Nafarroako industria, aurkia eta ifrentzua

Alde batetik, azken hilabeteetan Nafarroako industriaren ikur izan diren enpresek erabaki drastikoak hartu dituzte. Beste alde batetik, azken hamar urteetan hazkunde ekonomikoaren motor izan da, eta 150 enpresak 3.000 milioi inbertituko dituzte.

Nafarroako Volkswagenen muntatze lerroa, Landabenen. JESUS DIGES / EFE
Nafarroako Volkswagenen muntatze lerroa, Landabenen. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela ehun egun, otsailaren 17an, milaka herritar kalera atera ziren Iruñean, Nafarroako industria babestu dadila aldarrikatzera. Enpresa enblematiko batzuek oso denbora gutxian egindako iragarpen drastikoek bultzatuta egin zuten. Ordutik, haien egoera ez da hobetu. BSH ixteko bi aste geratzen dira, eta hura berrindustrializatzeko negoziazioek ez dute emaitzarik izan orain arte; Altsasuko Sunsundegui likidazioan sartuta dago, eta langileak kaleratu ditu; eta Tuterako Nano Automotive, Villatuertako Tenerias Omega eta Legasako Arcelor Mittal zailtasunetan daude oraindik ere.

Txanponaren alde horrek badu bere ifrentzua, ordea. Industriaren koadro osoari begiratuta, egoera ez baita itxuraz txarra. Hori diote datuek. Azken hamar urteetan Nafarroako ekonomia urtero batez beste %2ko erritmoan hazi da, haren motorretako bat izan da industria, eta Europako batezbestekoen oso gainetik handitu da. Era berean, ekonomian duen pisua handitu egin da azken hamabost urteetan, eta BPG barne produktu gordinaren %31raino heldu zen iaz (%30ean, 2023an), Hego Euskal Herriko beste lurraldeen gainetik.

Gaur egungo egoerari erreparatuta, Donald Trumpek piztutako merkataritza gerrak, mundu osoan bezala, ezinegona sortu du Nafarroako enpresetan. Ez soilik zuzenean AEBetara esportatzen dutenetan. Izan ere, ahul dago industriaren lau merkatu nagusietako jarduera ekonomikoa —Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia—. Ikusteko dago zer-nolako kaltea egingo dien nazioarteko egoerak eta zeharka zer ondorio izango duen Nafarroan.

Horrek esan nahi du lurraldea ez dagoela bakartuta, eta luzarora Europako industriaren gaineko zalantza berdinei egin behar die aurre. Enpresarik handiena da horren adibide. Gaur egun, Volkswagen Landabengo fabrika egokitzeko lanetan ari da, eta espero dute datorren urtean aterako direla ekoizpen lerrotik lehen ibilgailu elektrikoak. Alta, oraintxe bertan ez dago jakiterik merkatuak nola erantzungo dion apustu horri, eta, badaezpada ere, denbora irabazi nahirik, konbustioko ibilgailuen motorrak hibrido bihurtuko ditu 2031ra arte. Atzean, Txinako enpresen lehiakortasunaren mehatxua antzematen da. Ez soilik automozioan, baita berriztagarrietan eta beste sektore batzuetan ere.

Burrunba politikoa

Zarata politikorik ere ez da falta. UPNk eta hari lotutako Institucion Futuro think tank elkarteak ohartarazi dute industria «gain behera» doala, gobernuaren politiken ondorioz lurraldeak erakargarritasuna galdu duela, eta, kontrara, alboko beste erkidegoetako bat —Aragoi, PPren eskuetan— gai izan dela 40.000 milioi euroren inbertsioak erakartzeko, gehienbat arlo teknologikoan. 

Fiskalitatean jartzen dute azpimarra. Asteon bertan Manuel Piquer CENeko presidenteak, elkarrizketa batean, eskatu du zerga politika berrikusteko, enpresen mesedetan ezar dadin: «Gertutasunagatik eta errenta mailagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalitatearen pare egon nahi genuke».

