Europako mezularitza konpainiek utzi egin diote AEBetara pakete txikiak bidaltzeari

Donald Trumpen aduana arauak aldatu direlako eta bidalketen kostua garestitu duelako hartu dute erabaki hori mezularitza enpresek.

Correosen bulego bat Menorcan (Herrialde Katalanak). DAVID ARQUIMBAU / EFE
Correosen bulego bat Menorca (Herrialde Katalanak). DAVID ARQUIMBAU / EFE
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko abuztuaren 25a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako mezularitza konpainiek, besteak beste Correosek eta Frantziako Le Posteek, eten egin dituzte balio txikiko paketeak AEBetara bidaltzeko lanak. Estatu Batuetako aduana araudia aldatu ondoren etorri da neurria: izan ere, de minimis izeneko muga zergen salbuespena kendu baitu. Europatik kanpoko beste herrialdeetan ere bertan behera utzi dituzte bidalketak. Adibidez, Taiwango Chunghwa Post garraio konpainiak bidalketak etetea erabaki du.

Abuztuaren 29tik aurrera, Estatu Batuetara iristen diren merkararitza bidalketa guztiek aduana zergak ordaindu beharko dituzte. Zerga horiek jatorrizko herrialdearen eta produktuaren balioaren arabera aldatuko dira. 

Oraintsu arte, de minimis neurriari esker, 100 eta 800 dolar arteko paketeek, hau da, 85 eta 681,5 euro bitartekoek ez zuten zergarik ordaintzen AEBetako aduanetan. Trumpek salbuespen hori kendu izanak ez die mezularitza konpainiei soilik eragiten. Esaterako, muga zergarik handiena jasotzen duen Europako herrialdea Suitza denez, hango salgaiei %39ko muga zerga aplikatu diete AEBetan, eta horrek arriskuan jarri ditu erlojugintza, makineria enpresak eta bestelako industria.

Nahiz eta balio txikiko pakete komertzialei eragiten dien AEBetarako bidalketen etendurak, ez du eraginik izango balio ekonomikorik gabeko gutun eta dokumentuetan, liburuetan eta pertsonen arteko 100 dolarretik beherako oparietan, eta mezularitza konpainiek halakoak onartzen jarraituko dute.

Eragina Europa osoan

Konpainiek ohartarazi dute aldaketak «eragin nabarmena» izango duela nazioarteko logistikan eta merkaritza elektronikoan. Espainiako Correosek, beste posta operadoreek bezala, hala nola Alemaniako DHLk, prozesuak egokitu, kontrolak indartu eta aduana kudeaketa aldatu beharko dituzte. 

Nahiz eta Europako mezularitza konpainiek zuzeneko eragina nabaritu duten Estatu Batuetan de minimis neurriak ezabatzearen ondorioz, ez dira kaltetu nagusiak. Temu-k, Shein-ek eta Txinako beste enpresa batzuek muga zergen salbuespen horietan oinarrituta eratu dute beren merkatua; izan ere, haien bidalketa gehien-gehienetan ez zuten aparteko zergarik ordaindu behar aduanan.

Trumpen administrazioak hartutako neurria, hasieran, Txinatik zetozten bidalketa horiei zuzenduta zegoen, Shein eta Temu bezalako merkataritza elektronikoko erraldoien aurka, hain zuzen. Etxe Zuriak, ordea, neurria orokortzea erabaki zuen, paketearen balioa, jatorrizko herrialdea, garraiobidea eta sarrera metodoa edozein izanda ere, haren eraginkortasuna ziurtatzeko. 

De minimis zerga salbuespenaren oinarrian, muga zergen kobrantza bermatzeko zailtasuna zegoen. Eta hala dago oraindik beste herrialdeetan. Baina salgaien sarrera masiborako bide bihurtu zen Estatu Batuetako aduana sisteman. 2024an, Estatu Batuetako Aduanen eta Mugako Babesaren zerbitzuaren arabera, AEBetan 1.400 milioi pakete jaso zituzten de minimis baldintzak betetzen zituztenak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.