zalantzak alde batera utzi ditu Euriborrak apirilean. Jaitsiera handia izan du martxoaren aldean —%2,398tik %2,143ra igaro da—, baina are garrantzitsuagoa dena, erorialdia ikusgarria izan da iazko apirileko datuarekin alderatuz gero —%3,707 zen—, eta horrek kuoten jaitsiera orokorra ekarriko du orain maileguaren zenbatekoa berrikusi behar dutenentzat. Urtean behin eguneratzea da ohikoena.

Zehazki, 150.000 euroko hipoteka bat itzuli behar duenak, Euriborra gehi %1eko interesarekin, 976 euro ordaintzen aritu da azken urtean, eta 847 euro ordainduko ditu orain, ia 130 euro gutxiago hilean, 1.560 euro gutxiago urtean. Maileguen kuota apaldu egiten da bankuari zor zaion kopurua apaldu ahala, eta aurrezkia, hortaz, txikiagoa da mailegua ordaintzen denbora pasatu ahala.

Euriborraren 1,6 puntuko jaitsierak ez dira ohikoak. Are gehiago, halako neurriko apaltzerik ez da izan 2009ko abenduaz geroztik. Orduan banku zentralak interes tasak jaisten ari ziren, Atzeraldi Handiari aurre egiteko. Oraingoan ere beherantz doaz interes tasak, 2022-2023 aldiko inflazio aldiak indarra galdu ahala, eta are gehiago jaitsiko direla pentsatzeak eragin du apirilean Euriborrak koska pare bat jaistea.

Maiatzean ere apaltzea antzekoa izango dela espero da, handiagoa ez bada. Izan ere, gaur %2,049an kokatu da Euriborra, eta analistek espero dute hurrengo egunotan ehuneko biren langatik behera igaroko dela. Iazko maiatzean, berriz, %3,680an kokatu zen.

EBZk ez du bilerarik egingo maiatzean, baina bai, ordea, ekainaren 5ean. Orduan zer egiteko asmoa duen ez zuen aurreratu duela bi asteko bileran, baina beste jaitsiera bat izango dela espero dute analistek, inflazioa behera doalako —ostiralean jakingo da apirileko lehen estimazioa—, baina, batez ere, Donald Trumpek piztutako merkataritza gerrak euroguneko ekonomiari kalte egingo diolako.

Orain %2,25 da EBZren erreferentziazko tasa, gordailuena, baina urtea %2tik behera amaituko duelakoan daude analistak, eta horrek Euriborra ere beheratu beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.