Alta, enpresak lurraldean errotzeko arrazoien artean sozietate zerga ez da arrazoi nagusia. Faktoreak askotarikoak dira: prestakuntza, ikerketa eta garapena, berrikuntza, ekintzailetza sistema, orotariko azpiegiturak...

3.368

 

Zenbat industria enpresa dauden Nafarroan. 3.368 enpresa aritzen dira industrian, 2018an baino 92 gutxiago. Orotara, Nafarroako enpresen %9k jarduten dute industrian. Osaerari begira, hiru laurdenek hamar baino langile gutxiago dituzte, eta beste %18k, 50 baino gutxiago. %5,4 enpresa ertainak dira, eta 250 langile baino gehiagoko 44 enpresa daude. Azken sei urteetan enpresen kopurua jaitsi bada ere, ertainena (+14) eta handiena (+7) handitu egin da.

Adierazle horiek guztiak neurtzeko eta alderatzeko Europako Batasunak eskualdeen lehiakortasun indizea du, eta, azken datuaren arabera, Nafarroak zazpi punturen aldea ateratzen zion Aragoiri, eta EBko batezbestekoa baino hiru puntu beherago kokatzen zen; EAE, berriz, batezbestekoa baino zazpi puntu gorago dago. 

Horregatik, kritiken inguruan, gobernuak azpimarratu du industriaren inguruko ekosistema indartsua duela Nafarroak, eta, azken hilabeteetako albiste txarrak kontuan harturik, gogora ekarri du 150 enpresak 3.000 milioi euro inbertituko dituztela ondorengo urteetan, batik bat automozioan, berriztagarrietan eta elikagai industrian.

Inbertsio falta sektore batzuetan

Argazki orokor horrek ñabardurak eta argi-ilunak dituenez, Industriaren Mahaian parte hartu duten eragile batzuekin jarri da harremanetan BERRIA —CENek eta Nafarroako Industria Elkarteak azkenean uko egin diote eskaerari—. «Industria hazten ari da, neurri handi batean elikagai industriak bultzatuta, baina metalgintzako industria tradizionala sufritzen ari da apur bat», aipatu du Eva Ziaurriz CCOOko Industria arloko idazkari berriak. «Inbertsio falta sumatzen dugu, eta horrek lantoki batzuk muturreko egoera batera eraman ditu. Langileak murrizten ari dira, eta gutxi batzuek produkzioa aldatu dute». 

Asier Calderon LABeko Industria arloko arduradunaren arabera, etorkizuneko erronkek lanpostuetan izan zezaketen ondorioetarako prestatzen ari zen sindikatua, baina kolpea errentagarriak diren enpresen erabakietatik etorri dira. «Inbertsio falta nabarmena dago. Urteetan beldurraren bidez jokatu dute. Arcelorren, hamar urtez egon dira aldi baterako espediente bat aktibatuta, eta BSHn, 2015etik. Arduraz jokatzeko eskatzen zieten langileei, eta gezurra zen». Muturreko kasuak badira ere, biek produkzioa Nafarroatik kanporatzeko asmoa dute.

10.500

Lan mundua. Nafarroan, 75.529 lagun aritzen dira industrian, apirileko Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera. Hau da, lau langiletik bat industrian aritzen da gutxi gorabehera (%23,9). Azken hamar urteetan, 10.500 lanpostu sortu ditu sektoreak, baina erronketako bat da genero arrakala murriztea, bai kopuruan, bai eta soldatetan ere. Izan ere, 20.870 emakume aritzen dira industrian, lan munduan daudenen %14. Industrian daude batez beste soldata hoberenak (36.884 euro urtean), baina emakumeek soldata apalagoak dituzte (29.543 eurokoak). 

