Euroguneko ekonomia %0,1 hazi da, uste baino gehiago

Alemania tasa negatiboetara itzuli da, baina Frantziako ekonomiaren hazkundea bizkortu egin da.

Edukiontziak Mannheimeko portuan. ROLAND WITTEK / EFE
Edukiontziak Mannheimeko portuan. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2025eko uztailaren 30a
12:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datu makroekonomikoekin ere, batentzat ona dena beste batentzat txarra da. %0,1eko hazkundea txarra izango litzateke Euskal Herriarentzat, baina ez halabeharrez eurogunearentzat. Hala izan da 2025eko bigarren hiruhilekoan, Eurostaten lehen estimazioaren arabera, eta ontzat jo dute analistek, datu okerragoa espero baitzuten.

Reutersek galdekatutako ekonomistek batez beste %0 espero zuten udaberriko hilabeteetarako, Donald Trumpen abiatutako gerra komertzialaren ondorioz. Izan ere, muga zerga handiagoei aurrea hartu nahian, AEBetako enpresek inportazioak aurreratu zituzten urte hasieran, eta horren eskutik %0,6 hazi zen eurogunearen barne produktu gordina lehen hiruhilekoan. Baina igotzen den guztia jaisten den moduan, bigarren hiruhilekoan esportazioak txikitzea eta hazkunde ekonomikoa geratzea espero zen.

Hori gertatu da, esaterako, eurogunearen motor ekonomikoan, Alemanian. Lehen hiruhileko positibo bati (+%0,3), bigarren negatibo batek jarraitu dio (-%0,1). Hori ere espero zen, Alemania herrialde esportatzailea baita eta AEBak baitira haren autoen eta makinen erosle nagusietako bat. Nolanahi ere, datua kolpe gogorra da Friedrich Merz Alemaniako kantziler berriarentzat, haren helburu nagusia ekonomiari bultzada bat ematea baita. Helburu horrekin, bilioi bat euro inbertitzeko plana prestatzen ari da, baina haren eragina 2026an ikustea espero da.

Alemaniak baino bilakaera hobea izan du Frantziak, %0,3 hazi baita lehen hiruhilekotik bigarrenera —%0,1, lehen hiruhilekoan—. Hori ere ustekabe ona izan da, datu apalagoa espero baitzen. «Horrek erakusten du enpresek ongi eusten diotela», ziurtatu du Eric Lombard Finantza ministroak. Eta egia da hazkundea neurri handi batean enpresei zor diela, beren biltegiak betetzen aritu direlako eta eskaria handitu dutelako. Familien kontsumoak ere ekarpen positiboa egin du —%0,3 uzkurtu zen lehen hiruhilekoan, eta %0,1 handitu da bigarrenean—; horren arrazoia, neurri batean, zera izan da: aurten Aste Santua apirilean izan dela eta ez martxoan, eta horrek oporrei lotutako kontsumoa handitu duela. Baina, aldi berean, familien aurrezkia ohi baino handiagoa izan da: batez beste, beren diru sarreren %18,8 gorde dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.