Euskal Herriak badu zer hobetu produktibitatean eta enpresen sorkuntzan, Gaindegiaren txostenaren arabera

Gaindegiak adierazle sozioekonomikoen aurtengo ondorio nagusiak aurkeztu ditu, Euskal Herri osoko datuak aintzat hartuta. Europarekin alderatuta, Euskal Herriak errenta handia du, baina «adi» erreparatu behar dio gizarte desberdintasunari.

Xabier Oleaga eta Anjeles iztueta, txostena eskuetan dutela, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Xabier Oleaga eta Anjeles iztueta, txostena eskuetan dutela, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko azaroaren 12a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, Euskal Herria herrialde aberatsa da: errenta handia du, eta pobrezia arrisku apala. Gizarte desberdintasunari dagokionez, «erdibidean» dago, eta komeni da horri «adi» egotea, desberdintasuna areagotu baita azken urteotan. Eta badu zer hobetu beste zenbait arlotan, hala nola produktibitatean eta enpresen sorkuntzan.

Horiek dira Gaindegia behategiak plazaratutako azken txostenaren ondorio nagusiak. Euskal Herria, adierazle sozioekonomikoen galeria 2026 da txostenaren izenburua, eta hainbat arlotako adierazleak biltzen ditu. Eskura izan dituzten daturik gaurkotuenak erabili dituzte horretarako, gehienbat 2025ekoak, baina horrelakoak topatu ez dituztenean, 2021-2024 tartekoak ere baliatu dituzte.

Eta, egin ohi duten gisan, Euskal Herri osoari erreparatu dio Gaindegiak. Zazpi herrialdeetako datuak erabili dituzte txostena osatzeko; zenbaitetan, baina, hori ez da posible izan, ez baita erraza Ipar Euskal Herriko datuak eskuratzea Frantziak ezarritako administrazio antolamenduaren ondorioz. Horrelakoetan, Hego Euskal Herriko informazioa eman dute txostenean. «Hutsuneak atzeman ditugunean, nahiago izan dugu hutsune horiek beren horretan utzi, dagokionak neurriak har ditzan»; hala azaldu du Gaindegiko Batzorde Zientifikoko idazkari Xabier Oleagak.

«Dena ez da aberastasuna; hori bezain garrantzitsua da gizarte kohesioa, edo aberastasun hori nola banatzen den»

ANJELES IZTUETA Gaindegiko Batzorde Zientifikoko koordinatzailea

Bost atal landu ditu Gaindegiak adierazle sozioekonomikoen galerian: demografia, ekonomia, gizartea, kultura eta ingurumena. Azken bi horiek berriak dira, eta estreinako aldiz jorratu dituzte aurtengo txostenean.

Errenta biztanleko

2021ean Euskal Herriko biztanleek zuten errenta, hau da, etxeetako diru sarrerak kontsumorako edo aurrezteko, prestazio sozialak gaineratuta eta zerga eta kotizazioak kenduta, 20.880 eurokoa zen. Europako errentarik handienak zituzten herrialdeen artean laugarrena zen garai hartan, eta Luxenburgo, Alemania eta Austria baino ez zituen aurretik. Txostenaren egileek ohartarazi dute «euroak» aipatzen dituztenean, egiatan Eurostatek ondutako neurri batez ari direla, erosteko ahalmenaren parekotasuna izenekoaz, euroak herrialde bakoitzean duen balioaren desberdintasunak zuzentzen dituena. 2023rako Hego Euskal Herriko datuak baino ez dituzte eskuratu ikerketaren egileek, eta hegoaldeko lau herrialdeetan 26.078 eurokoa zen errenta biztanleko; Europako handienetan bigarrena, Luxenburgoren atzetik.

Edonola ere, komeni da datu hori testuinguruan jartzea. «Dena ez da aberastasuna; hori bezain garrantzitsua da gizarte kohesioa, edo aberastasun hori nola banatzen den», esan du Batzorde Zientifikoko koordinatzaile Anjeles Iztuetak. Pobrezia eta bazterkeria arrisku tasari dagokionez, Hego Euskal Herrian %15ekoa da —–ez dago Ipar Euskal Herriko daturik—; Europako onenen artean hirugarrena da. Errentaren banaketari dagokionez, ikerketan erabilitako indizean Euskal Herria 25 eta 30 punturen artekoen multzoan dago, hots, «desberdintasun moderatua» duten herrialdeen artean. Iztuetak nabarmendu du komeni dela «adi» egotea adierazle horri, desberdintasuna handitu baita azken urteotan.

datuak

%4,9

Zer pisu duten kooperatibek Euskal Herriko enpleguan. Kooperatiben arloan, aitzindaria da Euskal Herria, eta lehena da kooperatiben sektorea gehien garatu duten Europako herrialdeen artean. Haren atzetik doaz Italia (%4,5), Finlandia (%3,5) eta Alemania (%2,2).