Inbertsio falta horrek ez du ezinbestean esan nahi etorkizunean neurri drastikoak hartuko direnik, baina kezkatzeko seinale bat da. Beste bat izan daiteke Nafarroa izan zela iaz ABLE aldi baterako lan erregulazio gehien izan zituen lurraldea: industriako sei langiletik bati (15.300 langileri) behin-behinean eten zieten kontratua, 2021eko neurri berean; hots, pandemia osteko hornidura kateetan arazoak egon zireneko urtean bezala.

Behin-behineko neurri horiek ez dira kaleratze bihurtu. Izan ere, enpresek aurkeztutako erregulazio espedienteen ondorioz, 210 lanpostu suntsitu zituzten iaz industrian; aldiz, 487 lanpostu sortu ziren sektorean. «Auzia ez da zenbat ateratzen diren lan mundutik eta zenbat sartu. Ez du horrela funtzionatzen. Aztertu beharko litzateke zer ehun suntsitzen ari den eta non», azaldu du Calderonek. Sortzen diren lanpostuen baldintzei ere erreparatu behar zaiela adierazi du.

Nafarroan, gainera, multinazional ugari daude, eta industrian pisu handia dute. Nazioarteko testuinguru konplexu horretan, produkzioa zentralizatzeko estrategia hartzen dute zenbait konpainiak, eta horrek hauskor bihurtzen du lurraldea.

Deslokalizazioaren mehatxuari aurre egiteko, Nafarroako Parlamentuak lege bat onartu zuen 2020an, baina behin baino ez da erabili —Siemens Gamesaren Agoizko lantokiarekin—, eta parlamentuko taldeek eurek onartu dute ez dela eraginkorra. BSH da horren lekuko. «Ez dakit zer neurriraino debekatu daitekeen deslokalizazio bat, baina bederen diru laguntza publikoa jaso dutenak ez daitezela lasai-lasai atera», aipatu du Ziaurrizek. 

311

Zenbat multinazional dauden. Nafarroan kapital atzerritarreko 311 konpainia daude, 2021eko azken datuaren arabera. Horietatik 135 inguru aritzen dira industrian. Sektoreen artean, automozioko enpresen %24k dute kapital atzerritarra, eta elikagai industrian %11 dira. 1993tik hona, 2.635 milioi euro inbertitu dituzte, urteko, batez beste, 94 milioi. 2010eko hamarkadan batezbesteko hori handitu egin zen, 163 milioi euroraino. 

Orain pauso bat harago joan nahi da. Iragan urte hasieran, Industriaren Mahaia bultzatu zuen gobernuak, sektoreko eragileekin, etorkizuneko Industria legeaz eztabaidatzeko: CEN patronala, Nafarroako Industria Elkartea, ekonomia sozialeko eta familia enpresetako ordezkariak, zortzi klusterrak eta UGT, CCOO eta LAB sindikatuak —ELAk ez zuen parte hartu—. Bederatzi lantalde osatu zituzten, legearen edukiak egituratzeko. Legeak industriaren ekosistemari «marko egonkor bat» eman nahi dio, «enpresak garatu daitezen eta erronka digitalari eta ekologikoari aurre egin diezaieten».

Urte eta erdi iraun duen prozesuan, eragile horietako batzuek ia 300 ekarpen egin dituzte —horietatik %33 aintzat hartu dituzte, eta beste %40 partzialki—. LAB izan da proposamenak egin dituen sindikatu bakarra, baina gehienak atzera bota dizkiote. Adibidez, proposatu zuen enpresek landu beharreko deskarbonizazio planek langile batzordearen oniritzia behar izatea aurrera ateratzeko: «Erronka handia datorkigu, eta ezin dugu hori soilik enpresen eta transnazionalen esku utzi. Guk erraten dugu partekatu behar dela langileen ordezkariekin, prozesu horrek ekar ez dezan enplegua suntsitzea», azaldu du Calderonek.

