Europan, hegazkina trena baino merkeagoa

Greenpeaceren azterketa baten arabera, gero eta herritar gehiagok aukeratuko lukete trena bidaia luzeetarako. Ondorioztatu duenez, oztopo nagusia ez da denbora, ezta erosotasuna ere, prezioa baizik.

Parisko tren geltoki bat hutsik. YOAN VALAT / EFE
Parisko tren geltoki bat hutsik. YOAN VALAT / EFE
jokin sagarzazu
2025eko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrak gero eta gehiago jabetzen dira klima larrialdiaz, baina, printzipioek poltsikoarekin talka egiten dutenean, beste bat izaten da hautua. Greenpeacek kaleratu berri duen azterketa batek ondorio argi bat dakar: Europan, mugaz gaindiko bidaietan, hegazkina trenbidea baino merkeagoa izaten da oro har. Eta trena aukeratuko luketenen kopurua gero eta handiagoa bada ere, hegazkinaren alde egiten dute azkenean.

Prezioa izaten da bidaiarien erabakia baldintzatzen duen «faktore nagusia». Ez denbora, ez erosotasuna, «merkatuaren logikak bultzatutako tentazio ekonomikoa» baizik. «Prezio alde horiek bultzatzen dituzte bidaiariak hegazkina aukeratzera, nahiz eta hegazkina izugarri kutsatzailea izan», azaldu du Herwig Schuster Greenpeaceko Garraio arduradunak.

Txostenean, 142 ibilbide aztertu dituzte, 31 herrialdetakoak: nazioarteko 109 eta barneko 33. Eta hau ondorioztatu dute: nazioarteko bidaien %61etan, hegazkina merkeagoa da trena baino. Herrialde barruko bidaietan, aldiz, joera alderantzizkoa da: %70etan trenak abantaila du prezio aldetik.

25

Zenbat aldiz garestiago den. Bartzelona eta Londres arteko ibilbidea 14,99 euroren truke egin daiteke hegazkinez, hilabete lehenago erreserbatuta. Trenaren txartelak, berriz, 389 euro balio du. Alegia, 25 aldiz garestiagoa da. Antzera Paristik eta Kopenhagera arteko bidaian. Kutsadurari erreparatuta, bestelakoa da kostua: Greenpeaceren arabera, hegazkin bidaia horiek 50 aldiz CO₂ gehiago isurtzen dute trenenak baino.

Azterketak erakusten duenez, horrelako desoreka izugarriak ez dira salbuespena. Oso zabalduta dago joera, herrialde batzuetan bereziki: Frantziarena da kasurik «larriena», Greenpeaceren arabera: handik abiatzen diren nazioarteko ibilbideen %95etan trena garestiagoa da hegazkina baino. Jarraian Espainia dator, bidaien %92tan, eta Erresuma Batua, %90etan.

Bi herrialde horiek, baina, berezitasunak dituzte: batetik, Iberiar penintsularen trenbide zabalera eta Europakoak ezberdinak dira; hortaz, Espainiako eta Portugalgo trenak ezin dira ibili kontinentean, eta bidaiariek trenez aldatu behar dute Erresuma Batua, berriz, irla bat da. Hala ere, trenbide lotura dauka Frantziarekin, Eurotunelaren bitartez.

Kontrara, Europako ekialdeko zenbait herrialdetan trena merkeagoa da: Lituanian beti, Polonian %89tan, eta Eslovenian %80tan. Alemanian, Suitzan eta Austrian, emaitzak orekatuta daude: gutxi gorabehera erdi bana dute trenak eta hegazkinak.

