Europak Errusiatik gasa eta petrolioa inportatzeari utziko dio «betiko». Hori adostu dute gaur Europako Kontseiluak eta Parlamentuak: erabaki dute 2027. urteko irailaren amaierarako gasik ez erostea Errusiari, eta, urte horren amaierarako, petroliorik ere ez. Ukrainako gerra hasi zenetik, EBk erregai fosil nabarmen gutxiago erosten dizkio Moskuri, baina orain zerora murriztu nahi dute kantitatea.
Bruselak datorren urte hasierarako onartu nahi du legea, eta indarrean sartu eta sei astera debekatuko da Errusiatik gasa eta petrolioa inportatzea. Trantsizio epe bat hasiko da orduan jada sinatuta dauden kontratuentzat: GNL gas natural likidotuaren inportazioak 2026ko abenduaren 31n amaituko dira beranduenez; gasbideen bidez heltzen den gasarenak, 2027ko azaroaren 1ean; eta petrolioarenak ere, 2027. urtea amaitu baino lehen.
«Orrialde bat pasatzen ari gara, eta betiko izango da. Aro berri baten hasiera da, Europak Errusiagandiko erabateko independentzia energetikoa izango duen aroarena», esan du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.
12.000
EBko herrialdeek zenbat ordaintzen zioten Errusiari erregai fosilen truke gerra hasi aurretik, mila milioi eurotan. Ukrainako gerra hasi zen garaian, Europako Batasunak hilean 12.000 milioi euro pagatzen zizkion Moskuri erregai fosilen trukean. Orain, 1.500 milioi euro ordaintzen dizkio, eta helburua da bi urte barru kopuru hori zerora murriztea.
Gerra hasi zenetik, EBko herrialdeek askoz ere erregai fosil gutxiago erosten diote Moskuri, eta hori agerian utzi dute Von der Leyenek emandako datuek: Ukrainako gerra hasi zenean, EBk erosten zuen gasaren %45 zetorren Errusiatik, eta orain, %13; petrolioaren %26 ere handik ekartzen zuen, eta orain, %2 soilik. Europak ikatzik ere ez dio erosten jada Errusiari, eta gerra hasi aurretik handik inportatzen zuen %51.
Von der Leyenek azaldu du bi xede dituela neurriak: batetik, Europako Batasunaren independentzia energetikoa sustatzea, eta, bestetik, Moskuk «gerra elikatzeko» darabilen diru iturria ixtea. «Lehen hilean 12.000 milioi euro ordaintzen genizkion Errusiari erregai fosilen truke. Kopurua 1.500 milioi eurora apaldu dugu, baina asko da hori ere. Helburua zerora apaltzea da», adierazi du batzordeko presidenteak.
«Europa Errusiakoa baino dezente garestiagoa den gas iturri baten mende egongo da aurrerantzean. Saihetsezina da horrek ekonomiari kalte egitea, eta, ondorioz, lehiakortasuna apaltzea»
DMITRI PESKOV Errusiako Gobernuaren bozeramailea
Erabakiaren aurka presio handiena egin duen herrialdea Hungaria izan da, segurtasun energetikoa argudiotzat hartuta Errusiari petrolioa erosten jarraitzea defendatu baitu Viktor Orban lehen ministroak. Eta erabakiaren alde presio handiena egin dutenak, berriz, AEB Ameriketako Estatu Batuak izan dira, herrialde askok handik inportatu beharko baitute orain GNLa.
Errusiako Gobernuaren iritziz, gaur hartutako erabakiak «Europako Batasunaren lidergo ekonomikoaren galera azkartzeko soilik» balioko du. Hala adierazi du Dmitri Peskov bozeramaileak: «Europa Errusiakoa baino dezente garestiagoa den gas iturri baten mende egongo da aurrerantzean. Saihetsezina da horrek ekonomiari kalte egitea, eta, ondorioz, lehiakortasuna apaltzea».