Udazkenean parlamentuan

Berriki, gobernuak bigarren zirriborroa aurkeztu du, eta ekainaren amaiera arteko epea eman du hari ekarpenak egiteko. Partida ez da hor burutuko: udazkenean parlamentura igorriko dute, taldeek haren edukia eztabaidatu dezaten. «Auzia ez da legea, baizik eta sakoneko eztabaida. Norabide bat markatu behar da. Langileria borrokan ari da industriaren defentsan, eta taldeei eskatzen diegu egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela», adierazi du Calderonek.

Etorkizuneko Industria Lege horrek badu beste helburu bat: EBk bere araudiak barneratzeko eskatuko die estatu kideei eta eskualdeei, eta finantzaketa jasotzeko ezinbesteko baldintza izango da. Hala, Espainiako Gobernua ari da bere Industria eta Autonomia Estrategikoko legea tramitatzen, eta horretan ari da Frantziakoa ere —Industria Berdearen Legea—.

Nafarroak lege propioa onartu bitartean, Maria Txibite lehendakariak apiril amaieran azaldu zuen ez zutela «besoak gurutzatuta geratu nahi» eta Industriaren Inbertsiorako Programaren oinarriak aurreratu zituen: 384 milioi eurotik 545 milioira handituko dute inbertsio publikoa. Nola egingo dute? Laguntza deialdiak, enpresen transferentziak, enpresen kapital parte hartzeak, finantzaketarako erraztasunak eta sozietate zergan aldaketak. Gainera epe luzeko inbertsioak erakartzeko tresna berritzaile bat sortu nahi dute; 50 milioi eurokoa hasiera batean, baina zabaltzeko aukera duela. Europako finantzaketa jasoko du tresna horrek.

Nafarroako Industriaren defentsan milaka herritar atera ziren kalera otsailaren 13an. JESUS DIGES / EFE
Nafarroako Industriaren defentsan milaka herritar atera ziren kalera otsailaren 17an. JESUS DIGES / EFE

Industria Legearen aurreproiektua

  • Gobernantza. Sektore publikoaren eta pribatuaren lankidetzarako, Industriaren Mahaia eratuko dute gobernuko eta industriako eragileek. Batzar bat izango du, eta zuzendaritza bat. 
  • Errotzea. Gobernuak «lurraldean errotutako eta lanpostuak sortzen dituzten» proiektuak bultzatuko ditu, eta lehentasuna emango die ekonomia sozialeko eta familia enpresei, eta lurralde kohesioa aintzat hartzen duten egitasmoei.
  • Prozeduren erraztea. Enpresei dagokien burokrazia arinduko du. Erregulazio txostenak «aldi berean» argitaratzea bilatuko da, eta baimenen jaulkipena malgutu. Leihatila bakarreko sistema ezarriko da enpresen eta administrazioaren harremanetarako. 
  • Berrindustrializazioa. Bere jardueraren %20 edo ehun lanpostutik gora murriztu nahi duten enpresek edo lantoki bat itxi nahi dutenek erabakia gauzatu baino bederatzi hilabete lehenago jakinarazi beharko dute; epe horretan berrindustrializazio baterako aukera aztertuko da.
  • Deskarbonizazioa. Enpresek deskarbonizazio planak landu beharko dituzte: 500 langiletik gorakoak 2028rako; gainerakoek, 2030erako. Bost urteko epean, Net Zero emisio neutraleko lehen industrialdea sustatuko du gobernuak, eta etorkizunean eredu hori bultzatu. Industria sektore guztiak ekonomia zirkularrera eraldatzea ere sustatuko du.
  • Digitalizazioa. Enpresen digitalizazioa bultzatzeko neurriak hartuko dituzte, «batik bat enpresa txikien eta autonomoen artean».
  • Talentua. Atzerrian diren nafarrak lurraldera ekartzeko neurriak hartuko dira, eta industriarentzat «balio erantsi handiko» profesionalak kontratatzeko programak bultzatuko dira.
  • Lehiakortasuna. Nafarroara inbertsioa erakartzeko Sodena sozietate publikoak bultzatutako Invest in Navarra programa indartuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.