Euskal enpresek erabiltzen duten egurraren %68 hemengo basoetakoa da

Egurraren prezioak %5 eta %10 artean egin du gora azken urteetan, Baskegur elkartearen arabera. Produktuari prestigioa eman nahi diote

Federico Saiz Baskegurreko presidentea, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
XX. mendean balioa eta prestigioa galdu zuen egurrak, «ez zen eraikuntzarako material on gisaikusten», eta ikuspegi horrek gaur arte iraun du. Federico Saiz Baskegur Euskadiko Egurraren elkarteko presidenteak adierazi duenez, ordea, joera eta ikuspegi hori aldatzen ari da. Gero eta «balio handiagoa» ematen zaio egurrari, eta bere erabilera hedatzen ari da. Kasu horietan, gainera, hemengo egurra erabiltzen da oro har. Euskal enpresek erabiltzen duten egurraren %68 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako basoetakoa da, eta %30, inguruko autonomia erkidegoetakoa. Ez du zehaztu, ordea, kopuru horretatik zenbat den Nafarroakoa. Erabiltzen den egurraren %2 soilik ekartzen da nazioartetik.

Bestelako joera horren lekuko jarri du Saizek martxoan Hondarribian (Gipuzkoa) eraikitzen hasi ziren Europa hego-mendebaldeko egurrezko eraikin handiena. Vivesa elkarte publikoak sustatutako egitasmoa da, eta han erabiltzen ari diren egur guztia tokiko basoetakoa da. Halako egitasmoak sustatu beharraz hitz egin du Saizek, «horiek bultzatuko baitute egurraren sektorea».

Prezioa gora

Une honetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %2 ordezkatzen du sektoreak, eta 18.000 lanpostu sortzen ditu. Egurraren sektorea indartzen ari denaren lekuko izan daiteke, halaber, egurraren prezioak izan duen bilakaera. Azken urteetan, %5 eta %10 artean handitu da bere balioa. Hala ere, 2008 eta 2009 urteen artean Landetan izandako haize boladen eraginez baso asko erauzi ziren, eta, horren eraginez, egurraren prezioa minimoetara iritsi zen. Krisi hori gainditu, eta balioa hazten ari da apurka. «Merkatu global batean gaude, eta Europan egurraren prezioa hazten ari den heinean, hemen ere gora egingo du», Saizen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.