Europako Batasunak aurreko legealdian jantzitako jaka bizkor galtzen ari da kolore berdea. Itun berdea izan zen Ursula von der Leyen buru zuen taldearen lehen agintaldiaren ikur nagusia, EBren emisio kutsagarriak 2050erako murrizteko eta horren inguruan sektore ekonomiko bat osatzeko promesa. Itunak indarrean jartzen du, baina berdea ez dago modan Bruselan, ezta eskuineko haizeak gogor jotzen duen beste ere. Â
Giro politikoa koloretan neurtu behar balitz, gorria da Bruselan nagusi. Ingelesezko red tape (zinta gorria) kontzeptuak burokrazia esan nahi du, eta hura murriztea da Von der Leyenen helburu nagusia legealdi honetarako. Administrazioarekin tratatu duen edonork dakien bezala, berez ez da txarra burokrazia arintzen saiatzea, baina kontua da non sartzen diren guraizeak. Eta Von der Leyenen taldeak ingurumena eta langileak babesteko neurriak txikitzeko atera ditu. Omnibus I planaren bitartez, aurrerantzean 5.000 langiletik gorako enpresek soilik egiaztatu beharko dute beren ekoizpen katean ez dituztela bortxatzen ingurumena, giza eskubideak eta langileen eskubideak. Gainera, enpresek ez dituzte derrigorrez energia trantsiziorako planak egin beharko.Â
Guraizeak kontzeptuaren ordez, motozerra kontzeptua ere erabili liteke kasu honetan, Javier Mileiren tresnarik gogokoena baita, eta haren sokakoen babesa izan baitu eskuinak proposamena aurrera ateratzeko. Aldeko 382 boto izan zituen Omnibus I planak, Europako Alderdi Popularraren (kontserbadorea) —horkoa da Von der Leyen— botoei batu zitzaizkielako eskuin muturreko hiru taldeak: Europaren aldeko Patriota, Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak, eta Nazio Subiranoen Europa. Hiru horiekin bat eginda, kontserbadoreek hautsi egin dute eskuin muturrarekin ez elkartzeko promesa, eta marra gorri bat zeharkatu dute.Â

Eskuin muturreko taldeak, noski, pozez zoratzen daude, «gehiengo alternatibo bat» sortzeko aukera ikusten dutelako, alde batera utzita EB gidatu duen hirukoa —kontserbadoreak, liberalak eta sozialdemokratak—. Gehiengo berri hori ez dela erabat sendoa erakusten du astelehenean izandako beste bozketa batek: 2040rako emisioak %90 murriztearen aurka bozkatu zuen eskuin muturrak, baina kontserbadoreen parte batek baizik ez zituen babestu, tartean Espainiako PPko kideak.
Negazioa eta negozioa
Eskuin muturrak eta eskuinak oro har ingurumenaren aldeko neurrien aurka bozkatzea ez da gauza berria, baina joera hori indartu egin da Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik. Klima aldaketa dagoela ukatu du AEBetako presidenteak, eta etxean eta kanpoan presio egiten ari da bertan behera uzteko haren ondorio kaltegarriak mugatzeko egindakoak.Â
Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak alde batera utzi dituzte ingurumenaren aldeko politikak, eta orain presio hori IEA Energiaren Nazioarteko Agentziara heldu da. Aste honetan kaleratu du energiaren munduari buruzko urteroko txostena, eta aldaketa oso nabarmen bat ageri da hor: azken urteetan behin eta berriz iragarri du petrolioaren kontsumoak hamarkada honetan goia joko zuela, espero baitzuen iturri berriztagarriak hedatzeko politikak zabalduko zirela. Aurten, ordea, onartu du 2050. urtera arte handitzeko aukera badagoela, baldin eta energia iturri garbiagoen aldeko apustua geratzen bada.
Ez da iragarpen inozente bat: aldi berean erakusten du Trumpen negazionismoak arrakasta izateko arriskua badela, eta aukera hori aipatze hutsarekin, baldintzak sortzen ditu hori gerta dadin.Â
Atzeratuko al da peak oil ospetsua? IEAren arabera, Asia hego ekialdean eta Afrikan gertatuko denaren menpe dago, han baitu kontsumoak handitzeko aukera handiena. Txina zen orain arte kontsumo hazkundearen erantzule nagusia, baina iturri horrek agortua dirudi, eta baliteke aurki baieztatzea 2024a izan zela herrialde hartan petrolio kontsumoak goia jo zuen urtea. 2004a izan zen urte hori EBn, baina ikusi beharko da olatu atzerakoiak nolako indarrarekin jotzen duen, azken finean berriztagarrien aldeko apustua erabaki politiko bat ere bada eta.