%71

Euskal Herriko okupazio tasa. Europako hemeretzi herrialdek Euskal Herriak baino okupazio tasa hobea dute, baina, aldiz, oso garatuta dauden zenbait herrialdek okupazio tasa apalagoa dute, adibidez Luxenburgok (%65), Frantziak (%69,3) eta Belgikak (%67,4).

Aberastasuna sortzeko tresnen atalean, berriz, badago zer hobetu, adierazleen galeriaren arabera. Adibidez, enpresen sortze tasa Europako apalenetakoa da, %8,2 2023an. Hiru herrialdek baino ez dute Euskal Herriak baino tasa apalagoa: Italiak, Danimarkak eta Austriak, zerrendaren buruan dagoen Lituaniatik oso urrun —%19,6—. Gainera, ixten diren enpresen tasa eta sortzen direnena oso antzekoa da Euskal Herrian: %7,8.

Produktibitatean ere «hobegarriak» dira Euskal Herriko datuak. Lan egindako ordu bakoitzeko BPG barne produktu gordina 50 eurokoa zen 2023an Hego Euskal Herrian —ez dago Ipar Euskal Herriko daturik—, hau da, Europako 29 herrialdek osatutako zerrendan 11.a da. Iztuetak ohartarazi du normalean produktibitatea soldatekin lotzen dela, baina badaudela beste faktore batzuk horretan eragiten dutenak, hala nola inflazioa, energia, berrikuntza, teknologia eta abar.

Barne produktu gordina

Euskal Herriaren BPG barne produktu gordinaren balioa 42.338 eurokoa da biztanleko, bederatzigarrena 32 herrialdeko zerrendan. Luxenburgo da biztanleko barne produktu gordinik handiena duen herrialdea, 95.125 eurorekin, eta Euskal Herria baino maila apalagoa duten herrialde gehienak Europako hego eta mendebaldekoak dira batez ere. Espainiakoa, adibidez, 34.767 eurokoa da, eta Frantziakoa, berriz, 38.056 eurokoa.

Nabarmentzekoa da Euskal Herriaren barne produktu gordinean manufaktura aurreratuak duen pisua: %21,1 da, eta Europako lau herrialde baino ez ditu aurretik. I+G arloak, berriz, enpleguaren %2,4 hartzen du.

Beste berrikuntza baten berri eman dute Gaindegiko arduradunek: Datu Ataria izeneko datutegia. Euskal Herri osoko datuak bilduko dituzte han, hainbat arlotakoak, eta etengabe joango dira datu gehiagoz hornitzen. Gune irekia izango da, eta, beraz, edozeinek izango du datu horiek kontsultatu eta eskuratzeko aukera, gaindegia.eus webgunean. Gaindegiko arduradunek nabarmendu dutenez, Datu Ataria tresna eraginkorra izango da ikerlari, kazetari eta, oro har, Euskal Herri osoko ikuspegia izan nahi duten guztientzat.

%30,9

Hego Euskal Herrian, zenbat langilek erabiltzen dute euskara lanean, ehunekotan. Gipuzkoak du daturik onena (%55,4), baina igoerarik nabarmenena Araban izan da: %5,8 ziren 1991n, eta %25 hamar urte geroago.

Kulturaren eragin urria

Kultur arloak ekonomian eta enpleguan duen eragina ere jaso dute adierazle sozioekonomikoen galerian. Hego Euskal Herriko datuak bildu dituzte, eta, horien arabera, kulturak enpleguaren %3,4 hartzen du, Europako batezbestekoaren oso azpitik; 35 herrialdeko zerrendan, 30. lekuan dago. Gainera, behera egin du azken urteotan: 2020 eta 2023 bitartean %4 zen. Kulturan egindako gastu publikoa biztanleko 216 eurokoa izan zen 2023an: 31 herrialderen artean 15. postuan dago Hego Euskal Herria.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA