Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak (Caracas, Venezuela, 1972) maiz hitz egin behar izaten du jendaurrean, eta, industriaren egoeraz galdetzen zaion bakoitzean, eskema bera erabili ohi du. Lehenik, datuak ekartzen ditu hizpidera. Hamar urtean %3ko erritmoan hazi da, eta 10.500 lanpostu sortu dira. «Politikarien estereotipoa betetzen dut, dena ondo dabilela esaten baitut. Bigarrenik, aipatzen dut zer-nolako kezkak ditugun, eta orduan depresio kutsu bat sortzen da». Hirugarrenik, horri aurre egiteko zertan ari diren azaldu ohi du beti. Elkarrizketa honetan bezalaxe.
Ikusi gehiago
Nafarroa ez da uharte bat. Zer moduz dago lehiakortasunaren ikuspegitik?
Energia Alemanian baino %30 merkeago da. Dena den, energia kontsumo handiko enpresak ditugu, eta, EAErekin alderatuta, %40 gas gehiago kontsumitzen dugu biztanleko. Beste gakoa soldatak dira, eta lehiakorragoak gara Europa iparraldearekin eta zentroarekin alderatuta: ingeniaritzan, adibidez. Haiek bezain prestatuak gaude. Formakuntza oso ona da, eta hori da gure indarguneetako bat. Ez da kasualitatea. Hiru unibertsitate ditugu, sei zentro teknologiko, ekintzaile sistema sendo bat... Horrek denak indarra ematen dio ekosistemari. Konektibitatea, formakuntza, eta ikerkuntza eta ekintzailetza: hiru ardatz horiek oso garrantzitsuak dira.
Merkataritza gerra piztu den honetan, ziurgabetasun handia dago. Zer sumatzen duzue?
Ezjakintasun hori txarra da beti, inbertsioak izozten baititu. Muga zergen inguruko gerra horiek ez dira onak inorendako. Munduko testuinguruak ez du laguntzen. Europan oso harroputzak izan gara, baita euskaldunok ere. Duela hogei urteko egunkariak irakurrita, ikusten da industria Asiarantz eramatea zela apustua. Hori zen dogma. Han oso merke ekoizten zuten, baina guk hemen eusten genion gure jakinduriari, gure teknologiari. Zer gertatu da? Txina esnatu egin da, eta nola gainera! Txinatar asko etortzen zaizkigu bisitan, eta, asko laburbilduz, hau esaten digute: «Zertarako ipini behar dut planta bat Europan, esportatzea merkeago ateratzen bazait? Ez dut beharrik».
Zer eskatzen du egoera horrek, orduan?
Ez dira bakarrik muga zergak ezarri behar. [AEBetako presidente Donald] Trump showman bat da, baina badu arrazoi puntu bat —titulu gisa hori jartzen baduzu, nireak egin du, kar-kar—. Guk elkarrekikotasuna eskatzen dugu. Zuk jarriko duzuna nik ere jarriko dut. Ez dakit europarroi zergatik kostatzen ari zaigun hainbeste hori guztia adostea.
«Guk elkarrekikotasuna eskatzen dugu. Zuk jarriko duzuna nik ere jarriko dut. Ez dakit europarroi zergatik kostatzen ari zaigun hainbeste hori guztia adostea»
Adibidez?
Eolikoa. Ez duzu zertan gerra bat hasi. Promotorea bazara eta Amerikako Estatu Batuetan parke eoliko bat jarri nahi baduzu, aerosorgailuen osagaien %50 AEBetako enpresa batek ekoitzi beharko ditu. [AEBetako presidente ohi Joe] Bidenek ezarri zuen lege hori, eta beste herrialde batzuek egin dutena kopiatu du: Hegoafrika, Australia, Brasil… Beste kontinenteetan, ezin da ekarri osorik Txinan ekoitzitako aerosorgailurik; gurera bai. Industria bat amaiarazi nahi baduzu —eta horretarako gurea baino pazientzia handiagoko kulturak daude—, ez duzu enpresa handi bat erosi behar, eta herensugearen burua hartu. Ez, lehenik hornitzaile guztiak desagerraraziz hasiko zara, eta, amaieran, erraldoi bat izango duzu, oin labainkorrekoa. Ez naiz zientzia fikzioaz ari. Fotovoltaikoarekin hori gertatu da Europan.
Automozioa da Nafarroako sektore estrategikoetako beste bat. Esan izan duzu ez dagoela auto elektrikoen aldeko apustua beste irtenbiderik. Zergatik?
Ez dago atzerapausorik. Etorkizuna elektrikoa izango da. Txinan iaz 31 milioi auto saldu ziren, horietarik bederatzi milioi elektrikoak. Munduko lehen merkatua da. Ekonomiaren historiari begiratu, eta esadazu non ez den gertatu merkatu nagusiak zerbait bultzatzea eta gainerako guztiak atzetik joatea. VWk apustua egin du, eta haren etorkizuna elektrikoa izango da, edo ez da izango. Nafarroako industria arduradun gisa, zer esan behar dut?
Langile falta da azken industria planean nabarmentzen ziren gauzetako bat. Zehazki non nabaritzen da?
Enpresa txikietara eta ertainetara egiten ditudan bisitetan, langile falta da kezkarik handienetakoa. Ez daukate langilerik. Aurreko batean, Erriberako enpresa batean egon nintzen, eta eskatu zuten soldatzaile eskola bat sortzeko. Ez dute soldatzailerik.
Aipatu duzu prestakuntza sare ona dagoela, baina egokitzen al da enpresen beharretara?
Bai, eta ez da gobernu honen kontua. Hego Euskal Herrian hori egin dugu azken berrogei urteetan. Lanbide heziketa beti egon da industriari lotuta. Eusko Jaurlaritza hasi zen, eta Nafarroako Gobernuak kopiatu egin zuen. Edonork esango dizu hori. Horrek esan nahi du formakuntza kulturalki barneratuta dagoela funtzio publikoan. Enpresek esaten digute zer behar duten, baita unibertsitatean ere. Tokiko estrategiari lotutako sailkapenean NUP da lehena beti.
Eta zein da arazoa, orduan?
Gizakiak falta dira.

Beste erronka bat deskarbonizazioa da. Zertan dira enpresak alor horretan?
Energia guztia sartuta, CO2 emisioen %37 industriari dagozkio, eta %38 garraioari, industriarekin lotuta neurri handi batean. Asko geratzen da. Ondo garraiatu behar da, eta inbertsioak enpresetan bertan egin behar dira, baina ekoiztea da lehen gauza. Ez baduzu berriztagarririk jartzen sisteman, akabo. Azken hiru urteetan, azken 30 urteetan halako bi egin dugu. Hau da, 1,5 gigawatteko potentzia geneukan, eta, azken hiru urteetan, baimenak eman ditugu beste horrenbesteko potentzia ezartzeko. Garraioari dagokionez, inbertsio asko egin behar dira. Gas energian intentsiboak izan gara, eta, orain, argindarra garraiatzeko azpiegiturak indartu nahi ditugu. Hirugarren puntua da nola lagundu enpresei inbertsio horiek egiteko, gasa ken dezaten elektrifikazio prozesu horretan.
«Argindarra ondo garraiatu behar da, eta inbertsioak enpresetan bertan egin behar dira, baina ekoiztea da lehen gauza. Ez baduzu berriztagarririk jartzen sisteman, akabo»
Industria legea tramitatzen ari da. Zergatik da beharrezkoa?
Gure ekosistema finkatzeko, egonkortasuna emateko ekosistemari. Legeak argazki berean ikusten ditu formakuntza, pertsonak, balioak, ekintzailetza, nazioarteko politika eta lurzorua. Beste hiru ardatz ditu: gobernantza ona izatea, eraldaketa bikoitza —ekologikoa eta digitala—, eta tramiteak sinplifikatzea.
Funts publiko-pribatuen beharra aipatzen da legean. Zergatik?
Guk sustraitze funts bat dugu 2022tik, baina legeak hori egonkortuko du. 2011tik 2015erako legealdian, urte zailak izan ziren, baina Barcinaren gobernuak [UPN] ikerkuntzako laguntza guztiak kendu zituen, besteak beste, eta zentro teknologikoak ezer gabe geratu ziren. Trauma horrek iraun egin zuen sisteman. Egonkortasuna ematea da kontua, legealdi hartan gertatutakoa ez dadin inoiz gehiago gertatu. Gauzak aurrera ateratzen direnean normaltzat jotzen ditugu.
