Umiliazioaren udaren ostean, ikasturteko lehen hiruhilekoa ere latza izan da Europako Batasunarentzat. Ebaluazio bilera hipotetiko batean, ondorioa argia litzateke: blokeak ez ditu gainditu konpetentzietako gehienak. Areago, zenbaitetan hasierako maila ere galtzen ari dela dirudi.
Bitartean, etsigarria da Atlantikoaren bestaldetik erdeinuak bata bestearen atzetik etorri eta EBko agintariak babesgabe agertzea.
Ukrainako gerrarekin gertatzen ari dena da, ziurrenez, ezintasunaren adibiderik argiena. Baina ez da bakarra, inondik ere. Aste honetan kasik oharkabean pasatu diren beste bi albistek erakusten dute Europako Batasuna zenbateraino den Etxe Zuriaren —eta Trumpen atzeko botereen— esaneko.
Lehenengo albistea ez da erabat berria, baina Le Monde egunkariak ekarri du hizpidera, elkarrizketa egin baitio Nicolas Guillouri, Nazioarteko Zigor Auzitegiko epaile frantziarrari. Historia labur konta daiteke: iazko azaroan, auzitegi horrek atxilotze agindua eman zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Yoav Gallant Defentsa ministroaren kontra, gerra krimenak eta gizadiaren aurkako krimenak leporatuta. Bada, hori egiteagatik, Trumpen gobernuak Guillou, auzitegiko beste bost epaile eta hiru fiskal OFAC Atzerriko Aktiboen Kontrolerako Bulegoaren zerrendan sartu zituen abuztuaren 20an.
AEBetako Altxorraren mendeko bulego horrek zigor ekonomikoak ezartzen ditu «herrialde eta atzerriko erregimen jakin batzuen, terroristen, narkotrafikatzaileen, nazioarteko narkotrafikatzaileen, suntsipen handiko armen ugaritzearekin zerikusia duten jardueren, eta Estatu Batuetako segurtasun nazionala, kanpo politika eta ekonomia arriskuan jartzen duten beste mehatxu batzuen aurka».

Guillouk, Nazioarteko Zigor Auzitegiak eta Francesca Albanesek —NBEren Palestinarako kontalari berezia ere zerrendan dago uztailetik— ezin dute ezer egin erabaki horren kontra. Eta gorriak ikusten ari dira, non eta Europan bertan.
Ekonomikoki eta sozialki ezabatua
Pentsa liteke, izan ere, zigor horiek soilik AEBetan aplikatzen direla, baina Guillouk argi azaldu du AEBen konpainiek eta haien filialek beso luzeak dituztela, eta bere lana betetzeagatik ekonomikoki eta sozialki ezabatu dutela.
Guillouk ezin du helbide elektronikorik izan, erosketa elektronikorik egin, softwarerik erosi, mezularitza enpresarik erabili... zerbitzu horietan guztietan ia monopolioa baitute AEBetako konpainia teknologikoek. Berdin gertatzen zaio ordainketekin: American Express, Visa, Mastercard... AEBetakoak guztiak. Eta larriagoa dena: bankuko kontua ere itxi diote, eta ezin besterik zabaldu, AEBetakoak izan gabe ere bankuek nahiago baitute arazorik ez izan.
Eta Europan inork ez du ezer egin Nazioarteko Zigor Auzitegiko epaile eta fiskalei laguntzeko. Bruselak herrialdeen esku utzi du auzia, eta herrialdeek ez dute jaramonik egin. Eta jokoan ez daude soilik pertsona horiek; izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegia da gizadiaren kontrako krimenak pairatzen dituztenek justizia lortzeko duten itxaropen bakarrenetakoa. Hori gogoratuz, Guillouk dio Europak burujabetza handiagoa behar duela, batez ere bankuen arloan eta arlo digitalean.
Baina jai dauka oraingoz; kontrakoa gertatzen ari da Europan, bigarren albiste honek erakusten duen lez: Asteazkenean, Ursula von der Leyenek proposatu zuen arlo digitalarekin lotutako legeak urardotzea —datuen babesekoa, adimen artifizialarena...—, argudiatuta desarautzeak sektorea bultzatuko duela. Hori egia den ala ez eztabaidagarria da, baina argi dago oztopoak kenduko dizkiela AEBetako konpainia teknologiko handiei.
EBk oztopo horiek ezarri zituenetik ez da urtebete pasatu, baina bai Trump Etxe Zurira itzuli zenetik, besteak beste, konpainia teknologiko estatubatuar handien diruari esker itzuli ere. Eta haiekin guztiekin esanekoa da Europa, burujabea edo burujabeagoa izan beharko lukeen hori.