Prezioak

Euroguneko ekonomiak atzera egin izanak inflazioa uste baino gehiago jaitsi du

Interes tasa handien eraginez, ekonomia uzkurtzen hasi da, eta prezioen igoerak ere geldotzen ari dira. Barne produktu gordina %0,1 murriztu da hirugarren hiruhilekoan.

jarraia234609.jpg
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 31
11:55
Entzun

Europako Banku Zentralak hasieratik oso argi izan du zer bide aukeratu: inflazioa jaistea izan du lehentasuna, eta, horretarako, interes tasak hamar aldiz igo ditu 2022ko uztailaz geroztik, horrela euroguneko ekonomia atzeraldian sartzeko arriskua sortu arren. Hautaketa horren emaitza orain ikusi da: azkenean, inflazioa asko jaitsi da, baina, aldi berean, ekonomiak atzera egin du.

Espero zen inflazioa jaistea, baina adituak harrituta daude zenbat jaitsi den ikusita: %4,3tik %3,1era igaroko zela kalkulatu zuten, baina, Eurostaten lehen estimazioaren arabera, %2,9raino apaldu da.

Arrazoien artean, Eurostatek aipatu du energiaren prezioa uste baino gehiago apaldu dela (-%11,1), eta elikagaien inflazioa ere beherantz doala –%8,8tik %7,5era jaitsi da–.

Energia eta elikagaiak kontuan hartzen ez dituen indizea, azpiko inflazioa, %4,5etik %4,2ra jaitsi da. Datu horri asko erreparatzen dio EBZk, erakusten baitu inflazioa zenbateraino hedatu den ekonomiaren atal guztietan.

Hala ere, kontuan hartu behar da egutegiaren efektuak nabarmen eragin duela urriko datuan, eta hala gertatzekoa dela azaroan eta abenduan ere. Inflazioak 2022ko udazkenean jo zuen goia eurogunean —%10,6 urrian—, eta horrekiko aldea da urte arteko inflazioa.

Hego Euskal Herrian eta Espainian, ordea, bizkorrago igo ziren prezioak, eta bizkorrago hasi zen inflazioaren beherakada. Horren ondorioz, Espainiaren inflazioaren datua (%3,5) handiagoa da eurogunekoa baino.

Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantzian bederatzi hamarren apaldu da, %4raino. Insee estatistika erakundearen arabera, elikagaien inflazioa %9,7tik %7ra jaitsi da. Pozik azaldu da Bruno Le Maire Ekonomia ministroa, eta nabarmendu du Frantzia izan delainflazioari %10etik behera eutsi dion euroguneko kide bakarra. «Gobernuaren politika ekonomikoaren arrakasta» erakusten du horrek, haren arabera.

Urriko inflazioaren datuak urrundu egiten du EBZk interes tasak gehiago igotzeko aukera, eta mahai gainean jarri, berriz, jaisten hasteari buruzko eztabaida. Nolanahi ere, Christine Lagarde EBZko buruak nabarmendu du «goizegi» dela debatea hori irekitzeko. Gainera, analistek uste dute balitekeela inflazioa pixka bat handitzea egutegiaren efektua arintzean.

BPGa, inflazioaren ifrentzu

Inflazioaren datuaren ifrentzua da BPGarena. Urteko bigarren hiruhilekoan hazkunde apala izan ondoren (%0,2), hirugarrenean %0,1 uzkurtu da, inflazioak eta interes tasa handiek mugatu egin baitiete gastatzeko eta inbertitzeko gaitasuna herritarrei eta enpresei. Herrialde handien artean, Alemania da atzeraldian dagoen bakarra; Italiak ozta-ozta egin dio izkin (%0), eta Frantzia ez da urrun geratu (%0,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.