Desorekaren gakoak

Alde horiek azaltzeko orduan, Greenpeacek hainbat faktore ekonomiko eta politiko zehaztu ditu. Batetik, salatu du aire konpainiek «zerga abantaila nabarmenak» dituztela: besteak beste, ez dute zerga berezirik ordaintzen kerosenoagatik, eta ez da BEZik pagatu behar nazioarteko bidaia txarteletan. Trenbide enpresek, aldiz, elektrizitatearen gaineko zerga ordaindu behar dute aritzen diren herrialdeetan, eta, gainera, bezeroei BEZa aplikatzen zaie nazioarteko bidaietan, behin baino gehiagotan, igarotzen duten herrialde bakoitzarena.

«Pertsonen garraioa ezin da merkatuaren logikaren esku utzi; beharrezkoa da justizia fiskala eta demokratizazioa»

HERWIG SCHUSTERGreenpeaceko Garraio arduraduna

Horrez gain, azpiegitura kostuak handiagoak dira trenean hegazkinean baino. Greenpeaceren arabera, Frantzian, adibidez, trenbide operadoreek 21 euroko tarifa ordaintzen dute kilometroko, bidaia bakoitzean, Europako handiena. Alemanian 7,20 euro da, Espainian 7,50, eta Italian 5,50. Horrek guztiak garestitu egiten ditu bidaiarientzako txartelak.

Zergez gain, beste faktore batzuk ere badaude. Europan ez dago txartel bateraturik, eta, askotan, bidaiariek txartel bat baino gehiago erosi behar izaten dute ibilbide bakar baterako. Gainera, atzerapenik izanez gero, bidaiariak ez daude babestuta hegazkinetan bezala.

aireportua
Bartzelonatik iritsitako hegazkin bat lurra hartzen Hondarribiako aireportuan, atzean Hendaia dagoela. GORKA RUBIO / FOKU

Europan zehar bidaiatzeko gehien zabaldutako alternatibetako bat gaueko trenak izan dira. Greenpeacek nabarmendu du «aukera klimatiko eta praktiko» ona direla, baina salatu du prezioan oraindik ere ez dutela kostu apaleko hegazkin konpainiekin lehiatzerik. Gogoratu du gaueko trenetan aldaketa gutxiago egiten direla eta, hortaz, operadore gutxiagok parte hartzen dutela. Baina, hala ere, txartelak ez direla merkatzen nabarmendu du.

Eta bidaiariek zer diote? Gero eta gehiago dira trenaren alde egingo luketenak. 2023an, Greenpeacek antzeko azterketa bat egin zuen. Orduan, %27k baino ez zuten nahiago hegazkinaren aldean; bi urte geroago, %41era igo da portzentajea. Tren konexio berriak eta lotura errazagoak laguntzen ari dira horretan. Nolanahi ere, Greenpeacek ohartarazi du oso motela dela hazkunde erritmoa, eta, «neurri politiko ausartik gabe», hamarkadak beharko direla «benetako aldaketa bat» ikusteko herritarren hautu edo lehentasunetan.

«Herritarrek garraio garbia hautatu nahi badute, zergatik ordaindu behar dute gehiago?», azpimarratu du talde ekologistako eledunak. Azaldu duenez, tren bidezko garraioak bi helburu izan behar ditu: aukera ekologikoa izatea, baina baita merkea eta erosoa izatea ere. Hala, «neurri politiko sendoak» hartzeko  eskatu die Greenpeacek Europako agintariei. «Pertsonen garraioa ezin da merkatuaren logikaren esku utzi; beharrezkoa da justizia fiskala eta demokratizazioa», adierazi du Schusterek.

GREENPEACEREN PROPOSAMENAK

 

  1. BEZa kentzea nazioarteko trenetan.

  2. Hegazkinen kerosenoari zerga ezartzea, eta luxuzko hegaldiei eta business eta first class kategorietan tasa handiagoak ezartzea.

  3. Bidaia txartela klimatikoa jartzea Europa osoan, Alemanian egindako esperientziaren antzekoa: garraio publiko guztietarako tarifa bakarra.

  4. Azpiegitura kanonak murriztea eta trenaren finantzaketa publiko handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.