Deslokalizazioaren arriskuari nola aurre egingo dio legeak?
2020tik, deslokalizazioaren lege bat dugu, eta legean aipatzen dugu hori ere. Lege proiektu honetan berrindustrializazio prozesuak ere arautzen ditugu. BSHren kasuan, adibidez, bederatzi hilabeteko epearekin abisatu behar dute, eta berrindustrializazio prozesu bat bultzatu behar dute, nahitaez. Sindikatuekin eseri behar dugu, enpresak eta gobernuak irtenbideak bilatzeko.
BSHk erabaki drastikoa hartu zuen abenduan. Orain, berrindustrializatzeko aukeraren inguruan negoziatzen ari zarete. Zeri erantzun diote mugimenduok?
BSHri dagokionez, inoiz ez dugu onartuko haren erabakia. Era berean, prozesua gaizki kudeatzen ari da. Guk elkarrizketan aritzea eskaini genion, beste enpresa guztiekin egin bezala. Ez genuen espero egin duten hori egitea. Abenduan eskutitz hori bidali zuten. Zergatik ez dugu onartu? Inoiz ez duelako galerarik izan. Denbora zegoen ongi antolatzeko alde sozialarekin eta gradualki ikusteko zer irtenbide eman han lan egiten duten 650 pertsonei.
«Halako prozesuetan denbora behar izaten da, eta malgutasuna eskatu diogu BHSri, baina enpresak ez digu erantzuten»
Zer dio enpresak?
BSHk esaten digu merkatua beherantz doala eta merkatu kuota galtzen ari direla. Ezin diote aurre egin Txinako enpresen lehiari: lehen ezezagunak ziren markak gero eta gehiago ikusten ditugu. Zergatik dira merkeagoak? Txinan makrofaktorien sistema dute. Esate baterako, badituzte fabrika batzuk urtean lau milioi produktu ekoizten dituztenak. Ezkirozkoak 850.000 egiten ditu, eta iaz ez zituzten 400.000 ere egin. BSHren Zaragozako fabrikak [Aragoi, Espainia], berriz, milioi eta piko. Hori da erronka handia: nola antolatu industria politika. Gainera, kontsumitzailearen ohiturak aldatzen ari dira. Kalitateari gero eta gutxiago erreparatzen zaio, eta prezioari gero eta gehiago.
Negoziazioak zer moduz doaz?
Lantalde bat sortu genuen, eta astero biltzen gara inbertitzaileak bilatzeko. Zeintzuk dira indarguneak? Langileek esaten digute Europako fabrikarik efizienteenetan hirugarrena dela Ezkirozkoa. Hainbat produktu, bero bonbak, hemen garatu dira. Indargune bat da inbertitzaile bat bilatzeko, eta horretan gabiltza. Halako prozesuetan denbora behar izaten da. Malgutasuna eskatu diogu enpresari, baina enpresak ez digu erantzuten. Legeak sei hilabeteko epea ematen du, eta ekainaren 16an bukatzen da. Halako prozesuak askoz luzeagoak dira. Edozein profesionalek esango dizu hemezortzi hilabete behar dituela. Hemen lehentasuna da 650 profesional horiei irtenbide bat ematea.
Sunsundegui likidazio fasean dago, eta langileak kaleratu dituzte. Egin zitekeen guztia egin da? Administrazio kontseiluaren osaera berandu aldatu zen akaso.
2023ko urrian sinatu zen kontratua Volvorekin goi gamako autobusak egiteko. Lehenik, mailegu bat eman zitzaien, hiru milioi eurokoa, [2023ko] azaroaren 24an. Orotara, bederatzi milioi euro eman genizkion, eta bigarren sorta, iazko apirilean onartutako hori, lotuta zegoen administrazio kontseiluan aldaketak egiteari. Orain hastea esaten zer egin dugun... Aukera industriala bazegoen, eta produktua kalitatezkoa zen. Ez zen posible izan, bi arazo baitzeuden: finantzarioa, 50 milioi euroko zorra kudeatu behar baitzuen; eta industriala, enpresa errentagarri egiteko zenbateko psikologiko bat zuen eta —egunean bi autobus egitea—. Sunsundundeguik ezin izan zuen askatu korapiloa, finantza eta industria arazoak tarteko.